Sorterritik ekarritako usadioei Euskal Herriko ahotsa eta itxura ematen
Haurtzaroko Eguberri ospakizunek arrasto luzea uzten dute. Horregatik, sorterritik urrun daudenek, jatorrizko Eguberri sasoiko usadioak erabat galdu gabe, moldatu egiten dituzte gehiago edo gutxiago. Familia eta jan eta edaneko bilkurak izaten dira bai han bai hemen, ia salbuespenik gabe, ospakizunon muina.

Familia eta jan eta edana. Han, hemen eta hurrengoan horiek dira Eguberri sasoiko osagairik garrantzitsuenak. Hala aitortu dute Taniak, Maxik, Mari Josek, Mohamedek, Guyflorentek, Corneliok eta Jubak. Mahaiaren bueltan topatu ditugu Villabonan. Banaiz Bagara elkarteak antolatutako saioetan parte hartzen dute eta astean ordu eta erdiz euskaraz mintzatzen dira elkarrekin, elkarri lagunduaz. Gabonetako oporren atarian askaria antolatu dute. Koloretsu dago mahai gaina, han eta hemengo jakiez beteta.
Leihotik sartzen da kalean zintzilikatutako apaingarrien dirdira eta haren aitzakian Eguberrien inguruan aritu gara batutakoekin, nola ospatzen zituzten euren jatorriko herrietan eta nola ospatzen dituzten hemen.
Tania (Nikaragua) abiatu da hizketaldiarekin. Irribarretsu mintzatzen da, baina bere hitzei nostalgia darie. «Familia da Nikaraguako Eguberri jaien giltza; ahal dugun guztiak elkartzen saiatzen gara, bidaia luzeak egin behar baditugu ere».
Hemen ere ahal duten guztiak elkartzen saiatzen dira, noski, eta haurrak zirela jaten zituztenak jaten ere ahalegintzen dira, «baina zenbait kasutan ez dugu behar dugun osagairik». Nikaraguan Gabon garaian tradizio handiko jakia da, esaterako, nacatamales izenekoa.
Eguberri jaietan Euskal Herriko mahaietan batzen diren jakiek harritzen dute. «Guk han ez dugu ez arkumerik ez arrairik jaten Gabonetan; eta hona etorri nintzenean, atentzioa deitu zidana jai hauetan etxe askotan mariskoa edota zopa jateko ohitura da; halakorik ez dut sekula nire herrialdean ikusi», kontatu du. Nikaraguakoa den Mari Josek buruarekin baietz egiten du. «Nikaraguan jaten diren zopak desberdinak dira, egia esan, baina Eguberri jaietan ez da inoiz ere zoparik menuan sartzen», zehaztu du.
Nikaraguan jaiotako bi emakumezkoek jai hauetan jaten diren jakien zerrenda luzea osatu dute eta haiek zehazteko baliatzen duten arrazoia azaldu dute, mahaiaren bueltan eseritako guztiek adi-adi entzuten dieten bitartean: «Gabon gauean oilaskoa jaten dugu, atzeraka aztarrika egiten duen animalia delako; horrela, urtean zehar izan ditugun pasadizo txarrak atzean uzten ditugu. Urtezahar gauean berriz, txerrikia jaten dugu; txerriak muturraz aurreraka egiten du aztarrika eta modu horretan urte berriak dakartzan gauza on guztiak gurekin eramaten ditugu».
Bestelako tradizio eta bitxikeriak ere badituzte. Esaterako, urte berria sartzearekin batera, maletak hartu eta kalean zehar ibiltzekoa: «Horrekin nolabait bidaiatzeko asmoa erakusten duzu; nik egin nuen eta urte hartan bertan hona etorri nintzen! Ez dakit eragina izan zuen edo ez –dio barrez– baina nik bidaiatu dut». Gainerakoei irudi hori deskribatzen saiatzen dira nikaraguar emakume biak: «Atearen ondoan kokatuta izaten dira maletak Urtezahar gauean eta urte berrian sartzearekin batera irteten da kalera jendea haiek arrastaka dituela».
Eguberriak 30 gradutan
Kongon jaioa da Guyflorent, eta, tradizio oso desberdinak izanagatik, Eguberri ospakizunak kalean bizitzerako orduan bat egiten du Tania eta Mari Joserekin. «Egia da gure jatorrizko herrialdeetan tenperaturak lagundu egiten duela. Izan ere, 30 gradutik gora ditugula ospatzen ditugu jaiok», aitortu du. Horregatik, hain justu, Euskal Herritik kanpo toki askotan opariak ekartzen dituen Bizarzuriren jantziak ere asko aldatzen dira batetik bestera. «Gurean udako trajez janzten da!», diote barrez.
Gabon gaua, familian igarotzen da kasu guztietan: «Familia denetan egoten dira arazoak, baina Gabonetan ez; nahiz eta arazoak egon, haiek ahaztu egiten dira egunotan», aipatu du Guyflorentek. Urtezahar gauean egiten den ospakizun handiarekin akordatzen da batez ere. «Urte berrian sartzea gauza handia da eta jai handia egiten da hori ospatzeko, haur eta heldu irteten da kalera, kantatu eta dantzatzeko», oroitu du.
Mohamed aspalditik bizi da Euskal Herrian, Zizurkilen, eta aspaldian ezagutuak ditu Olentzero, kantu-eskea eta gainerako ohitura eta tradizioak ere, besteak beste, «etxeko haurren bitartez». Egun ez du alderik ikusten Gabonak ospatzeko duten moduan; «hemen ere etxe batetik bestera alde handiak» daudelako bere iritziz.
Haurretan bizitako Eguberriek badute halako indarra gure burmuinetan, eta, hori dela eta, guztiak saiatzen dira euren herrialdeetan izandako bizipenak gerturatzen. «Nik gehien faltan botatzen dudana musika da, Gabonak batez ere entzun egiten dira; Eguberri kantuak kantatzen ditugu, noski, baina gure herrialdean oso ohikoa da bestelako musikarekin dantzan egitea. Gabonak festa gisa bizi ditugu eta hemen ere hala saiatzen gara, baina, oro har, Eguberriak ez dira modu berean bizitzen», onartu du Taniak.
Etxeak apaintzea ere maite dute asko. «Nikaraguan oso ohikoa da etxea apaingarri eta argiekin betetzea, hemen baino askoz gehiago. Lehiaketak ere egiten dira etxerik ederrenak saritzeko», gogoratu du. Hala, oso ohikoa da jendea auzokoen etxeetan sartzea bertan kokatutako apaingarriak ikustera: «Ateak zabalik egoten dira beti».

