Amagoia Mujika Telleria

«Horrelako festa batean, ba al dago lekurik guztiontzat?»

Inklusibitatearen ingurukoa da zuen batzordea. Zergatik erabaki duzue Kilometroak jaiaren zutoinetako bat izan behar duela inklusioak?

Kilometroak ikastolaren, herriaren, familiaren festa da eta, beraz, guztion festa izan behar du. Tartean zirkuitu bat eta erronka bat daudela, badirudi dinamika fisiko bat den neurrian egoera fisiko jakina duen jendeari zuzendua dagoela. Baina ikastolan eta herrian denetarik daukagu; gurpil aulkian daudenak, desgaitasunen bat dutenak, adinekoak... badago lekurik guztiontzat? Eta galdera horietatik abiatuta erabaki genuen zeharlerro bat landu behar genuela: Inklusibitatea. Kostatu zitzaigun kontzeptu honetara iristea. Bagenekien guztientzako jai bat egin nahi genuela, jendartearen aniztasuna kontuan hartuko zuena eta ideia horri bueltaka-bueltaka iritsi ginen inklusibitateraino.

Gogoeta horretatik sortu dira Gipuzkoa inklusiboago bat egiteko dekalogoa eta manifestua.

Mahai gainean jartzen ahalegindu garen kontzeptua elkarmendekotasuna da. Gaitasun desberdinak ditugun gizakiak gara eta gaitasun horien arabera denok gara mendekoak. Eta hortik abiatuta paradigma aldaketa bat egin nahi dugu integraziotik inklusiora. Jendarteak fase desberdinak pasatu ditu pertsona guztiek, gaitasun desberdinak izanagatik, eskubide berdinak ditugula aitortzera iritsi arte. Eta horra iritsita, badirudi hitz politena integrazioa dela. Gu ez gaude konforme eta iruditzen zaigu integraziotik inklusibitatera pasatu behar dugula. Gu ez gara inor beste norbait gurera integratzeko. Ze “beste hori” komunitate berdineko kidea da, jendarte bereko parte. Hura zurekin dago eta egin behar duzuna da aitortu bestea hor dagoela, eta jendarte mailan edozer antolatzen duzunean –bai lanean, bai eskolan eta baita festan ere–, kontuan izan guztiontzako modukoa izan behar duela. Edozer antolatzeko orduan hasiera-hasieratik eduki behar da buruan “denontzako” izan behar duelako ideia. Hemen sartzen da unibertsaltasunaren kontzeptua.

Ez dirudi erraza aisialdian eta festan inklusibitatea txertatzea.

Beste esparru zenbait pixkanaka martxan jartzen ari dira inklusioari dagokionez; lantokiak, eskolak, kaleak... baina, festa bat antolatzen dugunean kontuan hartzen ote dugu denek ezin dutela era berean parte hartu? Horregatik erronka handi bat abiatu genuen sentsibilizazioa bultzatzeko, bai jaiaren egunean bertan eta baita urtean zehar ere.

Jaiaren egunari dagokionez, Kilometroen muinean zirkuitua dago. Berehala sortu zen zirkuitu egokitu bat egitearen proposamena. Baina gure kontzeptua inklusioa bada eta unibertsaltasuna nahi badugu, zirkuitu bat antolatu behar dugu denontzat. Saiatuko garena da guztiontzat izatea, horretan pentsatu dugu, baina ez da erraza, Usurbil herri aldapatsua delako. Aldapak aldapak dira eta hori ezin dugu aldatu, ezta zirkuituaren zati batzuk asfaltatu gabekoak izatea ere. Baina gutxienez informatu egin nahi izan dugu. Hartara, zirkuitu osoan informazio garbia dago aldapak dauden eta nolakoak diren esanez, guneak asfaltatuak diren edo belardiak diren esanez... eta horrez gain bada sarrera bat, Zubietatik datorrena, lau-laua dena. Horrez gain, seinaleak idatziz bakarrik izan beharrean piktogramak izango dira, guztiek ulertzeko modukoak. Janariaren inguruan ere egin dugu gogoeta. Hartara, salgai egongo diren izozkiak eta patatak glutenik gabekoak eta esne proteinarik gabekoak izango dira, denontzako modukoak. Gainera, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak antolatutako gune bat izango da, kirol egokitua bertatik bertara ezagutu eta probak egiteko.

Komun unibertsalaren proiektua ere hor dago.

Komun unibertsalaren prototipo batekin lanean ari dira Mondragon Unibertsitatean eta espero dugu jaiaren egunean ikusgai izatea horrelako komun bat. Finean, ohituta gaude neskentzako, mutilentzako eta gurpil aulkian doazenentzat komunak bereizita ikusten. Denok berdinak bagara, zentzugabe samarra ere bada komunera joateko orduan halako bereizketak egitea. Gurpil aulkian doazenek maiz esaten dute «gu hirugarren sexua gara» eta komunen bereizketa hori baztertzailea gertatzen da. Horregatik babestu dugu komun unibertsalaren proiektua. Gainera, bat egiten dugu parekidetasunaren eta jasangarritasunaren printzipioekin, Kilometroak jaiaren beste bi zutabe garrantzitsu.

Erronka ere berezia izango da.

Ahalegin handia egin da erronkari begira. Batetik, ikasle guztiek parte hartu dezakete eta denek ez dituzte proba berdinak egin beharko, beren gaitasunaren arabera izango da hori. Eta, gainera, probak ez dira izango abiadura, indarra, teknika eta halakoak neurtzen dituztenak bakarrik, arreta, irudimena, zoria eta beste gauza batzuk ere garrantzitsuak izango dira. Eta beste berrikuntza finala izango da. Orain artean bi talde pasatzen ziren finalera baina aurten erronkan talde guztiek jokatuko dute finala, 21 ikastolek. Guztien finala izango da.

Jaia egun batekoa da, baina inklusioaren inguruko gogoeta eta sentsibilizazioa epe luzeagoko helburua da, ezta?

Bai, eta horretan ari gara urte guztian. Hiru norabidetan ari gara; Udarregi ikastola, Usurbil herria eta Gipuzkoako lurraldea. Proiektu pedagogiko bat osatu dugu ibilbide inklusibo bat proposatuz. Orain, irailean, jarri da martxan proiektua ikastolan. Hartara, LHko ikasle guztiei ariketa sorta bat proposatuko zaie ibilbide inklusibo bat egin dezaten. Hortik txosten bat etorriko da galdera bati erantzun nahian: Irakasle bezala nola transmititu inklusioaren balioa ikastola eta ikastetxetan.