Amaia Agirre

Negarra

Ohituta nago alaba negarrez ikustera. Haserrea eta mina adierazteko duen modu bakarra da, baita ezinegona jasangaitz zaionean ere. Nola lasaitu asmatzeak ni ere lasaitu egiten nau. «Zer ote du?» galdera erretorikoari erantzuna jartzea atsegin dut.

Nire negar hotsak ere ez nau gehiegi kezkatzen, nire malkoen erreka ez baita inoiz itsasoratuko. Ia ziurtasun osoz esan dezaket ez dela inoiz laku iraunkor eta estatiko bihurtuko. Nire izatearen aro aldaketa bezala bizi ditut nire negar saioak eta nire intziriak. Hutsik sentitzen naizenean edo hutsen bat egin dudanean barrua husteko estrategia baino ez dira. Kontraesanean eta autodestrukzioan oinarritutako madarikazioen ondorio. Nik nire buruari eragindako minak, ordea, ez nau egunerokotasunean mintzen nauten ikuskizunek baino gehiago larritzen. Biharamunean irribarrez oroitzeko gai naizen negarraldiak baino ez dira nireak, zorionez. Bai orain bai gero izatea da sosegu gabeko hustu beharra. Eta hori ez da huskeria. Hustasuna baizik. Eta horrek asaldatzen nau, baina ez aldarte etenkariek. Ni, egia esan behar badut, etenik gabeko negarrek kezkatzen naute.

Ohituta nago nire ondorengoaren begietan malkoak ikustera, baina ez nire aurrekoen begi gorrituak ikustera. Oso gutxitan izan dut gurasoak negarrez ikusteko zoria, baina eurek uste baino gehiagotan antzeman diet horretan aritu direla. Ezkutuan egin dutena begi haziek agerian utzi izan dute, eta bistakoa da niri ere begiak bete eta bihotza lehertu zaizkidala. Gorroto dut «zer gertatzen da?» galderari «ezer ez» erantzuten dioten unea. Jakinaren aurrean ezjakin bezala tratatzeak amorrarazi egiten nau. Nik eurei esaten nizkien gezurrek baino min handiagoa eragiten didatela iruditzen zait. Ez dut harrizko bihotza eta hondarrezko kontzientzia izateko gaitasunik. Zeharkatu ezinezko murruen aurrean mutu geratzen naiz. Maukarik gabeko soinekoa bezain besamotz, eta silaba gutxiegi dituen puntua bezain eskas. Minari beldur diot eta beldurrak mina eragiten dit, baina zer pasatzen da? Ezer ez. Pasatuko da. •