GAUR8

Eskualdeko «harribitxia» den hegaluzea protagonista izango da asteburuan Mundakan

Asteburua hegaluzeari dedikatuta egongo da Mundakan. Musika, tailerrak, dastatzeak eta aditu eta arrantzaleen gogoetak daude hiru eguneko egitarauan, orainari, etorkizunari eta «itsas harribitxi» horrek mundakarren sustraietan eta nortasunean utzitako arrastoari begira.

Hegaluzearen inguruko tradizioak, arrantzaleen eta adituen gogoetak, musika eta proposamen gastronomikoak biltzen ditu Mundakako hitzorduak.
Hegaluzearen inguruko tradizioak, arrantzaleen eta adituen gogoetak, musika eta proposamen gastronomikoak biltzen ditu Mundakako hitzorduak. (Jon URBE | FOKU)

Hurrengo asteburuan, Mundakan, hegaluzea protagonista izango duten hainbat jarduera izango dira jai giroan. Perondo Kultur Elkarteak antolatu du egitaraua, «gure eskualdeko altxorrik preziatu eta enblematikoenetako bat» den hegaluzeari balioa emateko. Ekitaldiak 28an hasi eta 30era arte luzatuko dira, ‘Itsasotik Mundakara: Hegaluzea’ lelopean.

«Itsas harribitxi honek betidanik markatu du gure izaera arrantza-herri gisa, zeinaren sustraiak historiaz beteriko itsaso zahar baten sakonean hondoratzen biatira», azaldu du elkarteak ohar batean.

Nabarmendu duenez, hegaluzea ezaguna da zapore eta kalitate bikainagatik, baina «tokiko nortasunaren parte integrala izan den espeziea da». Gogora ekarri du elkarteak «gure arrantzaleak altxor urdin horren bila atera» direla, «gure itsas tradizioen harrotasuna eta jasangarritasunarekiko eta oreka ekologikoarekiko errespetua berekin emanez».

Ekitaldiak ostiral arratsaldean abiatuko dira. 17.30ean izango da irekiera, eta Aztik eskainiko duen ‘Atunen markaketa’ formakuntza saioa izango da lehen proposamena.

Herriko arrantzaleak

Dorot eta Juan Badiola Mundakako azken arrantzaleei egindako elkarrizketarekin jarraituko da egitaraua, eta ‘Uztartze-dastatzea’ eskainiko du ondoren. Kalejira ere gingo dute herriko kaleetan zehar.

Izan ere, dastatze saioak izango dira egitarauaren ardatz nagusietako batzuk hiru egunetan zehar, eta gastronomiari dagokionez, «belaunaldiz belaunaldi transmititutako errezeta klasikoetatik hasi eta sukaldaritzako sorkuntza modernoetaraino» eramango duten proposamenak daudela aurreratu dute.

Artisau Azoka ere prestatu dute, hainbat dastatze-uztarketarekin batera. Aurreratu dutenez, «sommelier eta chef adituek hegaluzearen zaporeak nabarmentzeko bereziki aukeratutako tokiko ardoekin egindako dastaketak» gidatuko dituzte.

Hitzaldiak eta tailerrak ere aurki daitezke egitarauan, «arrantza iraunkorreko adituek, itsas biologoek eta bertako arrantzaleek itsas ekosistemari buruzko ezagutzak eta esperientziak» partekatzeko.

Musika eta gorputz adierazpeneko dantza izango dira hiru egunetako jaiaren beste osagai nagusiak, bertoko musikarien eskutik, «gure itsas sustraiekin» konektatuz.