Amaia U. Lasagabaster
Entrevue
Leire Landa
Bartzelonako futbolaria

«Bueltatzean konturatu ginen zer-nolako oihartzuna eduki zuen txapelketak»

Hamarkada luze bat elitean aritu ondoren, bizitzako ametsa bete zuen irundarrak ekainean, Kanadan lehiatutako Munduko Txapelketan parte hartuz.

Mendeko partida» etiketa urtean zehar bizpahiru aldiz erabiltzen duen kirolean, agerikoa da hitzordu garrantzitsuak ez direla falta. Futbola da, bai. Emakumezkoen futbola, hain zuzen ere. Liga amaiera estuak, final parekatuak edota play-off pilpiragarriak eskaintzen dituena, asko lau urtetan behin besterik ez badira jabetzen ere. 2015ean asko izan dira lehen aldiz probatu dutenak, baita engantxatu direnak ere, Kanadan lehiatutako Munduko Txapelketari esker. Sei euskaldun egon ziren bertan: Philippe Bergeroo Frantziako hautatzailea eta bost jokalari; Ainhoa Tirapu, Irene Paredes, Eli Ibarra, Erika Vazquez eta GAUR8rekin hango esperientziak gogoratu nahi izan dituen Leire Landa.

Zaleontzat ezinbesteko hitzordua bada, ezin dut imajinatu ere egin zer izango den jokalari batentzat Munduko Txapelketan parte hartzea.

Guretzat ere, unea heldu arte, ez da erraza. Imajinatu imajinatzen duzu, baina zure izena deialdian ikustean, Munduko Txapelketa benetan jokatu behar duzula konturatzen zarenean... Zeresanik ez bertan zaudenean, lehiatzen. Futbolean bizi izan dudan momenturik gorena da, dudarik ez. Gainera, nire kasuan, zer-nolako urtea pasatu nuen kontuan hartuta (belaunean lesio larria jasan ondoren, Kanadara bidaiatu baino hilabete gutxi lehenago itzuli nintzen zelaira), are bereziagoa izan zen. Izan ere, nire izena entzun nuenean, negarrez hasi nintzen.

Eta behin Kanadara helduta? Zu goi mailako taldeetan ibili zara, baina ez dakit aurretik horrelako zeozer bizi izandakoa zinen...

Ez, esperientzia bakarra da, nire bizitza osorako gordeko dudana. Egia da zu zure hotelean kontzentratzen zarela, eguneroko lana egiten duzula... nolabait deskonektatu egiten duzu. Baina zelaietako giroa ikustean, aurkariak, zenbat komunikabide, zer-nolako arreta... Eta kirol maila bera, noski, exijentzia, jokoa... Ez dago konparatzerik.

Kanadako Txapelketari esker emakumezkoen futbolak sekulako bultzada nabaritu du. Telebista audientziak, zelaietara hurbildutako jendetza, komunikabideen arreta... izugarri igo dira hainbat lekutan.

Nik ere nabaritu dut. Lehen esan dizudan bezala, Kanadan egon ginen bitartean burbuila antzeko batean bizi ginen. Hotela, lan-saioak, norgehiagokak..., zure lanarekin, egunerokotasunarekin, nahikoa daukazu. Gainera, kirol mailan, sekulako esperientzia bizi bai, baina ez genuen geure helburua lortu, azken batean bederatzi puntutik bakarra lortu genuen, ez genuen lehen fasea gainditu talde polita izan arren... Esperientzia gazi-gozoa izan zen alde horretatik. Baina etxera heldu eta jendeak zoriondu egiten gintuen, esaten zigun ikusi gintuela... Bueltatzean konturatu ginen zer-nolako oihartzuna izan zuen txapelketak, orokorrean hartuta, alde batetik eta nola estimatu zuen hainbat jendek guk geuk egindako lana, bestetik. Komunikabideetan, sare sozialetan..., bai, bultzada hori nabaritu da. Izan ere, bitxikeria bezala kontatuko dizut, kanpora jatera joan eta pare bat aldiz pasatu zait zerbitzariak ezagutzea; hori ez zait inoiz pasatu Munduko Txapelketaren aurretik.

Zoritxarrez, itsasaldien moduan, gora eta behera egiten dute askotan mugimendu hauek.

