18/10/2014

Ordezkariek Kataluniako herriari obeditu behar diote
Iñaki Soto
Une honetan Artur Mas desobedientzia eskemetan ikustea ez da aukera erreala, baina batez ere orain hau ez da benetako eztabaida. President-ak bere herriaren mandatua obeditu behar du, eta kito

Katalunian aurreikus zitezkeen agertoki posible guztietatik, bakar batean ere ez zegoen Artur Mas Barçako txandala jantzita Plaça de Catalunya-ko kanpaldi batean gaua igarotzen zuen agertokia. Izan ere, nire ustez, auzia ez da Artur Masi desobedientziaren ikurra bere gain hartzeko eskatzea, baizik eta herriak emandako mandatuari fidel mantentzeko exijitzea. Aukera hau errealistagoa dirudi, berarentzat defendatzen errazagoa da eta gainontzekoentzat zentzudunagoa da. Oraingoz, herriaren mandatua argia da, «volem votar», eta aste honetan eragin duen krisian gainontzeko alderdiekiko eta gizarte zibilaren ordezkariekiko fidela ez izan arren, Masek ez du mandatu hori hautsi, inondik inora.

Egia da espainiar Estatuari desobeditzeko unea helduko dela, zalantzarik gabe, eta prozesuak aurrera egingo badu Masek, edo dena delakoak, injustuak eta antidemokratikoak diren agindu legal, politiko eta militar horiek desobeditu beharko dituela. Une horretara helduta zer egingo ote duten? Konbergenteak dira, eta horrek berak zalantzak eragiten ditu. Zehatzago, Artur Mas ditxosozko Estatut-a atzetik eta ilunpean José Luis Rodríguez Zapaterorekin birnegoziatu zuen berbera da. Azpijoko horren antzukeriaren testigu pribilegiatua ere bada, baina lezioa ikasi duenik ezin da guztiz ziurtatu. Jakina dagoela berari eta bereei ez fio izateko arrazoirik.

Halere, hau ez da balizko une hori. Esan bezala, Masek ez du oraingoz herriak emandako mandatua hautsi, eta bozketaren baldintzak aldatu baditu ere, azaroaren 9an kataluniar herritarrek bozkatu ahal izango dute, adostutako galderak erantzungo dituzte eta beren gogo demokratikoa efektibo egiteko urrats berria emango dute. Euskal aberkide eta espainiar agintari zenbaitek uste edo nahi zutenaren kontra aste honetakoa ez da «Ibarretxe moment» bat izan.

[Artikulu hau Kataluniari buruz bada ere, ez nuke gureari buruz apunte bat egiteko aukera galdu nahi. Kataluniaren harira Ibarretxetaz hitz egin nahi badugu, hitz egin dezagun garai hartan norberak egin zituen akatsez, ez besteen erruaz, mesedez. Eta hitz egin dezagun etorkizunaz, ez soilik iraganaz. Kataluniako errealitatea ez badugu gure nostalgiekin desitxuratu nahi, errespetu internazionalistari jarraituz, ez gaitezen CUPekoak baino CUPistagoak izan. Bide batez, orain CUPekoak bikain aritu direla iruditu zait; orain bai, beraien testuinguruan jokatuz eta beren izaerari eutsiz, Ibarretxeren garaiko «3 bai, 3 ez» jokaldia berrasmatu dutela esan daiteke].

ANCren esku dago 9N berrian kapital politikoa areagotzea

Bihar ANCk 9N berriari buruzko iritzia emango du. Oro har, beren esku dago krisi honetatik indartuta edo ahulduta ateratzea. Besteak beste, krisiak eragindako une emozionalari buelta emateko gaitasuna duten bakarrak direlako. Beren esku dago ere bozketa honetan bi milioitik gora herritarrek parte hartzea, baita ondoren kapital politiko hori kudeatzea ere, bai herritarren mandatua berresteko bai alderdiak desobeditzera bultzatzeko, hori bai, behin betiko unea heltzen denean. Kataluniaren kasuan, ANCk alderdiek lortu ez duten –eta agian lortu ezin duten– zentralitate politiko eta soziala lortu duela uste dut. Alderdien interesek eragiten diete, baina ez dira horien guztiz menpeko. Bitartean, ERC, adibidez, Katalunia independentearen lehendabiziko hauteskundeak lehiatzean baino gehiago gaur egungo Kataluniako azken hauteskundeak irabaztean pentsatzen ari dela dirudi.

Beste alde batetik, prozesuaren herrikoitasuna dela eta ez dela, niretzat talka ez da eliteen eta masen artekoa, igualeko elitea baitira, esaterako, Artur Mas eta Carme Forcarell, igualak ez badira ere. Bakoitza bere esparrutik herritarren zerbitzura egotea da gakoa. Berdin urgentzia eta tempus-arekin: «Ara es l’hora» desberdin neurtzen baita pertsonen, alderdien edo herrien ordularietan. Urrutitik ikusita, gure krisi politiko guztiak izan daitezela kataluniarrek bizi izan duten honen antzekoa, arren. •