Beñat Zaldua

Europar Batasunak 2015erako Roaming tarifarekin amaitzea aurreikusita du

Uztailean, berriz ere, Europar Batasunak «roaming» zerbitzuaren tarifak merkatu ditu. Dirudienez, azkenengo beherapena izango da. Izan ere, Europako Parlamentuak 2015erako tarifa hauekin amaitzea hitzartuta baitu. Hala eta guztiz ere, azkenengo erabakia estatuen esku dago.

Europako Parlamentuaren arabera, roaming tarifak 2015eko abenduan bertan behera gelditu beharko lirateke behin betiko. Gaur egun, atzerrira joatean ohikoa da mugikorra itzaltzea, mugikorraren datuak desaktibatzea edota sakelako telefonoa hegaldi moduan jartzea. Hala eta guztiz ere, guztiok ezagutzen dugu etxera itzultzean jasotako fakturak lur jota utzi duen nor edo nor. Hilabete honen lehenengo egunetik, baina, faktura horiek baxuagoak dira, eta, Europar Batasunak esandakoa beteko balu, 2015eko abenduan historia bihurtuko dira.

Uztailaren 1ean, Europar Batasuneko tarifa berriak indarrean sartu ziren. Horri esker, bakoitza bizi den estatutik kanpo sakelako telefonoa erabiliz gero konpainiek bezeroei kobra diezazkieten gehienezko kopuruak zehazten dira. Ondorioz, Europar Batasunean jaitsitako mega bakoitzeko kostu maximoak %55eko beherapena jasan du; bezeroak deskargatutako mega bakoitza 45 zentimo ordaindu beharrean 20 zentimo ordainduko da aurrerantzean.

Bestalde, deien prezioek ere beherapenak izan dituzte. Norberak egindako deietan minutuak 19 zentimoko kostua izango du; jasotako deietan, berriz, 45 zentimokoa. Bidalitako mezuek, azkenik, 6 zentimoko muga izango dute.

Roaming zerbitzuaren kostuen beherapena ez da hilabete honetako gauza, 2012ko maiatzean Europako Parlamentuak Europako Batzordeak aurkeztutako azken araudia onartu zuenetik aurreikusita baitzegoen. Araudi horren arabera, hiru urteko epean prezioek pixkanaka jaitsi behar zuten. Horren adibide argia da honakoa: 2012an deskargatutako mega bakoitzeko 70 zentimoko muga ezarri zuten, 2013an 45 zentimokoa, eta, aurtengoan, berriz, 20 zentimokoa.

2012an onartutako araudia telefono mugikorren bidezko Interneteko konexioak arautzen lehena izan bazen ere, Europar Batasunak 2007tik jardun du roaming zerbitzuaren prezioak arautzen eta merkatzen. Urte horretan, mugikorren konpainiek atzerrian egindako edo jasotako deiengatik kobra zezaketen diru kantitatearen inguruko araudia ezarri zuten.

Beherapen nagusia norberak egindako deietan gauzatu da; 2007an minutuko 49 zentimo kobra zitezkeen gehienez ere, eta, aurreko astetik aurrera, minutuko 19 zentimo kobra daitezke. Epe berean, jasotako deiak 24 zentimo kobratzetik 5 zentimo kobratzera igaro dira.

Mezuak, berriz, 2009an arautu zituzten lehen aldiz; 11 zentimoko muga ezarri zuten. Mezuen kasuan, baina, beherapenak ez dira beste arloetan bezain nabarmenak izan: uztailaren 1ean kaleratutako araudian gehienezko prezioa 6 zentimokoa da.

Azken erabakia, estatuen esku

Aurreko astean aurkeztutako araudi berritik harago, foku guztiak 2015eko abenduan ezarrita daude uneotan. Ordurako, Europako Parlamentuak eta Europako Batzordeak roaming tarifekin amaitu beharko lukete. Horixe erabaki zuen apirilean Europako Parlamentuak; bertan, Europako Batzordeko lehendakariordea eta Telekomunikazioko arduraduna den Neelie Kroes herbeheretarrak bultzatutako proiektua ontzat eman zuten.

Hala eta guztiz ere, Europar Batasuna osatzen duten estatuen onespena falta da oraindik. Horren faltan, izan ere, egitasmo guztia bertan behera geldituko litzateke. Hortaz, ikusteke dago oraindik ere Europako Parlamentuak onespena emateko estatuei zenbaterainoko presa sartzen dien.

Eztabaida sutsua

Egungo telekomunikazio enpresa nagusiak roaming tarifek izandako beherapenen aurka agertu dira. Europar Batasunaren iritziz, baina, roaming tarifen deuseztatzeak mugikorren konpainiek dirua ez galtzea ahalbidetuko du. Azken batean, gaur egun erbestera joan eta mugikorra itzaltzen duten bezeroek aurrerantzean sakelako telefonoa nonahi erabiliko dute. Horren harira, Neelie Kroesek Ameriketako Estatu Batuak goraipatu ditu, bertako telekomunikazio konpainiek beren bezeroei 100 lurralde baino gehiagotan mugikorrarekin Internetera konektatzeko aukera eskaintzen baitiete.

Gai honek sortutako lehia nagusia telekomunikazio enpresen eta kontsumitzaileen elkarteen artekoa da. Europako Batzordeak arlo honetan egindako murrizketen harira, Serafino Abate ETNO elkarteko kideak honakoa agerrarazi du: «Europar Batasunak kontsumitzaileei jaramon gehiegi egiten die, eta, zenbait kasutan, errentagarritasunari eta diru iturriei kasu gehiago egin beharko lieke».

Europako Batzordeak 2012an roaming zerbitzuaren tarifak jaistea erabaki zuenean ere, Abatek ETNO elkartearen izenean adierazpen kritikoak kaleratu zituen. Bruselan telekomunikazio konpainia nagusienen interesak defendatzen dituen elkarteak, roaming bidezko diru sarrerak gutxituko zirela-eta, konpainiek estatu bakoitzaren barnean mugikorra erabiltzeagatik bezeroek ordaindu beharreko tarifak igo beharko zituztela adierazi zuen.

Kritika horien aurrean, kontsumitzaileen elkarteak badute zer erantzun. Esaterako, kasu bat baina gehiagotan, Kontsumitzaileen Europako Erakundeak (BEUC) beherapenak oso eskasak direla nabarmendu du. BEUC berak, gainera, ongi daki ez duela bakerik izango Europako Batzordeak 2015eko abenduan roaming tarifekin amaitu duela ikusi arte. FACUA elkarteak, esaterako, aurreko asteko murrizketa abiapuntutzat hartuta, roaming tarifen erabateko abolizioa berandutzen ari dela nabarmendu zuen.

Kontuak kontu, telekomunikazio konpainiak garai berrietara ere arazorik gabe egokituko direla dirudi. Euskalteleko Komunikazio sailaren arabera, egoera berria «onuragarria» izango da. Beraien esanetan, «roaming zerbitzuaren kostu gutxitzeak eta beronen desagertzeak, bezeroak atzerrira joaten beraien gailuak segurtasunez erabiltzea ekarriko du».