Antton Izagirre

Biktimak eta memoria

Azaroaren 10ak biktimak omentzeko ala biktimak gogoratzeko eguna izan behar du? Ez ote da alderik ikuspegi bien artean? Batzuentzat egunak beren gertuko biktimei aitortza egin beste helbururik ez du. Biktimak sailkatu, biktimak politikoki erabili eta argi utzi ez dagoela biktimarik ETAk eragindako biktimetatik haratago. PP eta eskuin osoaren lerro politikoan ez dago bestelako irakurketarako lekurik. PPk bere neurrira domestikatu dituen biktima elkarteek errelato hertsi eta bakarraren hautua egin dute. Modu horretan, gatazka politiko eta armatuak eragindako ondorioak eta zauriak denboran itxi gabe mantentzeko hautua egin dute, bide seguruena izanik hori arrazoi eta auzi politikoen eztabaidari tokirik ez uzteko. Memoria, biktimak, jasandako mina... irtenbiderik gabeko eztabaidatan katramilaturik mantentzen den bitartean aukera gutxiago legoke muin politikoari sakontasunez heltzeko. Hori badaki Estatu espainiarreko eskuinak eta bizirik mantentzeko ezinbestekoa du auzia irtenbiderik gabe eta piztuta mantentzea.

Euskal Herrira etorrita EAJk ere ez dio uko egin nahi biktimen auzia bere interesen arabera erabiltzeko aukerari. EAJ ere bere interesen neurrira antolaturiko biktimaz baliatzen ari da, zertarako eta, ezker abertzalearen aurrean errentagarritasun politikoa lortzeko. Zertara dator, bestela, Urkullu, Fernandez eta enparauek behin eta berriz ezker abertzaleari soilik autokritika eskatzea?

Hain minbera den gai honetan lidergoa hartu nahiko lukeenak komunikabideen aurreko hitz gutxiago eta sukaldeko isilpeko lan gehiago beharko luke.

Ezker abertzalearen aurkako auzitegietako epaiketak eguneroko albiste direnean, preso gaixoen aferak, sakabanaketak eta senideen aurkako jazarpenak irauten dutenean, ez da zuzena beste aldera begira jarraitzea.

Bide horretatik ez da konponbiderik nahi, aurkari politikoa umiliatzea nahiago. •