«Kolonbian intentsitate handiz ospatzen dira Gabonak; Euskal Herrikoak hotzagoak dira»

Hamabost urte dira jada Johanna Lopez, Juan Casas eta euren familiak Kolonbia utzi eta Euskal Herrian lur hartu zuenetik. Ia beste hainbeste Gabon bizi izan dituzte, beraz, sorterritik kanpo; pertsona nahiko autorizatuak dira jada Euskal Herriko eta Kolonbiako Gabonen arteko ezberdintasunez hitz egiteko. Sei kideko familia osatzen dute; elkarrekin igaroko dituzte Gabonak.
Noiz iritsi zineten Euskal Herrira?
2000. urtean iritsi ginen Euskal Herrira; gaur hamabost urte, beraz. Bizitzaren beraren bilakaerak eraman gintuen Kolonbia utzi eta Euskal Herrirako bidea hartzera. Zarautzen egin genituen lehenengo bost urteak, Azpeitian hurrengo bostak, eta Zestoan azken bostak. Gainera, taberna bat daukagu Zestoan duela zortzi urtetik.
Ahots autorizatua duzue, beraz, Kolonbiako eta Euskal Herriko Gabonez hitz egiteko.
Alde handia dago herrialde batean eta bestean Gabonak ospatzeko moduan. Kolonbian askoz ere gehiago bizi direla esan genezake, askoz ere intentsitate handiagoz bizi direla. Azaroan sartuz gero sumatzen da Gabon giroa han: irrati kate guztiak Gabon kantak jartzen hasten dira, Gabonekin zerikusia duen musika jartzen dute, etxe guztiak apaintzen dira –pobre zein aberats–... Gainera, nolabaiteko lehia ere sortzen da ea etxeak nork apaindu duen gehiago.
Gu Medellin hirikoak gara. Hiria zeharkatzen duen ibai bat dago, oso zabala dena, eta Udalak guztia apaintzen du; kilometro pila bat betetzen ditu apaingarriz. Zentzu horretan, Udalaren inplikazioa ere oso handia da.
Baduzue nolabaiteko tradizio berezirik Gabonetako ospakizunetan?
Kolonbia oso herrialde katolikoa da. Hori hala, etxe guztietan “bederatzigarren gabonsaria” delakoa ospatzen da, hau da, Jesus haurra jaio baino bederatzi egun lehenago –abenduaren 16tik 24ra bitarte– gauero familia guztiak elkartzen dira zuhaitzaren eta jaiotzaren bueltan errezatu eta Gabon kantak abesteko.
Gabon gaueko eta Eguberrietako ospakizun guztiak, berriz, kalean egiten dira. Auzoak ixten dira autorik igaro ez dadin, eta familia guztiak kalera ateratzen dira ospakizunetara. Jaiak 24an hasi eta 25ean jarraitzen du; inor ez da bere etxera joaten gaua igarotzera. Sua egiten da kalean, eta txerria hiltzen da ondoren. Musikak garrantzia handia hartzen du, eta pertsona helduek natillak egiten dituzte. Jan eta edan guztia familia eta lagunekin elkarbanatzen da.
Nola oroitzen dituzue Euskal Herrian igaro zenituzten lehenengo Gabonak?
Hemen ikusten duguna da oso Gabon hotzak direla: ez dago bolbora hotsik, irratian ez da Gabon kantarik entzuten... Giroa askoz ere hotzagoa da, nahiz eta tartean behin ikusten den Gabonekin zerikusia duen argiren bat edo beste.
Lehenengo aldiz etorri ginenean horrek harritu gintuen. Argi gutxi ikusten genuen kalean, etxeetan ere ez zen askorik antzematen; gureak, gainontzekoekin alderatuta, kristorena ematen zuen. Zarautzen igaro genituen lehenengo Gabonak oso tristeak izan ziren. Sorterria utzi berriak ginen eta ez geneukan lagunik bertan. Giroa ere oso hotza zen, eta horrek ez zuen batere laguntzen. Negar asko egin genuen. Kolonbian intentsitate handiz bizitzetik, familian eta jende askorekin batera, Zarautzen guk geuk bakarrik eta hoztasun horrekin ospatzera igaro ginen. Oso gogorra izan zen.
Zein esango zenukete dela bi herrialdeek Gabonak ospatzeko orduan duten ezberdintasun nagusia?
Alderaketa bat egitearren, esan daiteke Gabonak Kolonbian igarotzeko moduak futbol esatari argentinar batekin duela zerikusia, eta Euskal Herrian igarotzeak esatari euskaldun batekin. Hemengo Gabonekin ohitua dagoen bat Kolonbiara joango balitz... harrituta geratuko litzateke!
Urte berriari ongietorririk ere egingo diozuela pentsatzen dut.
Abenduak 31 gaueko ospakizunak are intentsuagoak dira. Pertsona batzuk maleta hutsak eskutan hartuta ateratzen dira kalera, gauza txarrak hor sartu eta urte berria ongi hasteko. Kafea ere mahai azpian sartzen da, uzta berrian zortea izateko. Eta bolborak eta musikak indar handia hartzen dute: diru bilketa bat egiten da eta panpina bat bolboraz betetzen da, kanpaiak jotzen hastean lehertzen dena.

