Jon GARMENDIA
Entrevue
Miren Aire
Urepeleko artzaina

«Uste dut betidanik izan naizela artzain, ttipidanik izan dut aments hori»

Kattalin eta Alaitz alabekin bizi da Ithurbelcian, Urepelen, eta arditegian 200 arditik gora dituzte. Bere aitatxi Xalbador Urepeleko artzaina zen eta Miren Aire ere halaxe da, txikitandik garbi izan baitu bere ametsa: artzain izatea. Ez da lan samurra, oso lotua ere bada, baina Mirenek zail du bere bizimodua beste manera batean imajinatzen.

Zeruan laino batzuk ageri badira ere urdin esnatu da eguna Urepelen, Baigorri-Ortzaize eskualdean eta Aldudeko bailaran kokatzen den Nafarroa Behereko herri ttipian. Han bizi da Kattalin eta Alaitz alabekin Miren Aire, eta abizen horrek egin du herrixka hau Euskal Herri osoan ezagun, Fernando Aire Xalbador bertsolariarenak hain zuzen; justuki, Miren, haren bilobetako bat da. Kantaria ere bada, ezaguna gainera, Amaia eta Paxkalinekin 1992. urtean sortu zuten Aire Ahizpak taldeak auzo eta herri anitzetara eraman baitu beraien ahotsaren melodia sarkorra. Orain bi urte atera bazuten ere bere disko bakarra den “Bidexka”, biziki ezagunak egin diren kantuak dituzte, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren kantua den “Arrosako zolan” adibidez. Ez da harritzekoa, beraz, Mirenek hitz egiterakoan agertzen duen ahots eztia, ez eta bere euskararen ederra ere, nafar-lapurteraren nahasketaz osatua. Baina batez ere artzaina da Miren. «Uste dut betidanik izan naizela artzain, ttipidanik izan dut aments hori, aita [Mixel Aire] hala ibiltzen zen, eta ni hari beha egoten nintzen nahiz eta ez nuen usu ikusten, kanpoan ibiltzen baitzen ardiekin lurrik gabea izanki; gero denbora batez ahantzia izan nuen artzain izaiteko asmo hura, baina 19 urte nituelarik amentsa egia bilakatzea deliberatu nuen; lagunek aipatu zidaten argi ikusten zela artzain gisa bizi behar nintzela, betidanik aipatu nuela gauza bera, eta hara zertan nabilen!».

Ongietorria hitzokin eman digu bizi den Ithurribelcia etxean, 1863. urteko baserri arraberrituan, bere amaren sorlekua izan zen etxean. Ithurribelcia eraiki baino urtebete lehenago bilakatu zen Urepele herri independente, ordura arte Aldudeko zati izan baitzen. «Jean Inda eta Jeanne Ohacoren ezkontzak ekarri zuen etxe honen eraikitzea, gure zuhaitz genealogikoan daude biak, bat han aitzinean ikusten duzun etxekoa zen, Iturribeltzekoa, egun ene osabak bizi diren etxaldea da, eta, bertzea, aldiz, han gibelean den Xalixelekoa. Ezkondu zirenean bi etxe haien erdibidean eraiki zen hau, garai hartan hala egiten zen usu», irribarre batekin kontatzen digu egun bizi den etxeko historia eta baita nola urte luzez hutsik egon zen ere, bere eskuetara ailegatu zen arte.

