Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Gaur X urte

Duela hamar urte ‘#JeSuisCharlie’ esan genuen

‘Charlie Hebdo’ aldizkari satirikoaren erredakzioaren aurkako eraso bortitzarekin hasi zen 2015 urtea, urte latza izango zena Hexagonoan. Mahomaren karikaturak publikatzeagatik, hamazazpi lagun hil zituzten ISISeko bi ‘otso bakartik’.

Baionan egin zen manifestazio handiaren irudia.
Baionan egin zen manifestazio handiaren irudia. (Sylvain SENCRISTO)

Urte hasiera gogorra izan zuen Estatu frantsiarrak 2015ean, EI Estatu Islamikoari eta Al-Qaedari loturikoak. Dabi Lazkanoiturburuk 2016an, GAUR8n bertan aipatzen zuenez, «ISISeko ‘otso bakartiek’. Estatu frantsesa dute helburu aspalditik, 2015 hasieratik nabarmendu den bezala (...). Frantziako hiriburuak bere irailaren 11 partikularra pairatu du amaitu berri den urtean».

2015a gogor hasi zen: urtarrilaren 7ko ‘Charlie Hebdo’ aldizkari satirikoaren kontrako erasoarekin hasi, eta Polizia eta supermerkatu baten aurkakoarekin jarraitu zuten; guztira hamazazpi lagun hil zituzten hilabetean.

Iritzi publikoa gogor jo zuten gertakari hauek. Urtarrilaren 7an, Pariseko XI. barrutiako Nicolas-Appert kaleko bulegoan ‘Charlie Hebdo’ aldizkariko zuzendaritza bilera bat egiten ari zela, burua estalita eta beltzez jantzita zihoazen bi lagun erredakziora sartu ziren kalaxnikov arma automatikoak eskuan. Zenbait iturriren arabera 30 bat tiro egin zituzten.

Hamabi lagun hil zituzten, hamar kazetari eta bi polizia. Lekukoen arabera, Al-Qaedakoak zirela esan zuten erasotzaileek. Oihartzun handia izan zuen atentatuak, munduan zehar protestak eman ziren.

Aldizkari satiriko hau 2006. urtetik ari zen mehatxuak jasotzen, Mahomaren karikaturak publikatu zituenetik, eta, hain zuzen, irudi horien ondorioz egin zuten haren aurkako sarraskia. Hamar urtetan, Islamari buruzko sei azal argitaratu zituen aldizkariak.

Philippe Lançon marrazkilaria bizirik atera zen eta liburu batean islatu zuen han bizi izandakoa. «Atentatua gertatu eta lau egunera, urtarrilaren 11n, mundu guztia Charlie sentitzen zen –irakurri genion NAIZ-ek egin zion elkarrizketan–. #JeSuisCharlie aldarriak Parisko eta Frantziako gainerako hirietako kaleak bete zituen, baina ‘2015eko urtarrilaren 7ko 10.30ak aldera Frantzian ez zegoen Charlie zen jende askorik’».