xole.aramendi@gaur8.info
infraganti

Juantxo Zeberio

Imanolekin igo zen lehen aldiz agertokira. Azken urteotan Benito Lertxundirekin eta Maddi Oihenartekin dabil. Beti pianoaren aurrean eserita. Bide berriak jorratzeko nahiak eraman du Tenpora taldea sortzera. Musikari lagunez inguratuta pozik dabil. Talde lanaz gozatzen, eta batez ere, entsegu gelako elkarlanaz.

JUANTXO ZEBERIO
JUANTXO ZEBERIO

Txiki-txikitatik bizi izan du musika. Tarteren bat zuen bakoitzean pianoaren aurrean esertzen zen. Jotzearen plazer hutsagatik. Sekula ez zuen lanbide izango zuenik pentsatu. Bizitzaren joan-etorriek eraman dute, ia oharkabean, horretara. «Gauzak etorri egin ziren, bizitzak eraman egiten zaitu, baina, noski, hor zaudelako gertatzen da, ez kasualitatez», nabarmendu du.

Bere burua musikaritzat du. «Pianoa nahi dudan hori lortzeko tresna da niretzat. Instrumentua garrantzitsua da, noski, agertoki gainean horrekin zaude eta daukazuna eman behar duzu. Baina ni baino piano jotzaile hobeak asko daude. Nire dedikazioa ez da instrumentua bakarrik. Musika jotzen, sortzen, moldatzen edo entzuten aritzen naiz. Baita isiltasuna bera ere. Edo mendira joan eta buelta bat ematea. Dena da lanaren parte».

Musika horixe da beretzat: lana. Inurri lana. Etengabe idazten du. Tiraderan izaten ditu konposaketak gordeta, argia ikusteko une egokiaren zain.

Borroka momentuak izaten ditu sortzaileak. Enkarguzko lan bat buruan jira-biran duela harrapatu dugu. «Gauzak ez dira ateratzen zuk nahi bezala, edo utzi eta hurrengo egunean berriz hartzen duzu... Borroka da, baina, era berean, plazera», aitortu du Zeberiok. Bere ustez, sortzailea denaren eta ez denaren arteko desberdintasuna ez da gaitasuna, ingurukoari erne egotea baizik.

Pribilegiatua sentitzen da. «Nahi duguna egiten dugu eta gustura bizi gara. Baina era berean exijentzia eta dedikazioa guk baino askoz diru gehiago irabazten duten beste lanbide batzuetan baino askoz handiagoa da. Konpentsazioa ere segur aski handiagoa izango da, eta, gainera, ez dakigu beste ezer egiten».

Marina Abramovici behin irakurri zion esaldia akuilu du: «Beti aukeratu dut biderik zailena. Kostu handia suposatu dit, baina bestela beti jarraituko nuke kaka berdina egiten», esan zuen hark. «Identifikatuta sentitzen naiz horrekin. Izan ere, erosotasunetik gutxi etortzen da. Tentsioan eta hartuko ez zenukeen lan hori hartzen duzunean, nahiz gaizki pasa... ».

Agertoki gaineko lehen emanaldiak datozkio gogora. Sentsazio berri haiek, beldur haiek... Imanolekin zapaldu zuen lehen aldiz agertokia modu profesionalean. Ez du berehalakoan ahaztuko. Paco Ibañezekin diskoa atera zueneko garaia zen. Lehenengo emanaldiak Victoria Eugenia eta Arriaga antzokietan izan ziren. «Zer egiten dut hemen?», izan zen burura etorri zitzaion lehen galdera. «Zeharo beldurtuta nengoen. Baina behin hor zaudela jo egin behar duzu. Imanolekin lehenengo kontzertu haiek egin izan ez banitu seguru ez nintzatekeela hemen egongo. Eta oso erraz neukan ‘hau ez da niretzat egina’ esatea», esan du musikariak.

Bizitzaren aurreko jarrera hori etxean bertan arnastu zuen. «Horixe ikasi genuen etxean. Odolean eraman dezakezu baina ikasi egiten da, hezkuntzaren bitartez. Zailtasunak badaude, egongo dira, baina horietatik ikasi egiten da. Eta zailtasun horiek gainditzeak ekartzen du beti kaka berdina ez egitea», dio.

Aurrera egin zuen eta agertoki gainean gozatzen ikasi du. «Ikasi egiten duzu zein den zure lekua. Bizitzan gauza guztietan bezala, zeintzuk diren zure mugak. Aurrera egin behar duzu, baina nork bere mugak ezagutzea garrantzitsua da. Ez dakizunean ez zara kontziente egiten ari zarena ondo dagoen ala ez, aurreko pianistaren maila ematen duzun ala ez. Hori denborak ematen dizu, baina prozesu horri aurre egiteko gai izan behar duzu. Orain ere, proiektuaren arabera, estuago edo larriago egon zaitezke, baina badakizu gauzak zure eremura eramaten», adierazi du.

Imanolekin ari zela Benito Lertxundik jo zuen tolosarraren atea. Eta Maddi Oihenart etorri zen ondoren. «‘Zerbaitegatik izango da’, pentsatu nuen. Eta barruan nuen dena eman nuen», adierazi du.

Ordurako Donostiako Jazzle akademian ari zen ikasten. Sorkunde Idigoras, Patri Goialde eta Iñaki Salvador bezalako musikariak izan zituen irakasle. Zortedun sentitzen da. «Jazzle akademian zorte handia izan nuen haiek irakasle izatearekin. Orain dela 25 urte esan bazenit musikara dedikatuko nintzela... Ez neukan inolako asmorik. Baina gogoan dut Sorkundek behin klasean geundela esan zidana:‘zuk pentsatu baino musikariagoa zara’». Garaian 20 urte zituen Juantxok eta asmatu zuen.

