Naziek burua moztu zioten Hans Scholl erresistentziako kideari
‘Arrosa Zuria’ erresistentzia taldeko kide izateagatik moztu zioten burua Hans Scholl gazteari, 24 urte zituela gaur bezalako egun batez.

Duela 82 urte hil zuten naziek Hans Scholl Munichen burua moztuta. ‘Arrosa Zuria’ izeneko erresistentzia taldean parte hartzeagatik zigortu zuten, eta heriotza zigorrera kondenatu bere arrebarekin batera.
Schollen pentsaera oso modu azkarrean aldatu zen. Izan ere, nerabezaroan aitaren aholkuei muzin eginez, (aita nazismoaren aurkakoa zen), Gazte Hitleriarrengana batu zen. Baina han ikusitako bortizkeriaren eta autoritarismoaren eraginez, 1939an, Hitlerren aldeko ekintzak alboratu eta medikuntza ikasten hasi zen, oposizioan lerratzen ziren gazteekin elkartuz.
Bigarren Mundu Gerran mediku laguntzaile modura mobilizatua izan zen, eta Ekialdeko fronteko ospitale militarrean izan zen. Alemaniara itzuli zenean, ‘Arrosa Zuria’ izeneko erresistentzia pasiboko mugimenduan sartu zen, batez ere, panfletoak eta txartel antinaziak inprimatu eta Munichen banatzen.
1943ko otsailaren 18an, bere arreba Sophie Schollekin batera, Municheko Unibertsitatean poliziak atxilo hartu zuen. Herri epaimahaiak planfletoak aztertu ostean, gobernuari oposizio egitera deitu eta SSn gehiegikeriak salatzen zituela ikusi zuen, eta ondorioz, heriotza zigorrera kondenatu zituen.
Otsailaren 22an, arreba Sophiren ondoren, Johann Reichhartek burua moztu zion Hansi, Stadelheim espetxeak. Exekuzioaren aurrean «Gora askatasuna» oihua izan zen bere azken aldarria. Eta bezperan, Roland Freisler nazi fanatikoari zera esan zion: «Denbora gutxi barru, zu izango zara gure lekuan egongo dena».

