Nerea GOTI
infraganti

IKER MAIDAGAN

AEBetako zinema konpainia erraldoiekin lan egin ondoren Euskal Herrira itzuli da berriro Iker Maidagan, sormenerako duen toki kutunera. «Mirage» film laburraren egilea istorio berriak idazten ari da uneotan eta tarte bat hartu du GAUR8ri bere ibilbidearen berri emateko. Hollywoodeko xarma eta ahalmen izugarritik urrun, marrazkien bidezko narrazioarekiko pasioa da berea.

Eguberri egunean bertan Snoopy eta Carlitos protagonista nagusi dituen “The Peanuts Movie” estreinatuko da Euskal Herriko zinema aretoetan. Adi beraz, film hori made in Euskal Herria baita neurri handi batean. Izan ere, Iker Maidagan pantaila handian ikusiko dugun lanaren story artist-a da, hau da, berak egin du filmeko storyboard edo irudi bidezko gidoia. Euskal Herrian dago orain Maidagan, etxean, sormen prozesu bete-betean sartuta. Hori bai, bere ibilbidearen istoriotik hasita beste mila kontatzeko prest aurkitu dugu.

Maidaganen istorio pertsonala Gueñesen hasi zen, azkeneko zazpi urteotan AEBetan idatzi baditu ere kapitulu berrienak. Bertan zinemagintzan eta telebistan egin du lan. Azken boladan story artist gisa aritu da, eta ez edonon: 20th Century Fox konpainian. Esan bezala, storyboard edo irudi gidoiak egiten aritu da, hau da, Maidaganen hitzetan, filmen «bertsio primigenioak» egiten. «Eszena guztiak zehazten dituzten mugimenduzko komiki modukoak dira eta behin-behineko soinu bandarekin muntatzen dira». Hasierako lan horren bidez, filmaketa lanetan edo animazioan sartu aurretik istorio batek zelan funtzionatzen duen ikusten da, eta produkzio erdian ager daitezkeen arazoei irtenbidea emateko aukera ere izaten da. «Zerotik filma imajinatu eta ondoren datozen ehunka pertsonentzako gida bisuala sortzen duen zuzendari txiki baten modukoa zara. Horregatik, animazioan, zinema zuzendariak storyboard artist gisa hasi ohi dira», argitu du Maidaganek.

Barrura begira, lan hori «jatorrietara itzultzea» bezalakoa dela dio gueñestarrak: «Txikitan egiten nuenak izen tekniko bat daukala deskubritzearen parekoa izan da, zinemagintzan guztiz funtsezkoa den lan bat dela. Gainera, hori egiteagatik ordaindu ere egiten dizute!». Eta jatorri horietara salto eginez, kontatu du Maidaganek Zaramillo Gueñesko auzoaren eta Bilboren artean hazi zela. Bilbon zuen eskola, baina herrian bizi zen; «nire lagun gehienak Bilbokoak ziren eta ni tren bidaien menpe izaten nintzen beti lagunekin elkartu ahal izateko», gogoratu du. Dioenez, ondorioz, ez zuen afaldu aurreko futbol partidarik izaten, eta orain, atzera begiratuta, konturatu da agian arrazoi horregatik jaio zela bararengan marrazteko zaletasuna.

Eskola eta institutu garaiez oroitzapen bereziak ditu. Goizeko lehen orduko klaseetara berandu heltzen zen beti, matematikak gorrotatzen zituela ez du ezkutatzen, ezta historia eskolak maite zituela ere. «Herrian nengoenean etxean egotekoa nintzen, eta, irteten nintzenean, mendira joateko izaten zen gehienetan», segitu du. «Oso gustuko dut mendira joatea eta jarraitzen dut joaten». Zaletasuna horren atzean irudimen ariketa garrantzitsu bat ere badago. «Euskal Herriak paisaia izugarriak dauzka, begiratzearekin bakarrik inspiratzen zaituzte», azaldu du.

Ikasmahaia, euskarri maiteena

Imajinatzekoa da Maidagan, begiak itxita, garai hartako oroitzapenak burura ekarriz. «Txikitan, artzaina zen nire osaba bati gailur bakoitzaren historia kontatzeko esaten nion. Horrek guztiak liluratzen ninduen; egun parez pare ditugun mendi horiek berak tropa erromatarrek zeharkatu zituztela edota gerlari bikingoek ikusi zituztela pentsatzeak liluratzen ninduen», azaldu du ume baten begiekin begiratutako mundua gogoan.

