Gaizka Amondarain
Irakaslea

Andreas Lubitzen egia

Terrorismoaren biktimentzako memorial berria daukagu Gasteizen joan den martxoaren 24az geroztik. «Banco España» irakur daiteke oraintsu aldatu ez badute okasiorako aukeratutako eraikineko fatxadan. Espainiako Gobernuaren jabetzapekoa da eta hamarkada bat zeraman hutsik. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak etorri behar izan du azkenean gortina granateak kontu handiz zabaldu eta gatazkaren ondorioz hildako «batzuen» omenez horman esekitako plaka agerian uztera. Ondoan zeukan Iñigo Urkullu lehendakaria ere, bizkartzain lanetan. Inork ez zuen argazkitik kanpo geratu nahi, antza.

Handik metro gutxira erori zen zerutik Ekkehard Hefter pilotu alemaniarra 1936an. Gasteizko agintariei altxamendu nazionalarekin bat egitearren esker ona adierazteko zerua zeharkatzen ari ziren sei pilotuetako bat zen Hefter, Hitlerrek Kondor Legioarekin Franco laguntzera bidalitakoa. Udaletxe parean lurrera behar baino gehiago hurbildu, kontrola galdu eta inguruko tximiniaren bat jo ostean, Heinkel He 51 aireplano zaharkituarekin batera Plaza Berrian erori eta momentuan bertan hil zen pilotu gaztea. Ez zen bakarra izan, zoritxarrez. Antonio Peral 29 urteko esne saltzailea eta Vicente Lopez de la Calle 20 urteko arotzak ere bertan eman zuten azken hatsa, eroritako hegazkinak azpian harrapatu baitzituen. Irailaren 28a zen, goizeko zortziak, hiria faxisten eskuetan zegoen ordurako.

Tropelean hasi ziren hiritarrak ezbeharra gertatu lekura hurbiltzen. Kezko zutabe beltza urrunetik ikus zitekeen. Laster zabaldu zen albistea garaiko Gasteizko 40.000 biztanleen artean. Hegazkin txikituak han jarraitzen zuen oraindik. Gertatua bertatik bertara bizi izan zuen Felix Panguak kontatzen duenez, Udaleko bi funtzionario pintura potea eta brotxa bana eskuetan hartuta irten ziren udaletxetik istripua gertatu eta gutxira, hegazkinean ageri zen esbastika pintura gorriz estaltzeko misioarekin –hildakoak etsaiari egoztearena ez baitute orain asmatu–. Hain egin bide zuten azkar eta txarto egin beharrekoa, margotu eta gutxira esbastika berriro agerian baitzeukan hegazkin zatituak. Hurrengo egunetako egunkarietan ez zen ezbeharrari buruzkorik aipatu. Sasoiko agintariak istripuan hildakoa pilotu alemaniarra zela ezkutatzen saiatu baitziren hasieratik, nazioartean albistea zabal ez zedin.

Argitu gabe geratu zaigu, ondorioz, zer dela eta desbideratu zen Hefter beste pilotuengandik modu horretan, tximinia jo eta udaletxe ondoan erortzeko. Ez dakigu zein zen bere asmoa zehazki. Herri literaturaren arabera, Gasteizen ezagutu berri zuen neska gazte bat txunditu nahi zuen hegazkinetik bertatik lore sorta bat eskainiz. Beste batzuek diotenez, bandera bat hedatzea zen bere asmoa. Edonola ere, lore sorta eta banderaren lekuan, hiru hilotz utzi zituen pilotuaren atrebentziak lekukotzan.

2015eko martxoaren 24an, Rajoyk pilotu alemaniarra erori zen lekutik metro batzuetara eraikin bat inauguratzen zuen une berean, beste pilotu alemaniar batek hegazkin bat lehertu zuen Frantziako Alpeetan, mendi baten kontra. Bidaiariak Bartzelonatik Düsseldorfera zihoazen. Jakina denez, ez bigarren pilotuak berak ez beste inork ere ez zuen helmuga erdietsi.

Rajoyrena ere ez zen askoz hobeto amaitu. Terrorismoaren biktimen omenezko plakak ez zuen egun bakar bat ere iraun bere lekuan. Jarri zutenek beraiek kendu omen zuten, inork ez daki oso ondo zergatik. Akaso, Ekkehard Hefter pilotuaren izena zerrendan sartzea ahaztuko zitzaien. Edo 150 hildako, beharbada, hildako asko ziren bata besteari itzal egiten hasteko. Azken batean, noiz uzten dio hildako batek beste bati itzal egiteari?

Askatasuna irabazteko egia kontatu beharra dago. Hala esan zuen Maroto jaunak memorialaren inaugurazioan, Germanwings konpainiako Airbus A320 hegazkinean zihoazen bidaiariek aspaldi ahaztutako errezoak etsipenez errepikatzen zituzten bitartean. Ez zitzaion arrazoirik falta alkatearen erretolikari. Egia irabazten duenak kontatzen du askatasuna. Inor ez sartzeko moduan barrutik ixten den horietakoa. Eta memoria, Alpeetan, 1.500 metrora, gorriz pintatuta agertu zen kaxa beltz bat da.

Oharra (azken ordukoa): Frantziako istripua gertatu eta ordu batzuetara, gizonezko bi pintura potea eta brotxa bana eskuetan ikusi omen zituzten hegazkina erori zen lekutik hurbil. Konfirmatu gabeko iturriek diotenez, oinezkoek espainiar abizenak zituzten. •