Jose Angel Oria

Txanponaren hiru aurpegiak

Okupatzaileek aurki utziko dute Afganistan. Hilaren 5ean egin ziren hauteskundeen garrantzia nabarmendu da Mendebaldeko hedabideetan, baina egoerak hobera ez duela egingo pentsatzeko arrazoi asko dago. Gehiegi.

Alternantzia, txandaketa, hori omen da orain Afganistanek nahitaez lortu beharrekoa, noizbait bakean bizi nahi badu. Hilaren 5ean egin ziren presidentetzarako hauteskundeen garrantzia nabarmendu dute hedabide nagusiek eta Mendebaldeko agintariek: bozketa horren emaitzen eta eragile ezberdinen erreakzioen araberakoa izango omen da Afganistanen etorkizuna.

Oraindik ez dira emaitzak ezagutzera eman (apirilaren 24rako iragarri dituzte) eta ikusteko dago zer erreakzio izaten duten galtzaileek. «Hauteskunde prozesuak sinesgarritasunik ez badu, gardena izaten ez bada, exekutibo berriaren oztopo nagusia zilegitasun falta izango da», adierazi digute hedabide horietako analistek.

Irakurketa interesatua

Ideia nagusi horri helduta, aurreko asteburuko hauteskundeen inguruko balorazioetan baikortasuna izan da nagusi, %60ko esku hartze tasa izan dela nabarmendu digute, afganiarrek talibanei aurre egin dietela… Aldi berean, baina, indar estatubatuarrek zuzendutako okupaziotik ateratako Gobernuak berak jakinarazi du hauteskunde egunean 200 hildakotik gora izan zirela herrialdean; «talibanak» gehienak, jakina. Karzairen agindupean dauden indarrek «talibanak» besterik ez dituzte hiltzen. Zibilak etsaiek hiltzen dituzte, kasu guztietan, Wikileaks erakundeak edo beste norbaitek gauzak beste era batera izan direla frogatzen duten arte. Orduan berehala estaliko dute kontua.

Ez da harritzekoa Mendebaldeak botila erdi beteta ikusi nahi izatea. Sekulako inbertsio militarra egin dute Asiako herrialde pobretuan, tropa eta ekipamendu asko bidali dute bertara, hildako asko eragin dituzte, demokraziaren izenean.

Afganiar agintari berriek herrialdea aurrera ateratzeko gauza direla konbentzitu nahi gaituzte AEBek, beraien jarduera (inbasioa eta urte askotako okupazioa) justifikatu nahian.

Baina oraindik ez da ikusten egonkortasunaren tankerako ezer azken hamarkadotan gerra besterik ezagutu ez duen herrialdean. Eta 200 hildako eragin dituzten borroken erdian egindako hauteskundeak ezin dira fidagarriak izan, ezin dute Afganistango herritarren benetako borondatea azaldu, egoera horretan botoa askatasun osoz ematea ezinezko baita. Nola eraiki etorkizun baketsua gizartearen zati baten aurkako borrokaren erdian?

Hamid Karzai presidenteak bi agintaldi egin ditu karguan eta ezin du hirugarrenerako aurkeztu, Konstituzioaren arabera. Beraz, teorian une honetan lehen aldiz hautestontzien bitartez aldatuko da presidentea. Horri esaten diote «alternantzia», baina GAUR8ko irakurleek badakite kargu horretan dagoen pertsona bat kendu eta beste bat jartzeak ez duela, berez, inolako aldaketarik bermatzen, ustelkeria ez duela horrek konponduko, talibanek ez dutela horregatik jarrera aldatuko...

Hiru faborito

Hiru hautagaik dute boto gehien biltzeko aukera, begiraleen arabera: Abdullah Abdullah, Zalmai Rasul eta Ashraf Ghani Ahmadzai. Hirurak ministro ohiak dira, Karzairen ministro izandakoak alegia. Zer-nolako aldaketa datorkie afganiarrei? Bide horretatik ba al dago ilusioa eragiterik?

Etniaren arabera antolatutako gizartean, lekuko gerra jauntxoekin itunak adostu dituzte hiru ministro ohiek, horien laguntzarik gabe ezin baita ezer egin egungo Afganistanen. Hirurak egon dira iruzurrari eta ustelkeriari lotuta. Txanpon beraren hiru aurpegiak direla esan daiteke. Hori bai, hauteskunde zerrendatan etnia ezberdinetako ordezkariak sartu dituzte, afganiar guztien presidente izateko gauza direla adierazi nahian. Hiru horietako bik lortuko dute bigarren itzulira pasatzea (ezinezkoa dirudi norbaitek apirilaren 5eko bozketan botoen %50 baino gehiago biltzea).