Ama Marimixel han sortua zen, eta lotura sendo horrez gain, ardiekin urte osoan aritzeko eta bizitzeko toki aproposa zen Mirenentzat, beraz, arraberritzeko lan guztiak egin ondoan, han finkatu ziren. Justuki, Marimixel etorri zaio laguntzera gaurkoan, ama. «Barda 100 pinta (litroa) esne galdu ditut, esnea berotzen utzi nuen, eta sua itzalita utzi nuela pentsatu banuen ere emeki-emeki egosten jarraitu zuen eta dena kiskali egin zen. Gaur ama garbitzen laguntzera etorri zait, bere eskuek ez dute parekorik». Lan anitz egin behar dela pentsatu dugu 100 litro esne ukaiteko, eta lan izerdia alferrik isuri den sentsazioak mingotsa behar duela izan, beraz, ez dugu askorik sakondu gaian, bisaian ageri baitzaio zoritxarrak eragin diona. Baina bere hastapenak nola izan ziren galdetu eta oroitzapenekin batera itzuli zaio irria ahora. «Bi ginen hasieran, bikotekidearekin hasi bainintzen; 180 ardirekin hasi ginen, batzuk aitak utzi zizkigun, eta bertze batzuk erosi egin genituen. Sei hilabeterako bazkak alokatu genituen Bastidan (Nafarroa Beherea). Guk garai horretan ez genuen lurrik, artzain soilak ginen, etxalderik gabekoak, eta hargatik jo genuen bazkak alokatzera, negua pasatzeko lurretara. Gero udan Urepelera itzuli ginen, mendira, eta ondotik berriro Bastidara joan ginen negua pasatzera. Jakin behar da Bastidako negua biziki ona dela ardiendako, Urepeleko primadera bat bezalakoa baita; artaldearentzat badira pentzeak ausarki, eta aproposa da gasnak egiteko. Azaroan menditik jaistean ardiak ernari egoten dira bestalde, aste batzuen buruan erditzeko prest, eta bildotsak sortzean amaren esnearekin hazi ondoan saldu egiten genituen; hor hasten ginen ardiak jezten, sei hilabetez, goiz eta arrats». Hitz horiekin azaldu digu artzain baten lana zertan datzan, eta sumatu diogu hala-nolako abilezia behar dela batzuk sortzen ari diren mementoan besteez arduratzeko, eta baita ardiez ere, gaztak egiten hasteko...

Eguna ardiei beha

«Neguan, goizeko lehen lana ardiak jeztea zen, eta gero esne hori gasnatu egin behar zen, ondotik bildotsak batarazten genituen, hau da, amari esnea hartu diotela segurtatu, badirelako batzuk ahulagoak direnak edo anitz kostatzen zaienak errapea hartzea, eta haiei lagundu egin behar zaie, ardia lotuta edukita edo errapera hurbilaraziz. Ardiak pentzetara eramaten genituen lehen lanak amaituta, bazkatzera, eta berriro arditegira sartu aitzin tokia ihaurtu behar zen, lasto berria ezarrita, beren etzateko lekua garbia izan zezaten; baziren batzuk zauriekin itzultzen zirenak, herrenka, eta haiek sendatu behar ziren. Eguna ardiei beha pasatzen genuen, haien zerbitzura».

Udan ordea Urepelera itzultzen ziren, sorlekura. Kalean bizi dena mendiak erakartzen duen moduan, mendian bizi dena etxeak erakartzen duela antzeman diogu Mireni, neguko gauzak bildu eta Urepeleko mendietara jiten zirela kontatu digunean. «Garai hori, uda deitzen duguna, sei hilabeteko epea, Urepeleko mendietan pasatzen zuten ardiek, etxetik oren erdi ingurura auto edo motoz; han, kanpoan pasatzen zuten eguna, ez da aterperik, ez eta arditegirik ere, bada etxola tipi bat artzainarentzat, jatorduak egiteko edo gaua pasatzeko, eta gasna egiten aritzen ginen han lehen urteetan, Kattalin sortu zen arte, lehen alaba. Etxolan ez genituen baldintzak haur batekin egoteko, ez behintzat ene gustukoak, izanen da hala egoten denik, ur hotza berotzen, argirik gabe... baina etxera itzuli nahi nuen haurra egoki hazteko, eta gu bietako bat ardiez arduratu».

Bi alaba ditu Mirenek, Kattalin eta Alaitz, eta jolasean dabiltza amari galderak pausatzen dizkiogun artean, lasaiak dirudite, baina eri direla argitzen digu Mirenek, hargatik gelditu direla etxean ikastolara joan gabe. Zalantza gelditu zaigu eri izateak lasaitasunarekin zerikusia ote duen, baina antzematen zaie haurrek berezkoa duten freskotasuna bi neskatxei, bihurriak eta esanekoak balira bezala aldi bertsuan, amak apalago hitz egiteko eskatuta segituan isildu eta laguntzera jarri baitira. «Egia erran anitz laguntzen didate, biziki maite dute ardiekin ibiltzea eta lana arintzen didate». Galdera topiko horietako bat egin diegu orduan, ea etorkizunean artzain gisa ikusten diren eurak, eta buruarekin baietz erran dute biek ala biek; jakina, galderak zekarren erantzuna ia.

