GAUR8

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Artisau Azoka egingo dute bihar Zugaztietan

Ortuariak, gazta, txakolina, ogia eta baserriko ohiko produktuek beteko dituzte bihar saltokiak Zugaztietan. Artisau lanak izango dira hitzorduaren beste protagonista nagusiak, eta abelburuak. Herri kirolak dira azokaren beste osagaietako bat, eguerdian hasiko dira.

Azokaren XXII.edizioa ospatzen da bihar Zugaztietan.
Azokaren XXII.edizioa ospatzen da bihar Zugaztietan. (Juan Carlos RUIZ)

Abelburuak, baratzeko produktuak eta artisau lanak bilduko dituen azoka itzuliko da bihar Zugaztietako kaleetara. Erakusle gehiago izango ditu hitzorduak aurten. Guztira 45 saltoki jarri dituzte, aurreko urtean baino hamabost gehiago.

Traparango Udaleko Kultura eta Turismo Sailak Ronda Abeltzainen Elkartearen laguntzarekin antolatuta, azokaren XXII. edizioa da aurtengoa. Abelburuei eskainitako gunean, zaldiak, ardiak, ahateak eta behiak ikusi ahal izango dira, besteak beste. Elikagaien atalean, ohiko eskaintza anitza espero da, eta artisauen lanek ere bisitari ugari erakarriko dute.

Gazta eta txakolina

Azokaren inguruan, gainera, hainbat jarduera izango dira goizean zehar. Nekazaritzako produktuak, gazta eta txakolina dastatzeko aukera izango da 11.00etatik aurrera, Zugaztietako patioan. Horietan parte hartzeko, izena eman behar dute bisitariek azokaren kartelean aurkituko duten QR kodearen bidez. Bihar bertan izena emateko aukera izango da, plazak bete arte.

Txikienek tailerrak eta puzgarriak izango dituzte 12.00etatik aurrera pilotalekuan, eta helduek txosnen eskaintza izango dute azoka gunean. Eguerdian, gainera, herri kirolen erakustaldia egingo dute Aterpean. Bertan, Gizonezkoen Open Bizkaiaren finalak jokatuko dira, ingude jasotzean eta txinga erutean.

Garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin du Udalak. Gainera, azoka dela eta funikularraren zerbitzuak indartuko dira, eta 15 minutuko frekuentziak izango ditu.