Mikel Soto

¿Seré yo, Señor?

Victor Lenoreren “Indies, hipsters y gafapastas” liburua irakurri berri dut. Urteroko Durangoko azokarako nire bide malkartsuan liburua irakurtzeko denbora egin izanak eman dezake gustatu zaidanaren ideia bat. Irakurri ditut ere liburuari buruz idatzitako batzuk. Esango nuke hainbatentzat introspekziora bultzatzen duen lan bat dela eta hortik artikuluaren izenburua; Jesusek heltzear zen bere heriotzari buruz apostoluekin izandako elkarrizketa parodiatzen duen txiste ezaguna gogoan.

Esaten dutenez, terapian oso inportantea da terapeutak pazientearen epeak eta urratsak errespetatzea, hark kontzientzia hartzeko bidean behar dituenak, alegia. Alde horretatik, ez daukat zalantzarik liburua zenbaitentzat zaplazteko bat izan daitekeela, edo, gutxienez, ispilu ahur deseroso bat.

Ez dut uste ispilu horrek itzultzen duen irudiaren detaileetan galtzeak merezi duenik. Pertsonalki, ez nituen ezagutzen aipatzen zituen musika-taldeen %60-70 inguru ezta zuzendarien %30-40 bat ere, eta beste fenomeno askoren entzuera banuen, baina sarri aparteko informazio edo iritzirik izan gabe. Hala ere, Lenoreren diskurtsoa trinkoa, koherentea eta freskagarria iruditu zait. Egungo kultura-panorama zorrotzago begiratzera, norberaren kontsumo kulturalak analizatzera eta, batez ere, hortik eratortzen dituzun jarrerak aztertzera bultzatzen du.

Bereizgarri etnikoari, kulturalari edo politikoari esker –nahi bezala deitu–, distantzia handiz ikusi ditut egileak planteatzen zituen joera edo gertakizun batzuk. Nire belaunaldia denaz edo beharko lukeenaz ari da eta berak planteatutako garaian, nire esperientziak eta oroitzapenak guztiz ezberdinak dira (oso begirada autokritikoa dauka, eskertzekoa). 90eko hamarkadaz gogoan dudana, batez ere, borroka da (esateak harroputza eta naif xamarra dirudien arren). Orduan nirekin militatu zuen jendearen %80 inguru kartzelatik pasa zen (asko han daude oraindik). Garai latzak izan ziren, gaur egunekoen beste zentzu batean, ez dakit gehiago edo gutxiago, baina latzak. Anaiak behin, Extremoduroren kanta bat entzuten ari zela esan zuen bezala “Me recuerdan los buenos tiempos de los malos tiempos”. Ondo adierazitako sentimendu bat iruditu zitzaidan. Ingurura begiratu eta guztiok markatuta atera gara, sozialki eta emozionalki eta, batzuetan, eraren batean “bizirautearen” sentsazioa geratu zait.

Aje estetiko ugari geneuzkan eta dauzkagu (hitz egin nuen horretaz “Uniformeez” artikuluan). Hamaika parodia egin ditzakegu gure garaiko janzkerari buruz eta garaiko argazkiak ikustea barregarria da, gure gurasoenak ikustea bezain barregarria, gutxienez. Baina ez dut uste Lenorek hipsterismoari egiten dion kritika politiko zorrotza bere horretan guri egin dakigukeenik. Berak barruan bizi izan zuelako kultura indie edo hipsterraren aje guztiak ezagutzen dituen bezala, ezagutzen ditugu guk gure belaunaldiaren kontraesan eta aje guztiak, baina benetan ez dut uste gure kontsumoen araberako harremanak genituenik (drogarenak ez baziren) edo kultura apolitiko edo, are, eskuindar bat bultzatzen genuenik. Ongi ala gaizki, hamaika ekimen, topagune, espazio autogestionatu, kontzertu, manifa antolatu genituen, kultura dominantearekin batere konplazienteak ez zirenak. Eta nire inguruko epelenak ere esku bat luzatu zuen zeregin legaletan, baita, sarri, ilegaletan ere.

Begirada diakroniko horretan, harro sentitzen naiz horretan guztian parte hartu izanaz, baita pribilegiatu ere. Errepaso sinkronikoa egindakoan beldurrak handiagoak dira, baita neure ajeak ere. Ispiluak itzultzen didan irudia segur asko ez da hain ederra. Baina horretarako da baliagarria liburua. Laburbilduz, aholku sinple batzuk dira: ez epaitu jendea bere gustuengatik, informatu zaitez, izan zaitez autokritiko, aztertu zorrotz gertakizun kultural bakoitzaren atzean dagoena eta, batez ere, ez uste zure kaka inorena baino hobea denik, batez ere arropaz, musikaz, zinemaz edo literaturaz ari bagara.

Gure arteko batzuk, zorionez, gu baino hobeak dira. Baina ez dituzu entzuten duten musikagatik, arropagatik edo irakurri duten azken eleberriagatik ezagutuko. •