ENEEK
NEKAZARITZA ETA ELIKADURA EKOLOGIKOA

Marrubiak, udaberriko fruta

ENEEK
ENEEK

Arrosen familiakoak diren marrubiek Europako lurralde epeletan dute jatorria. XVIII. mendean, Ameriketako Estatu Batuetatik iritsitako marrubi hibridoen eskutik, ekoizpen intentsiboagoa egiteari ekin zitzaion: marrubi basatiekin baino fruitu handiagoak lortzen ziren, bai, baina zapore gutxiagokoak ere baziren. Egun, ekoizpen intentsibotik eratorriak dira merkaturatzen diren marrubi gehienak. Espainia eta Ameriketako Estatu Batuak dira, beste batzuen artean, marrubi gehien ekoizten dituzten lurraldeak.


Bihotz itxurako fruitu gorriak dira marrubiak, eta txapel baten gisan, hostotxoak berdexkak dauzkate fruituaren goiko partean. Denok ezagutzen ditugu, ezta? Nola ez ba, kolore erakargarria izateaz gain, zapore aparta izaten dute eta! Gozoago edo azidoago izan daitezke, barietatearen arabera. Uste da 2.000 barietate ezberdin baino gehiago daudela. Basoan, ekainetik aurrera basa marrubitxoak aurki ditzakegu, txikiak eta izugarrizko zaporea daukatenak. Hauek dira benetako altxorrak! Marrubi komertzialen berezko garaia udaberri amaiera-uda (ekaina-iraila) bada ere, azken hamarkadetan marrubi-garaia artifizialki luzatzen ari da eta dagoeneko ia urte guztian aurki daitezke (baita negu gorrian ere). Badakigu sasoiz kanpo fruta bat ekoizteak zer suposatzen duen, horregatik, jan aurretik ur hotzetan ongi garbitzea komenigarria da. Badirudi sustantzia ez natural askotxoren aztarnak izaten dituztela (Estatu frantseseko Générations Futures gobernuz kanpoko erakundeak 2013an egindako ikerketaren arabera, merkatuan topatzen diren marrubien %95ek pestizida zantzuak dauzkate). Adi marrubi konbentzionalekin!


Mantenugaien atalean, nabarmentzekoak dira marrubiek dauzkaten C bitamina eta zuntz kopuruak. Azukre eta kaloriei dagokionez, nahiz eta zaporeak bestela pentsatzera eraman lezakeen, azukre eta kalorietan pobrea da fruitu hau. Beraz, marrubi eskukada ederra jatearekin ez da beldur izan behar!


Mantenugai edukiaren azterketa eta lurraren osasuna marrubi-ekoizpen ereduaren arabera egiteko, Kaliforniako Unibertsitate eta ikerkuntza zentro ezberdinetako ikertzaile aditu talde batek “Fruit and Soil Quality of Organic and Conventional Strawberry Agroecosystemes” ikerketa burutu du. Ondorioak argiak izan dira azterketa honetan ere: marrubi ekologikoek zapore handiagoa dute eta mantenugaietan aberatsagoak dira (C bitaminan adibidez). Marrubiak ekoizten diren lurrak ere mikroorganismoetan aberatsagoak dira, eta lurraren emankortasuna mantentzen da (karbono eta nitrogeno gehiago dago marrubi-baratze ekologikoetan).


Marrubi zaporedun prestatuak ere ugariak dira: jogurtak, izozkiak, txikleak, hortzetako pastak… Baina benetako marrubi zaporea al dute? Benetako marrubi zaporeaz gozatzeko, bakarrik jatea da gomendagarriena; gozotasun naturalaz eta benetako zaporeaz jabetzeko aukera aparta da. Bestela, ohikoa da marrubiak azukre, laranja zuku eta jogurtekin nahastea. Ederra da, bai, zapore nahasketa horiek egitea!


Marrubi ekologikoak etxeko baratzean landatzea ideia aproposa da. Hala, benetan jakingo dugu nola ekoitzi diren. Hona hemen gomendioak:


MARRUBI LANDAREAREN ZAINTZA


Europako basoetan jatorria duen landare belarkari bizikor hau oso ondo egokitzen da gure lurraldean hain ohikoak diren lurzoruetara: humusean aberatsak eta apur bat azidoak diren lurrak atsegin ditu (oso karetsuak direnetan ez da ondo moldatzen).


Gure baratzeko planifikazioan kontuan hartzeko moduko landarea da, maneiu aldetik oso erraza delako. Txandaketaren barruan, ongarri berdearen edo lekari baten atzetik joatea komeni zaio. Labore-elkarketetan, letxuga, espinaka, borraja, porrua eta baratxuria ditu gustukoen.


Toki berean hiru-lau urte pasako dituenez, lurra ondo prestatu beharra dago. Normalki, kabailoietan landatzen dira marrubiak, lur sakona eta harroa gustuko dutelako. Ongarriketari dagokienez, konposta edo simaur ondua erabiltzea gomendatzen da.


Landaketa “hiruzuloka” egingo dugu, 0,33 x 0,33 metroko landare-tartea erabilita (bost landare metro koadro bakoitzeko). Lur-estalkia jartzea komenigarria izaten da, alde batetik, konpetentzia izan daitezkeen belarrak kontrolpean mantentzeko, eta, bestetik, fruituak lurra ukitzerakoan sortu ahal diren usteldurak saihesteko. Pinu hostoak oso aproposak dira estalki gisa: azidoak dira (marrubientzat, aukeran) eta karakolak eta bareak kontrolatzen lagunduko digute.


Mantentze lanei dagokionez, fruituen usteldurak eta belarrak dira zaindu beharko ditugunak. Belarra kontrolpean mantentzea estalkien bitartez lortuko dugu. Usteldurak, edo, orokorrean, onddoen erasoak prebenitzeko, berriz, nahikoa da drainatze ona mantentzea eta ureztatzerakoan hostoak ez bustitzea. Hala ere, usteldura arazoak izan baditugu, uzta ondoren hosto guztiak moztu eta suntsitu beharko ditugu, hurrengo sasoian arazo berdina ez izateko.