GAUR8

Lezon, argazki lehiaketa antolatu dute udal egutegia osatzeko

Lezoko 2024ko egutegia herritarrek osatuko dute argazki lehiaketa baten bidez. Herriko tokiak eta herriarekin lotutako momentu bereziak dira irudi horientzako gaiak, eta hamabi finalista eta irabazle bat aukeratuko dira.

Zaldiak Lezoko larreetan, artxiboko irudian.
Zaldiak Lezoko larreetan, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

2024. urteko egutegia osatze bidean dago Lezon. Izan ere, herritarrek bidalitako argazkiekin ondu nahi dute ale berria, eta «herriko toki edo monumentu kuttunen irudiak bidaltzeko eskaera» luzatu die Udalak herritarrei.

Herriko plazak, festak, inauteriak, egunsentiak, mendiko bazterrak... izan daitezke inspirazio iturri, Mikel Arruti Lezoko alkatearen esanetan. Agazkiak azaroaren 30era arte aurkeztu ahal dira, eta horien artean 12 finalista aukeratuko dira urteko hamabi hilabeteei irudia jartzeko.

Irabazlearen argazkia egutegiaren azalean agertuko da, eta 200 euroko saria izango du herriko dendetan erosketak egiteko.

Abenduaren 30era arte

Argazki argitaratu gabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak izan behar dira. Parte hartzaile bakoitzak bost argazki aurkeztu ahal izango du gehienez. Arauek argitzen dute, halaber, lehenengo edo erdiko planoan norbait azaltzekotan, pertsona horren baimen esplizitua eskatuko dela.

Argazkiak Lezoko Udalaren webgunean egokitutako atalera helerazi behar dira edota Donibaneko kaleko Kultura sailean, 8.30etik 13.30era. Lanak aurkezteko epea abenduaren 30ean bukatzen da.

Epaimahaia argazkigintzarekin, arte munduarekin eta komunikazio arloarekin lotura duten pertsonak osatuko dute, zehaztu du Udalak. Abenduaren 1ean jakinaraziko dira irabazlea eta finalistak, eta 13an aukeratutako 13 argazki ikusgai izango dira webgunean eta Kultura Aretoan. Egutegiaren banaketa abenduaren 18an egingo da.