Jendetza elkartuta
Corneliok kontatu du Errumanian ospakizunetarako herriko kultur etxean batzeko joera dutela, «familia handian», beraz: «Hiru eguneko jai egiten da: bertan jan, jolasak egin, abestu... egiten da», azaldu du. Euskal Herriarekin alderatura, alderik handiena jateko orduan nabari duela dio Villabonako bizilagunak: «Han txerria hazi eta bestelako jakiak erein egiten dira Eguberri jaiei begira. Mahaira ateratzen den guztia prestatu egiten da; ez da erosi eta besterik gabe mahaiaren gainean jartzen; azken batean, janaria prestatzea bera jaiaren parte da guretzat», aipatu du, gaur egun ere «txerririk hazi ez», baina prestaketa horretan denbora asko pasatzen dutela aitortuta.
Ospakizunetan jendetza hori ez batzea da faltan gehien botatzen duena. «Hemen familiak batzen dira, bakoitza bere etxean, baina jai hauek ez dira herritarren artean ospatzen».
Jubak sorterri duen Marokoko Rif eskualdean, nahiz Euskal Herrian bertan, Eguberrietako tradizioak asko aldatu direla gogoratu du. Maxik ere hala dio, lehen erlijioarekin lotutako tradizio asko zirelako. Rifen aurten 2.956. urtean sartzea ospatuko dute etxe askotan, gure urtarrilaren 11n, gainera. «Aspaldiko tradizioan oinarritutako egutegia da gurea, seguru asko, denboran luzean mantenduko ez dena. Mendialdean bizi diren familiek, nireak bezala, mantentzen dute ohitura hau; ospakizunetan elkartu eta fruitu lehorrak jaten ditugu». Festa handia da eurentzat, euren Eguberri jaien «erdigune», eta, noski, sorterritik kanpo ospatzea oso zaila dena. Euskal Herrian astelehenez eta lanegunez egokituko bada ere, urtarrilaren 11 egun berezia izango da zalantzarik gabe gaztearentzat.
Batera nahiz bestera ospatu Eguberri jaiok jaiotzen ikusi zituzten herrialdeetan, irrikaz entzuten dituzte Iratxeren ahotik Euskal Herriko ohitura eta xehetasunen inguruko hitzak, baita euskarazko Gabon kantuak abestu ere. Eurek ere moldatu dituzte ospakizunak azken urteotan, baina, aitortu dutenez, «haurra zarela bizi dituzun Eguberrietako usadioak ezin dira inoiz ere ahaztu».
Argitalpen akademikoen mafiari erresistentzia

«Euskal Herrikoan kantatzea ederra litzateke, Xalbadorren garaitik ez da baxenabartarrik»
Lotura zuzena

Primi Erostarbe, panderojole-irrintzilari aparta gizonezkoek okupatutako plazan
