Psikologia positiboa
David Foenkinosen pertsonaia batek dio ez dagoela pentsamendu positiboa baino gauza deprimenteagorik eta errealitatea ukatzen duten politikari profesionalen optimismoaz ari zela iruditu zait.
Beste arlo batzuetan, musikan edo literaturan, esate baterako, ezkorra izatea baita arau. Adibide erraz bat gogoratzearren, kontatzen dute Janis Joplinek oso gutxitan egiten zuela lo bakarrik, bere maitale zerrenda ikusgarria baita, baina bere kanta guztietan bakardadean bizi den emakume bat ageri da. Literaturan ere zenbat eta zorigaitz gehiago erortzen zaizkion gainera pertsonaia bati, orduan eta sinesgarriago gertatzen da. Politikari bati, ordea, mikrofono bat jartzen diozu sudurraren parean eta krisialdia gainditzen ari garela frogatzen hasiko zaizu.
Gogoan dut behinola kontrol mentalari buruzko ikastaro batera bidali nindutela. Hotel handi bateko aretoan eseri ginen borobilean eta, horrelakoetan egin ohi denez, bakoitzak ikastaroan izena emateko izan genituen arrazoiak kontatzeko eskatu zigun irakasleak edo coach-ak edo dena delakoak. Lehenak alkoholikoa zela esan zuen eta irakasleak berehala zuzendu zion: «Lehen zinen alkoholikoa, baina dagoeneko ez zara». Bigarrenak depresioa aipatu zuen eta hurrengoak minbizia. Neu nintzen han sano samar zegoen bakarra: erreportaje bat egitera bidali nindutela esan nuen. Beste guztiei behin eta berriz errepikatu zien ekarri zuten arazoa ikastarora sartu ziren unetik hasi zela desagertzen.
Hain zabaldua dagoen pentsamendu positibo horren errua Martin Seligmanek izan dezake, Psikologia Positiboaren aitak. Bere jarraitzaileek behin eta berriz errepikatu digute helburu bat oso garbi izatea aski dela (dirua, lanpostu bikain bat edo bikotekide ametsetako bat) lortu ahal izateko eta lortzen ez badugu, pentsamendua ondo erabili ez dugulako dela.
Batek pentsa dezake pentsamendu positiboaren kontu hau (autolaguntza metodoak, coach-ak eta aholkulari motibatzaileak) AEBetatik datorren haizea ote den, baina badirudi zabalagoa dela. Milan Kunderaren “Broma” eleberrian pertsonaia batek postal bat bidaltzen du esaldi honekin: «Optimismoa herriaren lo-belarra da». Eta Siberiara bidaltzen dute lanera. Stalinen aroan artea eta literatura kontrolatzen zuten zentsuratzaileek ez zuten heroi pesimistarik onartzen. Eleberrietan bi baldintza bete behar izaten zituzten idazleek, heroiek baikorra eta alaia izan behar zuten eta produkzio sistema aurrera zihoala erakutsi. Gu geu ere, hain urrutira joan gabe, «alaiak eta konbatiboak» ginen orain dela gutxi. Politikari profesionalen baikortasuna deprimentea da. Oso besterik da, ordea, optimismoa, egunotan Grezian bezala, kolektiboa denean. •

Kalekantoi taldea: 1615eko euskal baleazaleen kontuak eta kantuak Islandian
Noiz hasi ote zen dena?
Kontakizun feministaren botere eraldatzailea
