Heriotza bat Atxondon, Miren Artetxek ‘Geuretik Sortuak’ ekimenaren baitan sortuko duen ipuinaren muinean
Miren Artetxe Sarasola bertsolari eta ikerlari hendaiarrak Atxondon garatuko du ‘Geuretik Sortuak’ ekimenaren barruan landuko duen sormen proiektua. Aurreratu dutenez, heriotzaren inguruko gogoeta dago Atxondon kokatuta egongo den ipuinaren muinean. Sortzaileak egonaldia egingo du herrian.

Udalbiltzak antolatutako ‘Geuretik Sortuak’ egitasmoaren hirugarren edizioan 30 sortzailek garatuko dituzte kultur egitasmoak udalerri ezberdinetan.
Atxondo da udalerri horietako bat, eta Udalak nabarmendu duenez, Durangaldeko udalerria Miren Artetxe Sarasola bertsolari eta ikerlari hendaiarraren sormen lanaren kokapena izango da.
«Artetxeren sormena eta Atxondo ipuin batek lotuko ditu», azaldu dute udal iturriek. Istorio horren muinean heriotza eta haren inplikazioei buruzko hausnarketa egongo dela aurreratu dute.
«Horrela, Atxondotik abiatuta, unibertsala den gaiaren askotariko ertzak jorratu gura ditu», azaldu dute udal iturriek. Proiektua garatzeko, gainera, egonaldi bat egingo du Artetxek Atxondon «inspirazio iturri gisa».
Azaldu dutenez, egonaldian, herriko askotariko jende-taldeekin egongo da, «herriko bizimodua, ohiturak eta errealitatea bertatik bertara ezagutzeko». Atxondarrekin partekatutako esperientzia horretan, irekiak diren ekitaldiak antolatzeko asmoa ere baduela zehaztu dute.
Artetxek berak adierazi du «oso pozik» dagoela egonaldia Atxondon egitearekin, «nire eguneroko errealitatetik urrun geratzen delako eta Anbotoko edertasun handi horren barruan dauden edertasun txikiak bilatzen aukera izango dudalako».
Sortzailea harremanetan dago udal ordezkariekin proiektuari forma emateko.
