Aritz Mayora Sarasua
NEKAZARITZA ETA ELIKADURA EKOLOGIKOA

Elikagai ekologikoen eskaintza zabala

Maiatzaren 24an eta 25ean, naturaren babesa eta ekoizpen ekologikoa uztartzen dituzten esperientzia ezberdinak aurkeztuko dira Gernikan, nekazaritza ekologikoa eta ingurumen naturalaren kontserbazioari buruzko jardunaldietan.

Nekazaritza jarduerak uztearen eraginez, nekazaritzarekin lotutako ekosistema eta bioaniztasuna galbidean daude. Arriskuan dagoen ekosistema horietako bat da Urdaibaiko landazabal atlantikoa, eta berarekin lotzen diren landaredi, hegazti zein bestelako animalia eta intsektuak.

Arazo larri horren berri eman eta beste leku batzuetan topatu dituzten irtenbideak erakutsi asmoz, Nekazaritza Ekologikoa eta Natura Ingurumenaren Kontserbazio Jardunaldiak antolatu dituzte Gernikan asteburu honetarako. Lurgozo kontsumo elkartea, Ekokontsumo Federazioa, Lurgaia Fundazioa eta ENEEK dira antolatzaileak.

Tradizionalki, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak ekosistema orekatuen sortzaile izan dira. Agroekosistema hauetan, elikagaien ekoizpenak eta oreka naturalak bat egin izan dute, guztien mesedetan. Nekazaritzarako gai kimikoen etorrerak eta ekoizpen ereduaren intentsifikazioak, ordea, oreka hori apurtu zuen. Gehienetan, pestizida, plagizida, herbizida eta ongarri kimikoek eragindako kutsadura izan da agroekosistemak izorratu dituena. Beste kasu askotan, giza jardueraren eta naturaren arteko orekaren eredu diren agroekosistema hauek maneiu tradizionala utzi izanak galarazi ditu. Asteburu honetan, oreka hori nola berreskuratu irakatsi nahi dute Gernikan, adibideen bitartez.

Aurkeztuko diren esperientzien artean, hegaztien zaintzarako lan egiten duen SEO/Birdlife erakundearena dago. 2001ean, erakunde horrek Riet Vell enpresa sortu zuen, Ebroren delta (Herrialde Katalanak) bezalako hezegune eta hegazti-topaleku garrantzitsu batean arroz ekologikoa ekoizteko 52 hektareako eremu bat sortzeko. Horrez gain, Aragoiko Monegros eskualdean pasta egiteko gari gogor ekologikoa eta erromero eztia ekoizten ditu. Hegaztientzako ekosistemak sortzea eta elikagaien ekoizpena (ekologikoa, nola bestela) uztartuta. Izan ere, SEO/Birdlifek azpimarratzen duenez, azken urteotan, nekazaritza eremuetan oso ohikoak ziren zenbait hegazti espeziek (eper gorria, belatz gorria, antzandobi handi ipartarra, kalandria, kutturlio arrunta edota etxe-txinboa kasu) beherakada handia izan dute, nekazaritza eremuen kutsadura eta abandonua tarteko.

Mozolo populazioaren beherakada

Brinzal elkarte madrildarraren esperientzia izango da aurkeztuko den beste esperientzietako bat. Gautxori harraparien arloan egiten du lan elkarte honek, zauritutakoak artatu eta berriro askatuz zein bestelako proiektuak eta ekimenak bultzatuz. “Un mochuelo en cada olivo” ekimenarekin, mozolo europarraren populazioa berrindartu nahi dute. Datuen arabera, azken hamabost urteotan %40ko beherakada izan du mozoloak. Berriz ere, nekazaritza jarduera tradizionalak albo batera utzi izana eta nekazaritzarako gai toxikoen erabilera dira errudun nagusiak. 2012az geroztik, Brinzal elkartea nekazariak sentsibilizatu eta trebatzen ari da, mozoloek beraien betiko kokalekuetara bueltatzeko modua izan dezaten. Nekazariari inolako kalterik ez egiteko lehentasunarekin, landaredi basatiarentzako guneak sortzen dituzte (hor gordetzen baitira mozoloen dieta osatzen dute ornogabeetariko asko), habiak instalatu, almendrondoak landatu, harri piloak egin harrapariek talaia gisa erabil ditzaten... Herbiziden erabilera ezabatzeko ere, belarraren kudeaketarako gakoak ematen dizkiete nekazariei. Hogei baserritar eta sei ekoizpen eta kontsumoko kooperatibekin egiten dute lan, 77 hektarea hartzen dituzten olibadi, mahasti eta ortuetan mozoloaren habitata berreskuratzeko ekintzak burutuz.

Hitzaldiz betetako goizaren ondoren, jardunaldietako parte hartzaileek itsas txango bat emango dute larunbat arratsaldean Urdaibaiko estuarioan barrena. Igandea bertoko errealitatea ezagutzeko eguna izango da. Urdaibaiko Hegazti Zentroan landazabal atlantikoko habitatak duen egoera kaskarraren berri izango dugu. Ondoren, Lurgaia Fundazioak Busturian duen baso eta lurralde zaintzako proiektua erakutsiko du. Jardunaldiek irauten duten bitartean Ortutik Ahora elkartearen eskutik bazkariak eta afariak eskainiko dira Gernikako Astra Gunean. Elkarte horren “Gastrobarazki” proiektuak menu begetarianoa prestatu du, inguruko nekazari ekologikoen zein aurkeztutako proiektuetako produktuekin benetako gutiziak eginez. Jatordu bakoitzaren prezioa, ogia eta edaria barne, 10 eurokoa izango da.