Irudimen hori ez zen urteekin joan, beste forma, ideia eta eszena batzuk hartzen joan zen. Iker Maidagan umeak, izan ere, oso gustuko zituen zinema eta marraztea. «Komikiak pobreen zinema direla diote, eta nik ez nuenez ez kamerarik ezta film labur bat egiteko laguntzeko prest zegoenik ere, komikiak egiten nituen. Hogei komiki inguruko bilduma izatera ere heldu nintzen, bakoitza berrogei orrialdekoa», gogoratu du. Komikiak egiteko «beharraren» atzean zer zegoen aitortu du: «Dibertitzen ninduena ez zen marraztea, marrazkiekin istorio bat kontatzea baino».

Irudimenaren mundu horretan ikasgeletan aurkitu zuen euskarri gustukoena Maidaganek: geletako ikasmahaiek xarma berezia zuten marrazteko. «Ikastetxeetako mahaiak arbela bikainak dira arkatzendako; papera baino askoz gustukoagoak ditut marrazteko eta faltan botatzen ditut», aitortu du.

«Jurassic Park» filma

Muralak, mota guztietako eszenak, itsasontzien batailak, paisaiak, edozerk har zezaken marrazki itxura. «Azkenerako nire ikasmahaia espektakulu bilakatu zen eta garbitzaileek garbitzeari ere utzi zioten. Hurrengo goizean itzuli eta han zeuden nire marrazkiak, gainontzeko mahaietakoak ezabatzen zituzten bitartean», gogoratu du irribarrez. Institutuko azken egunean, hutsik zegoen ikasgela batean sartu zen azken orduan: mahai guztiak batu eta marrazki erraldoi bat egin zuen. «Inork hau ikusten badu orain, ba bai, ni izan nintzen, baina pentsatzen dut orduan ere imajinatuko zutela...», kontatu du.

Irudimenez betetako motxilarekin, gazte-gaztea zela erabaki zuen zinemagintzan lan egin behar zuela. Zehazten duenez, “Jurassic Park” filma ikusten hartu zuen erabakia. Pelikula hori «bere belaunaldiaren ‘Star Wars’» izan dela dio. Dinosauroekin «flipatzen» zuen ume batentzako, «magia hutsa».

Gogorragoa izan zen AEBetara salto egitearen erabakia. Jauzia egindakoan, hori bai, «inoiz inora» ez zela helduko pentsatu zuen. Aurretik, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasteko nota nahikorik ez zuela-eta EHUn kazetaritzan matrikulatu zen, baina bi urteren ondoren ikusi zuen hura ez zela bere bidea. Gauzak horrela, zerotik berriro hasi behar izatekotan, pentsatu zuen Bartzelonan edo Madrilen egin beharrean hobe zela helmugatik hurbilago egitea, eta New Yorkera joateko aukera aztertzen hasi zen. «Urte bi eman nituen ingelesa ikasten, eta, tartean, kazetaritza bukatu nuen. Azken azterketa bukatu bezain pronto, notaren zain egon gabe, AEBetara bidean nengoen».

Behin New Yorken, film laburrak, lan amateur andana eta Brooklyneko animazio estudio batean egindako praktikak heldu ziren, AEBetan oso ezaguna zen “Ugly Americans” telebistako sailean. Hangoak ere bere istorioa badu. Gogoratu duenez, produkzio batean lanean ari ziren, baina sekretismo izugarriz jokatzen zuten arduradunek; langileei ere ez zieten ezer esaten. Egun batean, Owen Wilson aktore ezagunaren antz handia zuen pertsonaia baten eszena bat enkargatu zioten. Hain zuzen, “Zoolander” filmean oinarritutako telebistarako sail labur bat prestatzen ari ziren.

Ostean, “Mirage” film laburra zuzendu zuen Maidaganek Dana Terracekin. Maidaganen gidoia duen lanak nazioarteko jaialdi ugaritan parte hartu zuen, eta, izandako harrera onari esker, 20th Century Fox etxeko Blue Sky Studios animazio estudioetan story artist gisa lan egiteko aukera sortu zitzaion.

Kontuak kontu, baina, publiko handiaren begietara saltzen diren galek, sariek, glamour-ak... zerikusi gutxi dute Maidaganen hitzetan zinemagintzaren egunerokoarekin. Dirua irabaztea helburu duten konpainia erraldoietan, «kezka handiak dituzten sormen handiko lagunak daude, baina baita sistemaren parte diren pertsonak ere», esan du, eta, estudioaren arabera, batzuek besteek baino pisu handiagoa dutela gaineratu du.

Maidaganek parte hartu duen hiru film labur daude orain zinemetara bidean; lehena aurki estreinatuko da, eta, beste biak, berriz, batek daki. Azaltzen duenez, animazioko film batek hiru urte behar ditu hasi eta bukatzeko, atzerapenik ez bada, «eta niri katearen hasierako lana tokatzen zait». Besteen lanetan aritu ostean, hori bai, bere proiektuetan dago orain murgilduta. Aurreratu dezakeen bakarra bi film labur eta luze batean ari dela, hortik aurrerakoa...•