2000 eta 2009 urteen artean jaiotako dantzariei deia, Segurako Gazteen Dantza Topaketari begira
Ekainaren 27tik 29ra Seguran izango den Gazteen Dantza Topaketan parte hartzeko izen-ematea ostegun honetan itxiko dute. Dei berezia egin die Euskal Dantzarien Biltzarrak 2000 eta 2009 urteen artean jaiotako dantzariei, dantzatzeaz gain esperientziak partekatu eta belaunaldien arteko erreleboaz hausnartzeko.

Ekainaren 27tik 29ra III. Gazteen Dantza Topaketa hartuko du Segurak, Euskal Herri osoko dantzari gazteak bilduz.
Ekimenean parte hartzeko izen-ematea otsaila aldean ireki zuten, eta aste honetan bertan itxiko dute. «Hori dela eta, 2000 eta 2009 urteen artean jaiotako dantzari guztiak animatu nahi ditugu izena ematera eta esperientzia paregabe honetan parte hartzera», deitu dute ohar bidez.
Ostegunera arte (martxoak 21) egongo da izena emateko aukera, gogoratu dutenez.
Asteburu osoko egitaraua prestatu du topaketen antolatze lanetan dabilen Euskal Dantzarien Biltzarrak. Dantzarien komunitatea indartzea eta dantza taldeek gaur egun dituzten erronkei erantzutea helburu dituen hitzorduak gogoetarako gunea ere izan nahi du.
Izan ere, nabarmendu dute «parte hartzaileek hausnarketa-dinamikez, tailerrez, dantza erronkez, emanaldiez eta topaguneez» gozatzeko aukera izango dutela.
2025eko edizio honek, gainera, «sorpresa berezi bat izango» duela iragarri dute, hiztordua «are zirraragarriagoa» eginez.
Izen-emateari dagokionez, webgunearen bidez egin behar da, eta bertan gogoratzen dutenez, kontuan hartu behar da, adibidez, adin txikiko dantzarien kasuan, beharrezkoa dela parte hartzeko gurasoen baimena sinatuta izatea.
Ohartarazi dute, bestalde, lo egiteko beharrezkoa eraman beharko dela, baita zehaztu ere zein jardueratan parte hartuko duten, «edukiera gaindituz gero, bere plaza esperientzia hobeto aprobetxa dezakeen beste pertsona bati uzteko».
Izena emateko orduan, bestalde, hainbat datu eman beharko dituzte parte hartzaileek.

