ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua
NEKAZARITZA ETA ELIKADURA EKOLOGIKOA

Errezil ekoizpen ekologikoaren erakustoki bilakatuko da azaroaren 28an

Argazkia: IRURE TXIKI BASERRIA
Argazkia: IRURE TXIKI BASERRIA

Herritarrengana iristea da bertoko ekoizle ekologikoek topatzen duten zailtasun nagusia. Gaur egun esan genezake jendartearen zati handienak entzuna duela “ekoizpen ekologikoa” deritzon zerbait badela. Haatik, ekoizpen eredu ekologikoaren atzean dagoena ez da horren ezaguna eta, ondorioz, nekazaritza molde honetan jarduten diren baserritarrek zailtasunak dauzkate beraien produktuak merkaturatzeko. 2015-2016 epean martxan den Euskadiko Nekazaritza Ekologikoa Sustatzeko Ekimenean (FOPE) agerian geratzen da eredu hau euskal jendartean ezagutarazteko dagoen beharra. Ildo horretatik jarraituta, ekoizpen agroekologikoaren garrantzia lau haizetara zabaltzeko, eta baserritar ekologikoek egiten duten lana goraipatzeko, Biolur Gipuzkoak eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) “Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren ate irekien eguna” antolatu dute datorren larunbaterako, Errezilen (Gipuzkoa).

Izena eta izana

Sarreran esan bezala, askorentzat nekazaritza ekologikoa imajinarioan dagoen zerbait da, kontzeptu bat. Bada, nekazaritza ekologikoak badu izena eta baita izana ere. Hamarkada batzuk pasa dira lehenengo baserritar ekologiko euskaldunek ekoizpen eredu hau gurera ekarri zutenetik. Beraiek zabaldutako bidetik beste ehunka abiatu dira harrezkero, frogatuz posible dela ingurumena zainduz eta ekoizle zein kontsumitzaileen osasuna lehenetsiz ekoiztea. Are gehiago, askok erakutsi dute ekoizpen ekologikoa jarduera profesionala izan daitekeela. Horiek horrela, 2014ko abenduan argitaratutako datuen arabera, EAEn ekoizpen ekologikoaren erroldan 434 eragile batzen ziren, ekoizle, eraldatzaile eta merkaturatzaileak batuta. Erabilitako lur kopurua 2.874 hektareakoa zen. Azken zortzi urteotan, ekoizle ekologikoen kopurua 2,5 aldiz hazi da. Erabilitako lurra, aldiz, bikoiztu egin da. Bada zerbait.

Gipuzkoak zeresan garrantzitsua izan du bilakaera horretan, gaur egun EAEko eragile ekologiko guztien %41,9 (128 hain zuzen) lurralde honetan kokatzen baitira. Horrenbestez, datorren azaroaren 28an Errezil euskal nekazaritza ekologikoaren erakustoki bilakatuko da, bertoko ekoizpen aniztasuna plazaratuz eta baserritarren lana ezagutzeko bisita zein tailerren bitartez. Frontoian egongo den merkatuan barazkiak, fruta, eztia, esnea, jogurtak, gazta, sagardoa, arrautzak, haragia eta baita ogi eta opilak ere erosi ahal izango ditu bisitariak, baita nekazaritza ekologikoari buruzko informazioa eskuratu ere. Horrezaz gain, produktu-dastatzeak egongo dira frontoian bertan.

Ekoizpen ekologikoa bertatik bertara ezagutu ahal izateko, Errezilgo Irure Txiki baserria bisitatuko da, non baratze, fruta eta abereak ekologikoki hazten dituzten. Bisita hauek bi formatutan planteatuta daude. Alde batetik, ekoizpen ekologikoan jarduteko interesa dutenentzat zuzenduta eredu ekologikoaren ezaugarriak aztertuko dira, esperientziak partekatuz. Beste alde batetik, familiei zuzendutako bisita egingo da, haur eta gurasoak baserriko lan ezberdinetan aritzeko aukerarekin. Besteak beste, Errezilen ereindako gariarekin opiltxoak egingo dituzte, garia ereingo dute, ogia egiteko erabiltzen diren zereal ezberdinak ezagutuko dituzte jolasen bitartez, eta abereei jaten emateko aukera izango dute.

Eguna borobiltzeko, elikagai ekologikoekin prestatutako herri bazkaria egingo da. Menuan, nola bestela, bertoko produktu ekologikoak izango dira protagonista, berriz ere lurraldeak daukan produktu aniztasuna irudikatuz. Arroza ez beste lehengai guztiak Gipuzkoan ekoitzitakoak izango dira: entsalada, arroza barazkiekin (arroza Nafarroatik etorriko da), haragi gisatua, jogurta, gazta eta irasagarra, sagar zukua eta sagardoa. Agerikoa da badagoela aukera Euskal Herriko elikagai ekologikoekin elikatzeko. Eta sinesten ez duenak, datorrela azaroaren 28an Errezilera, hori horrela dela bere begiz ikusiko du-eta.