Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

Gozotik gazira, eta tarteko guztiak

Beltzetik zurira eta zuritik beltzera. Kolore guztiak kabitu zaizkigu inauterietan. Gozotik gazira eta gazitik gozora. Sentsazio guztiak kabitu zaizkigu inauterietan. Barre egin dugu, eta negar. Normalean neurriko jokatzen duten inguruko helduak zoratu zaizkigulako, eta pailazoz edo banpiroz mozorrotu. Koloretako margoekin margotu eta garbitu; kapela handiegiak eta zapata txikiegiak jantzi eta erantzi; euritan gora eta behera ibili; aterpe preziatuan bata bestearen gainean pilatu... Ez dira egun samurrak izan, baina ederki pasatu dugu. Datorren urtera arte itxaron beharko dugu gure inguruko helduek berriro neurria eta burua pixka bat gal dezaten. Zain egongo gara.