{ KOADERNOA }

Espazio intimo bat

Gorputzaldi arraroarekin igo nituen eskailerak, norbaiten intimitatea urratzen ari nintzenaren sentipen intrusibo batekin. Sentsazioa handitzen ari zitzaidan pipiak jandako oholak zapaldu bitartean. Egur zaharraren kirrinka bakoitza bertan bizi izandako baten baten kexua iruditzen zitzaidan. Izenez ezagunak zitzaizkidan bertan noizbait etxeko izan zirenetako batzuk, baina nik beti hutsik topatua nuen baserri zahar hura.

Etxeak muga bat ezartzen du: kanpoko munduaren eta barrenekoaren artekoa. Karmele Jaiok “Aitaren etxea” eleberrian zion etxeak ez direla lekuak, gurekin batetik bertzera mugitzen diren atmosferak baizik. Gurean baserria bizileku fisiko pribatu bat izatetik harago, instituzio ekonomiko, sozial eta erlijioso garrantzitsua izan da urteetan zehar, eta bertan bizitzea ez da soilik espazioa erabiltzeko ekintza bat izan. Iragan hurbilean, baserrietan etxekoa izateak zerbaiten parte zinela erran nahi zuen. Nonbaiteko eta norbaiten kide. Baserria zen intimitatea posible egiten zuen egitura material eta sinbolikoa; barreneko mundu partekatu hura sortzen zuena. Horren jakitun ari nintzen zer eta baserri erraldoiaren leku ezkutuenera igotzen: ganbarara.

Ikerlan bat egiten ari ginen XX. mendean Bortzirietako baserrietako ganbarei ematen zitzaien erabilerari buruz. Funtzionalki, biltegia zen ganbara (“birringoia”, “birringottia” edo “desbana”). Alde bat irekia izaten zuen gehienetan, paretarik eta leihorik gabe, hegorantz zuzenduriko fatxada izaten zena normalki. Baserriko abereak hornitzeko erabilitako uzta eta pikorra gorde eta lehortu ahal izaten zen bertan, baita bertzelako elikagai eta lanabesak ere. «Kanpotik ez da ekartzen errex/ etxean egin al bada/ udazkeneko giro onetan/ jeneroz bete ganbara/ gero neguan bear danean/ billatuko da an bada», Manuel Lasarteren bertso zaharrak lekuko.

Ate itxi baten intimitate araua ulertuko ez banu gisan bultzatu nuen ate sendorra. Gaztaina edo haritza izanen zen, eta erraz ireki zen. Solairu erdi-erori bat ageri zen. Armiarma sareak eta belar idorra nonahi. Xaguxarrak eta arto-hostoak. Ematen zuen egun batetik bertzera alde egina zuela bertan bizi zen jendeak, eskapo, gauzak txukun biltzeko tarterik hartu gabe. Fatxada biluzitik sartutako haizeteek mugiaraziak zituzten bertan gelditzen ziren erresto guztiak: ontziak, alanbreak, arropak, altzari puskak…

Etxe baten ganbara beti iruditu zait leku misteriotsua. Funtzio praktiko bat izateaz gain leku geldo eta estankoa da, zirkulazio urrikoa. Bertan gauzak gutxi aldatzen dira, denborarik pasako ez balitz bezala. Ailegatzea ere gehien kostako zaizu ziurrenik, goitiko partean kokatzen baita, eta baserriko bertze logelak igaro beharko baitituzu bertara iristeko. Ezkutaleku intimo bikaina, beraz. Izan ere, espazio intimoak ez dira leku abstraktuak. Leihoak, egurrak, ateak, argiztapenak eta koloreak dituzte. Intimitatea toki eta une jakin batean gertatzen da, gorputzak eta inguru fisikoak hartu-eman berezi bat osatzen dutenean. Gauzak horrela, fisikoki ere zeharka daiteke intimitatea.

Azken urteetan espezie sinantropoek soilik okupatzen zuten baserri zahar hura; xaguek, arratoiek edo labezomorroek. Erortzen hasia zen dagoeneko, baina ganbara horrek intimoa izaten segitzen zuen. Imajinatu nituen bertan bizilagunak arto-xuriketan kantari, arrosarioa errezatzen, belarra igotzen, kontrabandoko paketeak ezkutatzen, errezil-sagarrak eta anis-sagarrak egurrezko apaletan paratzen elkar ukitu gabe, edo ilarra maindireetan pilatu eta zintzilikatzen.

Eta orduantxe ohartu nintzen zein beharrezkoak ditugun espazio intimoak bizirauteko. Komunek, sukaldeek, eskolek, lantokiek edota ostatuek bezala, funtzio bat betetzen dutelako guretzat. Ezin dira diseinatu, eta zuk eta nik, segur aski ez dugu beti leku bera ikusiko eta sentituko espazio intimotzat. Leku intimoak ezin dira aitzinetik sortu edo bortxaz eraiki, eta eskerrak. Akaso hori da duten magiarik ederrena. •