Horrela da, askotan olatua etorri bai baina ez dugu jakiten nola mantendu hor gainean. Baina oraingo honetan urrats bat egin dugula uste dut. Adibide gisa, komunikabideek Espainiako selekzioari eskaintzen dioten arreta handiagoa.

Kanadatik bueltan egunkari orri eta irrati ordu asko eskaini zizkizueten selekzioan bizi izandako ekaitza zela-eta.

Egia esan, ez daukat argi ondo ala gaizki egin genuen, hitz egiteko unea zen edo ez... Baina horrela suertatu zen.

Behintzat kasu egin zizueten. Zuek eskatutako hainbat aldaketa egon dira.

Bai, egoera desberdina da orain. Lehen kontzentraziora joan ginenean denon artean hitz egin genuen, aurreko guztia ahaztu behar genuela adostuz, zerotik hasi, bide berri bati ekin. Gugatik eta batez ere atzetik datozen belaunaldiengatik.

Ez da aurrerabide bakarra izan azkenaldi honetan. LFPren interesa, kluben elkartea... Hainbat mugimendu dago.

Eta horrela jarrai dezala. Ni Oiartzunen hasi nintzenetik gauza asko aldatu dira, baina bide luzea daukagu aurretik eta badirudi etapa berri bati ekin diogula. Ideia berriak, ilusio berriak...; ekimen guztiek ez dute arrakasta lortuko beharbada, baina denak dira eskertzekoak.

Ilusionatuta ikusten zaitut. Ez duzu uste horiek guztiak, besteetan gertatu den bezala, teoria hutsean geratuko direla?

Baliteke. Aurretik gertatu da, bai, beharbada gure itxaropenak handiegiak zirelako, planteamendu zehatz batzuentzako une egokiena ez zelako edo benetako borondaterik ez delako egon. Baina arrakastarik gabeko asmoak ere beharrezkoak izaten dira aurrera egiteko, nolabaiteko oinarritzat har daitezke, hurrengo saiakeran akats berberak ez egiteko edo nondik hasi behar den jakiteko. Eta gainera, aurrerapenak egon egon dira, beti gehiago nahi badugu ere. Nik aldaketa handia ikusten dut, nabarmena. Nola lantzen duten taldeek nesken futbola, nola zaintzen duten klubek... Lehen neskak gaueko 21.00etan entrenatzen ginen, mutilen alebin taldeak amaitu eta zelaia libratzen zenean. Egun, hori aldatu da. Eta horrekin batera metodologia, prestakuntza... Poliki doa, baina aurrera doa. Argi dago gauza asko lortu behar ditugula oraindik, eta ez naiz sartzen gizonezkoen futbolarekin konparaketan, ez nabilelako horretaz hitz egiten, gure eskubideez baizik. Bidea dago ibiltzeko, baina dagoeneko ibili ere ibili dugu. Neuk behintzat sekulako saltoa eman dut.

Emakumezkoen futbolaren aldeko apustu garbiena egin duten taldeetan jokatzeko aukera izan duzu. Oiartzunen hasi eta Bartzelonan amaitu arte Realean, Atleticon eta Athleticen aritu zara.

Bai, sekulako zortea izan dut. Baina talde horietan ere ikusten da komentatu dugun bilakaera. Gaur egungo Atletico ez da nik ezagutu nuena, orain apustu askoz ere handiagoa egiten du. Eta orain dela urte batzuetako Bartzelona ez da gaur egungoa, oso profesionalizatuta dagoelako, aurten gainera beste urrats bat eman du. Egia esan, pribilegiatu bat sentitzen naiz.

Errealitate hori, zoritxarrez, ez da maila osoarena.

Ez, oraindik asko daude autobusean 20 ordu eman behar dituztenak partida bat jokatzeko. Baina talde xumeenetan ere eboluzio bat egon da. Beren neurrian, ahal duten neurrian, apustu bat egin dute eta gero eta sendoagoa da apustu hori.

Gakoa, beharbada, hor dago. Erantzukizuna beti egon dela, oso-osorik, kluben eskuetan.

Ziur aski. Eta hau denon artean egin behar dugu. Federazioek, erakundeek, klubek, jokalariek, komunikabideek... Bakoitzak bere neurrian lan egin behar du aurrera egin nahi badugu. Eta ziur nago denok ahalegintzen bagara lortuko dugula.