Koldo Sagasti

Apartheid trena

Pasa den otsailean Amnesty International erakundeak Israelgo Estatua apartheid erregimena dela salatzen duen txostena kaleratu zuen. Argitalpena 2017an abiatutako ikerkuntza lan luze baten emaitza zen eta bertan bildutako dokumentazioak agerian uzten zuen ordurako Palestinako zein nazioarteko beste eragile askok duela urte askotatik salatzen zutena: Israelek gizateriaren aurkako ekintza sistematikoak gauzatzen dituela; zapalkuntza testuinguru instituzionalizatu baten baitan egiten duela; eta ekintza horien jomugan irizpide etnikoen arabera baztertutako populazioaren zati bat dagoela, palestinarrak hain zuzen.

Gauzak horrela, eta ezaugarri horiek guztiak betetzen dituela kontuan hartuta, Israel apartheid estatu bat dela ondorioztatzen du dokumentuak. 300 orrialdeko lanak arlo askotako laginak bildu ditu salaketa arrazoitzeko, besteak beste, bertako populazio palestinarra segregatzen duten egitura legal eta juridikoak edo hirigintza proiektuak. Izan ere, Tel Aviveko erregimenak diseinatutako azpiegitura estrategiko askok palestinarrak baztertzea eta mugiaraztea dute helburu, ilegalki okupatutako eremuei iraunkortasun bermea emateko.

Bazterkeriaren azpiegitura horietako bat Beasaingo CAF konpainia Jerusalemen eraikitzen ari den tranbia arina da. Nazioarteko legedia urratzen duen trenbidearen eraikuntzan parte hartzeak kolokan jarri du Gipuzkoako enpresaren irudi korporatiboa nazioarteko merkatuetan, eta hain da delikatua egoera non Kontakturako Nazio Puntuak, Espainiako Merkataritza Ministerioari atxikitako erakundeak, gomendio sorta bat eman behar izan dion konpainiari bere jardunean bete beharreko jokabide etikoen inguruan. Eta, hara non zurrunbilo honen erdian Eusko Jaurlaritzak esku hartu duen gatazkan, nola eta erakunde publikoak CAFen duen parte hartzea hirukoiztuz. Izan ere, Lakuako Gobernuak akzioen %1etik %3ra igo du enpresaren kapitalean duen partaidetza.

Agian kapitalaren logikaren baitan ezin izango zaio eskatu enpresa pribatu bati irizpide etikoen arabera joka dezala, baina erakunde publiko bati bai, exijitu egin beharko genioke ez dezala parte hartu apartheida sostengatzen duten azpiegituren eraikuntzan. •