GAUR8

Abian dira CAF-Elhuyar sariak, zientzia eta teknologia arloko euskarazko lanak sustatzeko

Zientzia eta teknologia arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzea helburu duten CAF-Elhuyar sarien edizio berri bat jarri dute abian. Lanak aurkezteko epea apirilaren 1era arte egongo da zabalik.

Sarien edizio berriaren kartela, irudian.
Sarien edizio berriaren kartela, irudian. (Elhuyar)

«Zientzia eta teknologia arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea» helburu duen CAF-Elhuyar sariketaren edizio berria jarri dute abian. ‘Konta(kta)tu’ lelopean, lanak uztailaren 1era arte aurkeztu ahal izango dira, Elhuyar Fundazioaren webgunean.

Lau kategoria ditu lehiaketak: Dibulgazio-artikulua, Doktore-tesiaren artikulua, Zientzia-kazetaritza eta Sorkuntza-beka, eta antolatzaileek azaldu dutenez, zientzilariak eta zientziazaleak «kontatzera eta konektatzera» animatu nahi ditu edizio berriak.

Lehen hiru kategorietako lan irabazleek 2.000 euroko saria, ‘Elhuyar’ aldizkariko urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura jasoko dituzte.

Sorkuntza-bekari dagokionez, aukeratutako proiektuaren egileek 5.000 euroko saria jasoko dute egitasmoa garatzeko, eskulturaz gain. Atal honetan, zientzia edota teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak bilatzen ditu deialdiak.

Aipatutako sariez gain, Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako euskal zentroak 2.000 euroko saria emango dio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari.

Elhuyar Fundazioak antolatzen du deialdia CAF enpresarekin batera eta Neiker zentroaren babesarekin, eta nabarmendu dutenez, bi helburu ditu: egileak (zientziazaleak, zientzialariak, eragileak) beren jakintza, ikerketa edo egitasmoen berri ematera bultzatzea, alegia, kontatzera gonbidatzea» eta, «jendearen kezkei, beharrei edo interesei erantzutea, hau da, gizartearekin konektatzea».