GAUR8
Gaur X urte

Igeltsera gaztetxea okupatu zuten gaur 19 urte Urduliz eta Sopelako gazteek

2005ko apirilaren 16an, gaur dela 19 urte, Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak Mecánica de la Peña enpresa ohiaren lantegiko pabilioietako bat okupatu zuen. Igeltsera izenpean, gaztetxe bat sortzeko proiektuari ekin zioten. Ia bi hilabete eman zuten bertan, Ertzaintza desalojatu zuen arte.

Igeltsera gaztetxearen desalokoa salatzeko mobilizazioa Urduliz eta Sopelan.
Igeltsera gaztetxearen desalokoa salatzeko mobilizazioa Urduliz eta Sopelan. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Saiakera ugari burutu ondoren, 2005ko apirilaren 16an Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak (SUGA) antzineko Mecanica de la Peña eraikina okupatu zuen Igeltsera gaztetxea sortzeko. Sopela eta Urduliz herriak elkartzen dituen errepidearen alde batean kokatuta zegoen, Urduliz udalaren mugen barruan eta Sopelarantz joaten ezkerretara azken eraikuntza izanik.

Okupatu bezain laster, Ertzaintza agertu eta 56 pertsona identifikatu zituen, baina desalojatzeko agindurik ez zuen eta bertatik joan ziren.

Hasieratik lanari ekin zioten gazteek, lan egiteko metodologia zehaztuz eta asanblerismoa eta autogestioa tresnatzat hartuz, hutsik zegoen lokalari bizitza emanez. «Ez gaude prest kultura eta aisialdiaren gestioa enpresa pribatuen esku uztera, erantzukizun hori herriari dagokiola uste baitugu eta gazte asanbladatik hori bultzatuko dugu», adierazi zuen SUGAk ohar baten bitartez.

Baina proiektuak ez zuen asko iraun. Maiatzaren 24an, goizean goiz, Ertzaintza Igeltsera gaztetxearen barruan sartu zen, eta bertan zeuden gazteak bota zituen.

Lau egun geroago, ‘Igeltsera bizirik, gaztetxea lortuko dogu’ lelopean 250 bat gazte manifestazioa egin zuten.