Maiatzaren 28an egingo lukete bigarren itzulia, bi irabazleek bestelako formularen bat adosten ez badute; esaterako, bien artean batasun gobernua osatzea, boto gehien lortu duena presidente karguan jarrita.

Zer gertatuko da hilaren 24an, emaitzak ezagutzera ematen direnean, azkenean epeak betetzea lortzen badute?

Begirale askok 2009ko hauteskundeak ekarri dituzte gogora, orduan esku hartze tasa oso txikia izan baitzen (%40ra ez zen iritsi); iruzurra, begi bistakoa; eta indarkeria, ikaragarria.

Gainditu beharreko maila hain behean jarrita, erraza dirudi gauzak hobeto egitea. Egin daitekeen hipotesirik baikorrenean, 2009ko maila hori gainditzen bada, irabazleak hartuko luke presidente kargua eta besteek onartu egingo lukete emaitza. Beraz, hauteskunde «arrakastatsuak» izan direla esateko moduan egongo lirateke estatubatuarrak. Eta presidente berriak «berradiskiditze politikaren» bat abian jartzeko aukera izango luke, NATOren tropak joan eta gero.

Baina ezin da baztertu hilaren 24tik aurrera eztabaida eta negoziazio prozesu luze bat abian jartzea, bigarren itzulia beharrezkoa izaten bada: hauteskundeak berriz maiatzaren 28an, kontaketa luze bat ekainean, Ramadan musulmanen hilabete sakratua uztailean, eta abuztua ere pasako litzateke presidente berria nor izango den argitu gabe. Ez dirudi egonkortasuna lortzeko prozesurik egokiena. Gainera, Afganistanek gaur egun hain beharrezkoa duen nazioarteko laguntzak ere ihes egin dezake (barne produktu gordinaren %95 nazioarteko laguntzek osatzen dutela diote iturri batzuek, baina kanpotik etorritako diru horrek ez du hobetu afganiarrek bizi duten egoera: etxebizitza gehienek argindar, ur eta baldintza sanitario egokirik gabe jarraitzen dute, populazioaren erdiak lanik ez duen herrialdean).

Bestalde, atzerriko konpainia multinazionalek eskatzen duten Meatzaritza Legerik gabe segituko luke Afganistanek. Eta pobrezia eta ezintasuna nagusi direnean, talibanak indartu egiten dira, lehen ere frogatu izan dutenez.

Atzera egin

Eta galtzaileek emaitzak onartzen ez badituzte? Hori litzateke hipotesirik larriena, gerra itzali beharrean, berpiztu eta indartu egingo lukeena. Aurreko prozesuetako iruzur salaketak kontuan hartuta, ezin da baztertu hautagairen batek bere jarraitzaileak protesta egitera kalera ateratzea, «lapurtutako hauteskundeak» salatzeko.

Abdullah Abdullahren aldekoek jada esan dute ez dutela berriz onartutako 2009an gertatutakoa: Karzairen aldeko iruzurraren biktima sentitu ziren orduan. Testuinguru horretan, etnien arteko tentsioak gora egingo luke eta sobietarrak kanporatu ondoren izandako gerra zibilaren tankerako zerbait iritsiko litzaieke afganiarrei.

«Agian ez du garrantzi handirik izango hauteskundeetako hondakinetatik nor ateratzen den presidente», idatzi du “The Nation” AEBetako ezkerreko astekari beteranoan Bob Dreyfuss defentsa gaietan adituak. Bere irakurketak ez ditu batere lasaituko afganiarrak: «Afganistanek alferrik galdutako kasu bat izaten jarraituko du, erarik garratzenean zatitutako herrialdea, 1980ko hamarkadaz geroztik beraien artean borrokan aritu diren gerra jauntxoek eskualdeak beren mende dituztela».

Dreyfussek eta beste analista askok uste dute Karzai presidenteak sinatu nahi izan ez duen BSA Segurtasunerako Bi Aldeko Ituna sinatzea dela Etxe Zuriaren helburu nagusia. Itun hori adostuz gero, AEBek tropak utziko lituzkete Afganistanen (aurten aterako dituzte tropa gehienak, iragarritako epeei eutsiz gero), bertako segurtasun indarrak gaitzeko eta laguntza eskaintzeko.

Hori da, behintzat, ofizialki esaten dena. Otsailean Obama presidenteak deitu zion Karzairi, Segurtasunerako Bi Aldeko Ituna sinatu ezean AEBak soldadu guztiak bertatik ateratzeko prest daudela jakinarazteko. Edo mehatxu egiteko. Edonola ere, Washingtonek atea zabalik utzi du, hauteskundeetatik ateratzen den presidenteak ituna sina dezan. «Hautagaietako inork ezin du sinatu gabe utzi ituna, horrek Afganistango segurtasun indarrek hain beharrezkoa duten laguntza ekonomikoa ekarriko baitie (4.000 milioi dolar edo gehiago), eta diru hori iristen ez bada, indar afganiarrek ez lukete asko iraungo», Dreyfussen iritziz.

