Eta emakumea izanda...?
Aurten ere Durangon izan gara. Urtero bezala denetik egongo da; zorionez, gazte asko, dio autobuseko atzeko eserlekuan doan batek. Baietz, haren ondoan doanak, gero esango dute edukiontziak erre besterik ez dutela egiten. Bai, hemen direla sakelakotik bista altxatuko dute sikiera. Gu normalean normaltasunetik ateratzearren joaten gara, eta normaltasunetik ateratze horrek bere errituala dauka, lanera, arrandegira edo komunera joateak bezala. Haraxe abiatu gara autobusetik jaitsi orduko, geltokiaren pareko tabernara. Eta kafe bat hartzera. Pintxorik ez? Gero. Tortillarik nahi ez baduzu, urdaiazpikoa ere badaukazu. Ez naiz gose.
Tabernatik irten eta kantoi batean pankarta bat ikusi dugu: “TSJPV euskararen aurkako oldarraldiaren aurka”. Ezin liteke. Hara hurbildu eta oker irakurri dugula ohartu gara; hala ere, hasieran uste izan duguna bezain ironikoa da testua: “CCOO euskal kulturaren alde”. Cousas veredes.
Sartu gara Landakora. Jendetza. Buelta arin bat egin ostean, kalera goaz, pintxo bat jatera. Beste tortilla bat...? Hori laugarrena duzu.
Ordu biak aldera, jendea pintxoak jatera edo bazkaltzera ateratzen denean, gu bai argiak, berriro sartu gara, eta hainbeste jende irtendakoan ere lepo dago, nola liteke?
Lehen sartu-irtenean Katixa Agirre ikusi dugu, ea oraindik bertan dagoen. Haren azken nobela oparitu nahi dugu; izan ere, Durangok daukan pagotxa da liburu bat Gabonetan oparitzeko erosita, erregalua eman baino lehen irakurtzeko astia ematen dizula.
Bai, hor dago, eta berarekin Karmele Jaio. Potato power, esan du baten batek aldamenean. Zer...? A, klaro, gasteiztarrak biak. Orain urtebete Mendizorrotzan Jon Maiaren “Kantu bat gara” ikuskizunean Jaiok parte hartu zuela etorri zait gogora, eta bertan Arabako euskalgintzari egin zion omenaldia: «eta zuk nola dakizu euskaraz, Gasteizkoa izanda? Noiz arte Araba euskaldun berri?», galdetzen zuen, «noiz arte euskaldun erdi? Noizko euskaldun herri?».
Stand berean, Xabier Mendiguren. Imajinatu nuen duela 30 urte, esate baterako, adituren bat esaten lumarekin iaioa zela... beasaindarra izanda. Edo gaur egun, goierritarra izanda, euskal literatura eta kultura gutxik bezala ezagutzen dituen horren meritua nabarmentzen... Astigarragan bizi da, ordea.
Ez da meritu makala Gasteizkoak nahiz Andoaingoak izanda gaurko euskal literaturaren adierazgarri nagusietakoak izatea. Orain horren aspaldi ez dela ez zen entzungo ezta «emakumeak izanda» ere, eta are gutxiago obra literario nabarmena dutela, baizik eta, beste hainbat arlotako emakumeen inguruan bezala, haien lekua zela “Barne zerbitzuak” eleberriko protagonistena: anonimatua eta ahanztura.
Euskal literaturaren aldaketarik nabarmenena, zalantza izpirik gabe onerako, emakumeek egindakoa izan da, gaiei eta eta hizkuntzari dagokienez. Mundu ikuskera berria, aire freskoa ekarri dute euskal literaturara. Baina hori, besteak beste, Joseba Sarrionandiak aspaldi esan zuela uste dut.
Hori guztia pentsatu dut lau minutu eskasean, eta konturatzerako etxerako ordua da. Durangotik irtetean, Gasteizko bidea hartuta, pentsatu dut baten batek esango ote zuen orain dela berrogeitaka urte Sarrionandia, ia umemoko edo txorbito bat zela, mutil horrek oso ondo eskribitzen zuela, Durangokoa izanda. Orain dela lau urte pasa bueltatu zenean, ez zeukaten gauza bera esaterik, baina bai, esate baterako: normal, iurretarra izanda... •


