Xabier Mikel Errekondo

Zulo beltzak

Ez da posible, ezin liteke…» abesten du Ordorikak. Xalbadorren heriotzaren berri izan zuenean, Lazkao Txikik esana. Iruditzen zait aurrerantzean hitz larriz errepikatuko dugula, Angel Lertxundik “Berria”ko zutabean zuzen asko zioen bezala, kastako jendearen beharrean kasta-politikoaren esku jarraitzen badugu. Ez da posible… euskal Kutxekin gertatzen ari dena! Aitortzen dut harritu ninduela Joseba Egibarrek botatakoak, «Zer kalte egin diezaioke Kutxari zati bat enpresa batzuen esku uzteak?», pribatizazioaren aldekoa zela vox populi zen arren, publikoki onartu zuelako lasai asko. Harrokeria ote? Beste kasta batekoa zelakoan. Euskal kutxa publikoek finantza-merkatu ilunen eta txartel beltzen galaxian nabigatzeko oskola pribatu bihurtzeko hautua egin zuteneko urtea bezala gogoratuko dugu aurtengoa. Laguntza behar dutenak bihozgabe kale-gorrian jartzen dituzten kutxa-kastakoak.

Ez da posible… Garoña ere irentsaraztea. Eta, gainera, kasta-politikoak erantzule nagusi den Iberdrola babestea. Ez da posible… AHTrekin burdinbide herdoilduek ama lurra alderik alde orbaintzea eta guztion poltsikoak xurgatzea. Frantziako Kontu Epaitegiak salatu duenez, lehenik, erabiltzaileen datuak puzten dira, erabaki politikoa dator gero eta, azkenik, finantzaketa bilatzen da. TGVren xahuketa erraldoiak ezinbestean herrialdea amildegira darama. Baina hemen, bost axola kasta-politikoari amaierarik gabeko zulo beltzera amiltzen bagara, beste batzuen patrikak betetzea lortzen badu.

Gure herriaren etorkizuna gidatuko duen itsasargia Kataluniak ibili bidea bada ere, nago zulo beltzera amilduko ez bagara, aurrez nahikoa lan dugula burdinbidez jositako eta kutxak pribatizatutako herri nuklear bat eraikitzen ari diren bertako kasta-politikoarekin… Herri berria sortuko bada, hauekin …ezin liteke! •