GAUR 8

ClimAlert: lehorte, sute eta uholdeen alerta goiztiarrerako Europako plataforma

NEIKER zentro teknologikoak, Europako beste eragile batzuekin batera, ClimAlert plataforma digitalaren garapenean parte hartu du, urari lotutako arrisku klimatikoak aurreikusteko. Xedea da Lurzorua Babesteko EBren 2030erako Estrategian finkatutako helburuak betetzea.

Lehorte baten artxiboko irudia.
Lehorte baten artxiboko irudia. (NEIKER)

Ziurgabetasun meteorologikoa gero eta nabarmenagoa delarik planetan, ClimAlert plataforma irtenbide gisa aurkezten ari da, gizartea fenomeno atmosferiko kaltegarrien aurrean informatuta mantentzeko planetako gune kaltetuenetako batean, Europa hegoaldeko eskualdean.

Hainbat iturritako datu meteorologikoetan eta sarbide libreko datuetan oinarritutako tresna digitala da, eta alerta aurreratuak eskaintzen ditu muturreko baldintza meteorologikoei buruz, hala nola uholdeei, lehorteei, lurzoruaren higadura arriskuari edo suteei buruz.

ClimAlertek klima aldaketa eskualdean eragiten ari den ondorio gero eta agerikoagoei erantzun nahi die, horien artean egonik tenperaturen eta itsas mailaren igoera, beharrezkoa baita horietarako neurri aurreratu eta berritzaileak hartzea.

NEIKERek, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, ClimAlert ekimenaren garapenean parte hartu du, zeina hainbat informazio iturritatik elikatzen baiten, SUDOE lurralde osoko estazioen datu meteorologikoak zein gizarte osoarentzat eskuragarri dauden datu satelitalak bilduz, hala nola Europako Espazio Agentziaren Sentinel eta NASAren Landsat sateliteetakoak.

«Informazio guztia bilduta, plataformak aukera ematen du aldagai klimatikoak aztertzeko, horien artean eremu espezifiko bateko tenperaturak edo prezipitazioak, bai iraganean, bai etorkizun hurbilean. Gainera, alertak igortzeko aukera gaitu daiteke muturreko baldintza meteorologikoak gertatzen badira», Gorka Landeras NEIKEReko Landare Babes eta Ekoizpen departamentuko ikertzaileak azaldu duenez.