GAUR8

Berdintasunerako Emakunde Sariaren deialdi berri bat abian

Berdintasunerako Emakunde Sariaren deialdi berri bat jarri du abian Lakuako Gobernuak, arloan egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona fisiko eta juridikoen jarduna nabarmentzeko.

Mugimendu feministaren mobilizazioa Donostian, artxiboko irudian.
Mugimendu feministaren mobilizazioa Donostian, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Berdintasunerako Emakunde Sariaren deialdi berria onartu du Eusko Jaularitzako gobernu bileran. Sariaren bidez, jendaurrean nabarmendu eta aitortu nahi da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik azpimarra merezi duten pertsona fisiko edo juridiko publiko nahiz pribatuen jarduna.

Hain zuzen ere, Euskal Herrian emakumeen lana eta ahalduntzea aitortzeari dagokionez alderdi esanguratsuak hobetzeko ekintza, lan edo proiektuak egin dituzten pertsonak, beren jardunarekin emakumearen zeregina aintzat hartzen eta duintzen lagundu dutenak edo sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzen nabarmendu direnak aitortu nahi dira.

Kontuan hartuko diren irizpideak

Sariaren diru kopuru gordina 14.400 euro da, eta nori esleitu ebazteko, epaimahaiak zenbait irizpide hartuko ditu kontuan (kasu bakoitzean, ponderazio berbera izango da), hala nola hautagaiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egindako ibilbidea; emakumeen lana aintzat hartzeko eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzeko edo sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzearren egindako jardun.

Kontuan hartuko da, era berean, ekintza, lan eta proiektuek berez duten garrantzia; jardun, ekintza, lan edo proiektu horiek edota proposatutako pertsona horren ibilbideak gizartean duten oihartzuna eta eragina.