Paxtu lurraldea

“The New York Times” egunkariak jakinarazi du hautagai nagusiek herrialdearen iparraldean egin zituztela kanpainako ekitaldi gehienak, hegoaldea eta ekialdea baino eremu seguruagoak direlako.

Izan ere, herrialdean nagusi den paxtu etniako (populazioaren %42) herritar gehienak Afganistango hegoaldean eta ekialdean bizi dira, Kandahar hiriaren inguruan batez ere, hau da, talibanen hiriburua izandakoan. Bertan gerrillari islamikoak oso indartsu dira oraindik, batik bat nekazaritza eremuetan. Presidente berriak eremu horietan izango ditu erronka nagusiak, edonork irabazita ere.

Talibanen indarkeriak eta horrekin batera etortzen den kaosak eragin zuten nazioarteko begirale askok hauteskundeak egin baino lehen herrialdetik ihes egitea.

Kasu batzuetan beraien aurkako atentatuek eragin zuten atzerritarren erabakia; beste batzuetan, indarkeria giroak. Afganistango Hauteskunde Batzordeak berak bunkerretara eta segurutzat emandako etxeetara eraman zituen bere egoitzak. Hauteskundeak garbiak izan zitezen beste arazo bat.

Apirilaren 5eko bozketa baldintzatu zuten moduan, etorkizuna ere talibanen erabakien mende egongo da. Baita estatubatuarrek oraindik hartu ez dituzten erabakiak ere. Robert Dreyfuss adituak horietako bat aipatu du bere artikuluan: zer egin behar dute okupatzaileek urte askotan Afganistanera eramandako ekipamendu militar garestiarekin? Kasu askotan berriz AEBetara eramatea garestiegia izango litzateke, baina milaka milioi dolarreko tresneria Afganistanen bertan uztea ez da inor lasaitzeko modukoa, egonkortasun politikorik ez dagoelako.

AEBetako Defentsa Saileko arduradunek uste dute Afganistango Armada ez dela gauza ekipamendu militar hori behar bezala kudeatzeko, oraindik gaizki antolatuta dagoelako (zertan aritu dira bada estatubatuarrak azken urteotan?) eta finantzazio arazoak dituelako.

Armagintza

AEBetako zergapekoek ordainduta, herrialde hartako armagintzak sekulako negozioa egin du Afganistanen, 2001eko inbasioa hasi zenetik. Pribatizazioaren beste aurpegi bat baino ez da: gerraren bitartez, diru publikoa armagintzako konpainien poltsikoetara eramaten da.

Robert Dreyfussek emandako datuak ikaragarriak dira: azken hamabi urteotan, Afganistango Indar Armatuek 53.000 milioi dolarreko balioa duen ekipamendua jaso dute. 160 gerra hegazkin, 100.000 ibilgailu, 500.000 arma, komunikaziorako 200.000 elementu eta gauerako ikusmen ekipamendua.

“The Nation” astekariak argitara emandako testuaren arabera, Washingtonek doan eskaini die beste herrialdeei Afganistandik atera nahi ez duten ekipamendua, «Errusia alde batera utzita, jakina». Gutxienez 7.000 milioi dolarreko balioa izango luke aipatu ekipamenduak. Nabarmendu ditu MRAP izeneko ibilgailuak, minak ezabatzeko erabiltzen direnak. Oso astunak dira: 40 tona ingurukoak. Horietako 1.600 ibilgailu eraman zituzten okupatzaileek Afganistanera.

Iturri batzuek aipatu dute ekipamendu militar hori Pakistani entregatzeko aukera. Ez dirudi erabakirik egokiena denik, herrialde horretako Armadako eta zerbitzu sekretuetako arduradun batzuen eta talibanen arteko harremanak ezagunak baitira. Beraz, ekipamendu horrek etsaiaren eskuetan bukatuko luke. Horretarako aukera asko izango litzateke, behintzat. Talibanen eta Al-Qaedaren aurkako borrokaren aitzakiarekin Afganistanera eramandako ekipamendu militarra, azkenean, talibanen esku. George Walker Bushek abian jarri zituen gerren metafora ezin hobea!

Dreyfussek nabarmendutako arazoak aipatu ere ez dituzte egin hedabide nagusietako analistek. Nahiago izan dute «Afganistan berriaren» mirariak goraipatzea: atentatuak ia egunero izaten diren arren, hildako kopuruak behera egin duela; eskolara joaten diren umeen kopuruak gora egin duela, goi mailako hezkuntza jasotzen duten emakumeen kopuruak bezala; hilaren 5ean botoa eman zutenen %40 emakumeak izan zirela...