GAUR8

Urubiak, kaskabeltzak, amilotzak... jaiotzen hasi dira

Jaio dira lehen txitak habia kutxetan, eman du jakitera Parkea Bizirik Kukulunbera kolektiboak basoetan hegaztiei laguntzeko jarritako habia kutxa horiek gordetzen duten naturaren xarma eta horretan lagundu nahi duten gero eta lagun gehiagoren laguntza eskaintza nabarmenduz.

Kaskabeltz handi emea txitekin habia kutxa batean.
Kaskabeltz handi emea txitekin habia kutxa batean. (Parkea Bizirik)

Habietan hasi dira txiten soinuak entzuten. Parkea Bizirik Kukulunbera talde kontserbazionistak ohar bidez jakinarazi du urubiak, kaskabeltzak edota amilotzak bezalako hegazti espezieak jaiotzen hasi direla Donostiako Ulia mendian, Astigarragan, Oreretan eta Aiako Harriko Parke Naturaletan jarritako habia kutxetan.

Jaiotza berri horien kronikatxoa ere egin du talde ekologistak, habiak egiteko garaian txori horiek egiten dituzten ahaleginak eta joan-etorriak gogoratuz. Zehaztu dutenez, goroldioa, belardi eta artile bilketa egiten ohi dute aurrenez ohe bero bat lortzeko. Errunaldia egin behar dute ondoren, eta behin txitoak jaiota, elikatzeko behar dituzten intsektuak eta larbak lortzeko garaia da.

Jarraitzaile asko izaten dituzte taldeak ugalketan laguntzeko urtero prestatzen dituen kutxa horiek eta, horrela, naturarekiko zaletasunak hazten jarraitzen duela azpimarratu du. Adierazi duenez, leku askotatik heltzen dira «habia kutxak eskegi eta mantendu» eta naturari lagundu nahi diotenen mezuak: «Lasarten, Lezon eta Pasaian, Intxaurrondon, Berion eta Txoritokietan», baita Gabirian, Galipentzun edota Landetan eta Biarnon ere.

«Astigarragako basotxoan iluntzen ari da, eltxoak zirikaka ari dira eta hegazti kantarien abesbatza ozenki igarri da. Hori al da Planetan gero eta jende gehiagoren paradigma berria? Badirudi hori galdetzen edo ospatzen dutela», adierazi du habia kutxen esperientzia hamarkadetan zehar garatu duen taldeak.