GAUR8

Maroñoko urtegiaren ingurua egokitzeko lanak egingo dituzte

Aiarako Maroñoko urtegiko urbazterrak egokitu eta ingurumenaren aldetik lehengoratzeko lanak esleitu dituzte. Begiratokian eta parkera joateko zidorrean zentratuko dira lanak,  hondakinak kendu eta landaredia zainduz, eta urtegiaren isatsean landuko den proiektura gehitzen dira.

Maroñoko urtegia, artxiboko irudian.
Maroñoko urtegia, artxiboko irudian. (Juanan RUIZ | FOKU)

Ingurunea egokitzea eta ingurumen aldetik lehengoratzeko lanak izango dira Aiarako Maroñoko urtegian egingo direnak. «Begiratokiaren eremua eta Letobarri parkera joateko oinezkoentzako zidorra lehengoratuko dira», zehaztu dute Arabako Foru Aldundiko iturriek, helburu nagusia ingurune osoaren paisaia baldintzak hobetzea dela argituz.

Proiektuak jasotzen dituen lanen artean: hondakinak kendu, saneatzeko tratamenduak egin eta urbazterreko landaredia hobetu eta landare lurra ematea daude, substratu eskaseko eremuetan. Era berean, aurreikusita daude ereiteak eta zuhaitz eta zuhaixka autoktonoen landaketak egitea «iragazki berderako urbazterreko zerrendetan eta babes itxituretan»

«Aisialdirako erakargarritasuna handitu»

Proiektuak ia 128.500 euroko kostua du eta hiru hilabeteko epean burutu behar dute.

Aldundiak zehaztu du, Diputazioak berak eta Lakuako Gobernuak Aiaraldeko Berehalako Jarduera Planean jasotako proiektuaren barruan dagoela esku hartzea, ingurumenari eta mugikortasun jasangarriari lotuta.

Izan ere, zonaldeko konektibitatea eta mugikortasun jasangarria azpimarratu ditu Amaia Barredo diputatuak proiektuaren inguruan, eta aisialdirako erabilera ere aipatu du: «Maroñoko urtegiaren urbazterreko ingurunea egokitzeko eta ingurumen aldetik lehengoratzeko esku hartze honek aukera emango digu inguruak Aiarako bihotzean aisialdirako duen erakargarritasuna handitzeko».