Bidea da garaipena

Amaitu da Korrika, baina hurrengo bat izango dela jakiteak hunkidura malkoak goxatzen dizkigu. Atharratzen hasi eta Bilboraino heldu zela erraz esaten da, baina 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko aldaketa oparitu dizkigu aurtengo edizioak. Hori guztia, Euskal Herriko eskoletako Korrika Txikiak eta diasporako Korrika alternatiboak kontuan hartu gabe. Zenbatu ezin ditugun emozioak eta era guztietako barre, irrintzi, oihu eta algarak. Leloz eta aldarrikapenez betetako 11 egun eta 10 gau, ametsetan ere errepikatu ditugunak, arrano sentiarazi gaituztenak. Korrikak gure txikitasunean handi sentiarazten gaitu, baina, argi!, ez handi-mandi! Geure burua gutxietsi egiten dugun aldi horietarako indarra ematen digu, «hara, zenbat jende» esan eta ahoa eta bihotza betetzen zaizkigularik. Hiriburu handi eta herri txikienetan beti norbait lekukoari eusten, furgonetari jarraika, tipi-tapa, tipi-tapa.
Badugu zer ospatu Korrikaren amaiera egun handia izan ohi da, ospakizuna. Baina, ba al dakizue zer ospatzen dugun? Bidea. Aurretik aipatutako hori guztia, hain zuzen. Duela hainbat aste mezua idatzi zuten horiek ezagutu eta mezua argitara ematearekin batera lehertzen da festa. Elkar besarkatzen dugu, Lanestosa, Cenicero, Abaltzisketa, Argantzon, Bardoze, Irisarri eta Muskildi herri bakarra direlako egiten dugu topa, Pantailak Euskaraz-en kamiseta erosi eta izerditutakoa poltsan gordetzen dugu eta petoa erosketak egiteko poltsa bihurtuko ez duen laguna zirikatzen dugu. Gogora ekartzen dugu elkarrekin erosi genuen kilometroa eta lekukoari eutsitakoan sentitu genuen hotzikara epel goxoa. Sare sozialetan, korrika ari ginela estropezu egin genueneko bideoaren ikustaldiek gora baino ez dute egiten, eta zenbat asetzen gaituzten euskarazko eduki-sortzaileek! Hitz bakar batean, izan nahi dugun herri hori garela ospatzen dugu Korrikaren inguruan.
«Ze oin handiak dituzun! Zu hobeto zapaltzeko!». Korrika egunero egiten dugu beti presaka gabiltzanok, baina egia da ere, nolabait, egunero dela Korrika. Hemen gaudelako, euskararen alde egunero. Egon eta egin, bakoitzak bere eremutik hasita. Nik euskaraz eta euskaran hezten dut, eta zuk zure esku dagoena egingo duzu. Segi horretan! Zoritxarrez, badira lekukoari eutsita haien irudia zuritu nahi dutenak. Beste hainbat errealitaterekin gertatzen den bezala, oihartzuna duten ekitaldietara ardiz mozorrotuta datozen otsoak. Euskarari zangotraba jartzen diotenak, euskarazko marrazki bizidunak kenduz, erdarazko lanpostuetara euskarazko titulua duten pertsonei aurkeztea galaraziz, oposizioak eta herritarrarenganako arreta erdaraz bultzatuz, euskaraz artatuak izatea eskatzen dutenak epaituz, auzolana zentzugabe politizatuz, gazteen ekintzailetasuna eta ibilbidea gutxietsiz… Kilometro bat erosiz erasoak alfonbrapean ezkutatu nahi dituzte, konkorra nabarituko ez dugulakoan.
Basoa estali ezin duten zuhaitzak Pablo Nerudak, lore guztiak moztu arren udaberria geldiezina dela esan zuela gogora ekarri nahi izaten dut halakoetan. Euskarak den-denontzako lekua du eta beso-zabalik hartzen ditu euskaldundu nahi duten lagun guztiak. Ez ditu maite, ordea, irainak eta kolpeak; zuk bai, ala? Ziur naiz ezetz. Mina baino, bizimina nahiago. Hitz-jokoak eta jolasak, marrazki-bizidunak eta marrazki-bizigabeak, korrikaldi luzeak eta laburrak, abiadura bizian doazen bihotz taupadak, moteltzen doazen arnasestuak, baldintza traketsak eta perpaus trebatuak, abesti herrikoiak haur txiki baten ahotan. Euskararen udaberria zuentzat ere bada, bere aurka ari zareten bitartean, gu denontzat ari garelako. •