Gasteiza pianoa hartuta

Ikasketak egin behar eta ez zuen musikaren aldeko apustua egin. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatera jo zuen, Gasteiza. Baina ikasle pisura pianoa hartuta joan zen. «60.000 pezetan bigarren eskukoa erosi eta hara eraman nuen. Ikasten baino denbora gehiago ematen nuen pianoa jotzen».

Tolosarrek hain gertutik bizi duten abesbatzen giroa gurasoen eskutik ezagutu zuten Zeberio anai-arrebek. «Abesbatza lehiaketan oso sartuta zeuden ez gurasoak bakarrik, baita izeba-osabak ere».

Juantxok berak bakarrik ez, beste hiru anai-arrebek ere bide bera hartu dute: musika. Ezin kasualitatea izan. «Gurasoak musikazaleak dira. Aitaren aldetik denek pianoa jotzen zuten. Nire lehenengo kontzertuetara aitarekin joan nintzen, Jazzaldira –gogoratu du–. Baina hori baino gehiago, gizarte honetan ezertarako balio ez duten gauzei balio bera ematearen ondorioa da. Normalean etekin ekonomikoaren araberakoa izaten da hori. Guri gurasoek transmititu digute bizitzan egiten duzun edozerk balio bera duela, dela atletismoa, mendia edo musika», kontatu du.

Bide berriak jorratzeko gogoak eraman du Tenpora martxan jartzera. «Benitorekin eta Ma-ddirekin ia formazio minimalistetan aritzen naiz. Gustura aritzen naiz, baina beste gauza batzuk ere gustatzen zaizkit. Bateriadun taldea nahi nuen».

Entsegu lokaleko elkarlanaz gozatu nahi zuen. «Bakarkako lana ondo dago, baina talde lana aberasgarria da», dio. Hasier Oleaga, Elene Arandia, Itsaso Etxebeste eta Beñat Barandiaran ditu bidaide. Intuizioa izan dute gidari. «Sokari tira eginez joan gara, kantua egin arte», esan du.

Artista batek ahots propioa izatea du erronka. Tenporak dagoeneko baduelakoan dago. «Urtebeteko lanaren ondoren oso gustura gaude. Taldeak badu bere izaera, soinu propioa, eta oso pozik gaude», adierazi du. Gakoa zera da: «Ez gara ezeren bila joan eta horrek ekarri du helburu bezala musika bera eta kantua jartzea. Denok utzi ditugu gauzak bidean eta horixe da taldea osatzeko bidea; bakoitzak berea inposatu nahi duenean gauzak asko zailtzen dira».

Ilusioa

Gustura ikusten da. «Garai zaharrak gogoratu dizkigu, entsegu gelan astero lan egitea, gaztetxo gineneko ilusioa berreskuratu dugu», esan du irribarrez.

Herritarren aurrean beren burua aurkeztearen proba gainditu dute dagoeneko. Leidorreko emanaldian gauzak ondo joan ziren. «Boskote bezala funtzionatzen dugula ikusi dugu». Melodiak Juantxok berak sortu ditu. Harkaitz Canok eta Karlos Linazasok jarri dizkiete hitzak. «Gehienetan melodia ematen diet, nahiz batzuetan hitzak osatzeko gaia proposatu diedan. Bitxia da, baina ezer esan gabe zuk buruan daukazun kolore horixe ematen diote. Alderantziz ere egin izan dugu, letretatik melodia sortzea», azaldu du.

Ohitu da lau seme-alaben erritmora lan egiten. «Konposatzeko denbora behar izaten da, pausatzea. Baina burua lasaitzeko denbora handirik ez dut etxean. Mugimendu handia dago umeekin. Haurrak ikastolan daudenean hartzen dut konposatzeko tartea», kontatu du. Donostiako Musika Eskolan klaseak ematen ditu lanaldi erdiz. «Ondo datorkit burua oxigenatu eta ikasleekin-eta egotea».

Belaunaldi berriei gauzak zail ikusten dizkie. «Artearen inguruan hezkuntza sisteman hutsune handia dago. Nola ulertzen da haurrek Zumeta, Xabier Lete ez ezagutzea? Galdera zera da: zertarako nahi ditugu artistak? Zer galduko genuke artista horiek denak hemen egongo ez balira? Artistaren balioa erabat hutsaldu da. Kafe batek bi euro balio ditu, baina zenbat balio du abesti batek? Hunkitzen zaituen artelan batek? Ni, dena den, ez naiz negar egin zalea. Baina orain hasten ari den belaunaldiak gauzak oso zail ditu eta horrek kezka sortzen dit», dio.

Bere izena publiko zabalarentzat ezezaguna izateak ez dio lorik kentzen. «Benitoren piano jotzailea zein den ez daki publikoaren %99k, baina hor nago. Nire lana hori da eta niretzat pribilegioa da. Izen handia daukatenekin gauzak egin ahal izatea, eta, era berean, ezezaguna izatea, luxua da», aitortu du.

Luxu horretaz gozatzen jarraituko du proiektu pertsonalak enkarguzko lanekin uztartuz. Agendan gorriz margotuta dauka Migel, Xabier eta Miren anai-arrebekin Et Incarnatus hari-orkestraren emanaldirako elkartuko den eguna, ekainaren 22a. Tolosako Urkizun udako solstizioari ongietorria emango diote. •