Amagoia Mujika
Entrevue
Jon Maia Soria
zumaia, 1972

«Immunitate sentsazioa galdu egin dut eta ez diot beldurrik porrotari»

Amagoia Mujika Telleria

Txapelketa lehen urratsetik ibili du, pauso deserosoz batzuetan eta gailurrak marraztuz tarteka. «Zerotik» eta «zero azpitik» abiatu dela sentitzen du, eta, horri esker, porrotari beldurra galdu dio. Bere tokia topatu ezinda osatu du txapelketa, baina, aldean daramatzan finalen eskarmentuarekin, Illunben etxean bezala senti daiteke.

Azkenean, Illunbe. Bidea amesgaizto bihurtu al zaizu tarteka?

Euskal Herriko txapelketatik era eskas horretan kanpoan geratu nintzenean, ez nekien inoiz berriz bueltatuko ote nintzen txapelketa batera. Zona zero horretatik abiatu nintzen eta erabaki nuen Gipuzkoakoan parte hartzea, nire baitan palanka efektua egingo zuen zerbait behar nuelako, egoerari buelta emateko zerbait. Era berean, Euskal Herrikoa era horretara ez bukatzeko saiakera ere egin nahi nuen, eta derrigorrezko bidea zen Gipuzkoakoa.

Bi arrazoi horiei helduta hasi nintzen, autokonfiantza nahikoa ukituta. Txapelketa hau izan da txapelketetan nire autokonfiantza berreskuratzeko bide bat. Gainera, hainbeste urtean Euskal Herriko finaletan kantatuta perspektiba galtzen da, eta honek behartu nau, denok bezala, bide luze hau egitera. Zerotik ekin diot, gauza batzuetan baita zero azpitik ere. Urte osoko lana izan da, eta, orain, oso pozik nago nire buruarekin, nahiz eta bidea oso baldintza berezietan egin dudan.

Toki deserosotik aritu zara.

Bai, eta ez inork toki deserosoan jarri nauelako. Nik erabaki nuen parte hartzea eta baldintzak berdinak dira denentzat. Txapelketa honetan nagusi diren bi belaunaldietatik kanpo nago, ez bertsolarien artean bakarrik, baita zaleen artean ere. Gainera, nik nire beldurrei aurre egin behar izan diet. Hernaniko nire lehen saioa oso trago txarra bezala gogoratzen dut; igande goizez, areto erdi huts batean... Gogoratzen naiz nola joan nintzen bezperan gaizki pasata, baita goiz hartan bertan ere. Une batean eskolartekoan izaten nituen sentsazioak piztu zitzaizkidan...

Txapelketako bidea terapia bat izan dela esan duzu.

Bai, aurre egin behar izan diet zalantzei, beldurrei, galdutako konfiantzari, eremu eta bertsokide berriekin funtzionatzeari... Nire bertsolari bidea, egia esan, erronka etengabeko bat izan da, gaztetxotatik. Nire unibertso kulturaletik eta nirea bezalako etxe batetik zetorren bertsolaria nintzen hasiera hartan eta etengabe nire burua gainditzen aritu behar izan dut. Hala ere, ez nuen espero bertso ibilbideak trantze honetan jarriko ninduenik, nire mugak gainditzeko ariketa honen aurrean jarriko ninduenik. Kasu honetan muga horiek ez dira goitik izan, behetik baizik. Azpi-azpitik hastea izan da erronka eta nire burua gainditzeko prozesua. Behin lortu dudala, sekulako garaipena bezala bizi dut. Bidean pentsatu izan dut «zer egiten dut hemen?», «zer behar daukat?». Baina orain, oso pozik nago.

Plazan oso goitik zabiltza. Txapelketan, oso lotuta.

Txapelketetan beti estutzen naiz asko, baita fisikoki ere. Txapelketa honetan sekulako poza eman dit Zizurkilen egin nuen saioak. Lasai, fresko eta gustura aritu nintzen. Ez dut uste inoiz hain ondo kantatu dudanik txapelketa batean. Baldintza oso berezietan aritu nintzen, bezperan Bartzelonan egona nintzen Athleticen finala ikusten... Gerora saiatu naiz orduko baldintzak errepikatzen, baina ez dut hain sentsazio onik lortu. Saio bakoitzak sentsazio desberdinak utzi dizkit, baina pozik nago guztietan lortu dudalako aurretik txapelketetan ukitu gabeko gailurrak ukitzea; Zestoan ofizioka, Beasainen bakarkakoa... Orain lortu nahi dut pieza solte horiek saio bakarrean biltzea, Illunben esaterako.

Noizkoa da zure azken txapela?

Eibarren kartzelakoan aipatu nuen: Xenpelar sarikoa izango da, 17-18 urteren bueltan, bi urtetan jarraian jantzi nuen.

Ondo legoke Gipuzkoakoa, ezta?

Poza emango lidake. Txapelaren bueltan ibili naiz txapelketa askotan, ez naiz inoiz oso urrun geratu, batzuetan hurbil samar ere bai. Ez dakit muga psikologikoren bat ote daukadan txapelarekin... Aurtengoa hain txapelketa berezia izanik, agian baldintza egokiak eman daitezke nik nahi dudan finala egiteko. Egin behar izan dudan ibilbide luzeak sakontasun bat ematen dio. Sentsazio asko piztu zaizkit txapelketa honetan, baita 1997ko Euskal Herriko Txapelketako nire lehen finala ere. Pentsa, ordezko hasi nintzen txapelketa horretan eta finalera ailegatu nintzen.

Porrotari ez omen diozu beldurrik.

Ez, penitentzia modukoa pasatu dudalako. Probatu dut disgustua, porrota, zerotik hastea... Bertso ibilbidean une batean txapelketetan goi samarrean sentitzen zara eta immunitate sentsazio bat sartzen zaizu. Galdu egin dut immunitate hori, bat gehiago sentitzen naiz, eta, Euskal Herrikoan hartu nuen kolpearen ondoren, ez dut handiagoa hartuko.

Porrotari beldurra galdu diot. Porrota, hala ere, oso gauza pertsonala da. Baina, zentzu horretan, oso liberatuta sentitzen naiz finalari begira; ez dut obligaziorik sentitzen, libre sentitzen naiz.