GAUR8

Iaz %19an hazi zen Irungo Oiasso Museoak 2024an jazotako bisitarien kopurua

Irungo Oiasso Museoan %19 hazi da bisitarien kopurua 2024ko datuen arabera. Gipuzkoarrak dira bisitari gehienak, hazten jarraitzen dute Euskal Herriko beste herrialde batzuetatik etorritakoek eta nabarmen igo da Madril, Valentzia, Katalunia edota Gaztela eta Leoneko turisten kopurua.

Irudian, udal agintariak eta Oiasso Museoko arduradunak balantzearen aurkezpenean.
Irudian, udal agintariak eta Oiasso Museoko arduradunak balantzearen aurkezpenean. (Irungo Udala)

Oiasso Museoak 38.634 bisitarirekin itxi du 2024. urtea, eta kopuru horrek «marka guztiak hautsi» ditu. %19 hazi da 2023. urteko datuekin alderatuta, orduan 32.388 bisitari izan baitziren.

Erromatar museoaren publiko gehiena Gipuzkoatik dator (% 59), eta hazten jarraitu du Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) kanpoko bisitarien kopuruak, baita Estatuko gainerako Madril, Katalunia, Valentzia, Aragoi, Gaztela eta Leonetik etorritako bisitarien kopuruak ere. Estatu espainolekoak museoaren bisitari guztien %23 dira, 2023an baino %52 gehiago.

Erakusketa iraunkorra eta aldi baterako erakusketak izan ziren museoaren urteko programazioaren apustu nagusiak. Oiasso zaharreko aztarna arkeologikoen bilduma duen erakusketa iraunkorrak 13.226 bisitari bildu zituen, aurreko ekitaldian baino %58,6 gehiago, orduan 8.339 bisitari izan baitziren.

‘Megalitoak. Espazio sakratuek eta lurralde-erreferenteak’ edo ‘Ellas hablan’ bezalako aldi baterako erakusketek ere hazkunde nabarmena izan dute, 8.261 bisitarirekin, hau da, 2023an baino %11,5 gehiago.

Irungo museoak ere baditu bisitarien kopuruaren igoera azaltzen duten beste erreferentziazko proposamen batzuk, hala nola Dies Oiassonis jaialdi erromatarra, aurten bere publikoa apur bat handitu duena, 5.485 lagunekin.

Bidasoako Arkeologia Zinemaldiko (FICAB) bisitarien kopurua handitu egin da aurten, 2.049 bisitarirekin, 2023an baino %31,3 gehiago, eta Irugurutzetako bisita gidatuek 886 bisitari izan zituzten.

Temak, irekita ekaina aldean

Bestalde, aurrera doan terma erromatarren proiektua. 21 hilabeteko lanen ondoren, urte erdialderako irekitzea aurreikusten da. Proiektuak bi milioi euroko finantzaketa du, Europar Batasunak finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik (NextgenerationEU) datorrena.

Helburua da Oiassoko termak balioestea eta bisitagarri bihurtzea, museoaren digitalizazioa eta Irun helmuga turistiko adimendun bihurtzeko beste neurri batzuk gehituta (digitalizazioa, seinaleak, komunikazioa eta irisgarritasuna hobetzeko neurriak).

Duela ia 20 urte sortua, hiria bultzatzeko proiektu estrategikoa dela adierazi zuen Cristina Laborda alkateak. «Dimentsio historikoa emateaz gain, Irun helmuga turistiko erakargarri gisa kokatzen du, ondare historiko eta kultural aberatsarekin", nabarmendu zuen.

Proiektua urtarrilaren 23an aurkeztuko dute lehenengoz Madrilen Nazioarteko Turismo Azokak (FITUR).