Ama-alabak eta 200 arditik gora

Egun, ama-alabak baino ez dira bizi Ithurbelcian, eta arditegian 200 arditik gora dituzte, ardura handia eta lan nekeza, eta zailtasun horretan generoak garrantzirik ba ote duen, hau da, emakume izateagatik zailagoa ote den galdeturik argi erantzun digu: «Lehenik erranen dautzut edonork egin dezakeen lan bat dela hau, bai, baina maitatu egin behar dela, maitatzen baldin baduzu aski lan badelako berez, baina maitatzen ez duenak ez du egiten ahalko aisa, aski neke baita, aski zaila. Egia da langintza honetan ez direla emazteak ikusten usu, baina noski egiten ahal dela, nahiz eta ama izanda biziki zaila gertatzen den; hor dago diferentzia, hor da zailtasuna, hau da, ama batek haurrez okupatzeaz gain etxeko beste betebehar guztietara ailegatzeko aski traba badu, denbora aldetik zein akiduratik. Ene kasuan biziki etapa gogorra pasa nuela badakit, nahiz eta nik ez dudan oroitzen, amnesia moduko bat izan banu bezala da; haurrak ttipiak ziren eta biziki garai zaila zela erran didate, amak adibidez, ardiak eta haurrak baino ez nituela buruan. Erranen dut bizimolde hau nahi nuela, eta harentzat borroka egin nuela».

Segidan, gaur egunean bere eguna zertan datzan kontatzea eskatzen diogu. «Haurrak ikastolara eraman behar ditudalarik biziki goiz hasten da ene eguna, goizeko bost eta erdietan jaikitzen naiz, zazpi eta erdietarako ardiak jetziak eta bazkatuak izan behar ditut. Gero gasnategian hasten naiz, eta egun guztia pasatzen dut gasna egiten, hau da, gaur egiten ditudan gasnak biharamunean behar ditut gazitu, hurrengoan itzuli, eta bitartean berriak egiten noa, gainera, gasna tradizionalaz aparte nik gasna guriak egiten ditut».

Mirenek aipatzen dituen gasna tradizionalak Ossau-Iraty sor-marka duten gasna prentsatuak dira, baina ardi latxaren esnearekin egitea ohikoa ez den beste gasna bat egitea erreusitu du Mirenek, eta bera da bakarretakoa inguru hauetan, bakarra ez bada, Camembert frantsesaren estiloa duten gasna guriak, ogi xigortu baten gainean jarri, labetik pasa, eta dastatzera eman diguna, zentzuentzako festa hutsa, zapore sarkor eta sakona duen etxeko gasna. «Guriarekin desberdina da prozesua, tradizionala goiz batez egin eta hurrengo egunean gatzatuta ontzera uzten dudan gisa berean, guriarentzat egun batez esnea lantzen dut eta gasna egiten; arratsean berean itzuli egiten dira gasna horiek, ondoko egunean itzuli egiten dira berriz, ondokoan ontzitik atera eta gazitu, hau da, lan eskua exijitzen du, eta anitz denbora. Esne pinta bertsuekin egiten dut gasna tradizional bat eta 40 gasna guri tipi, eta horrekin errazago ulertuko duzu zenbat aldiz lan gehiago duen batak bertzeak baino».

Ez zuen aitatxi ezagutu

Ez dizkiogu sekretuak eskatu noski, ez eta zenbat egiten dituen ere, baina bai ohartarazi ardiekin bezala egindako gasnekin nehoiz ez duela egia kontatzen artzainak, zenbat dituen erraterakoan «Bai, hori usu gertatzen da, eta ez dakit zergatik izanen den hala, agian babes moduko zerbait da, nik erran ahal dizut gasna guriari esker hasi naizela pasatako denborari emaitza ateratzen. Bestalde, gasnak egiten dira eta lau-bost hilabeteren buruan hasten naiz saltzen, uda da sasoi hori, eta merkatuetan edo zuzenean saltzen da, etxera gasna erostera heltzen direnak ere badirelako».

Supazterrean du aitatxi Xalbadorren “Odolaren mintzoa” liburua, Airetar guztiek bezala, eta nahitaezko galdera erreferentziala da hari buruzkoa. «Nik ez nuen aitatxi ezagutu, hura hil eta hilabete berantago sortu bainintzen, eta harekin egin ahal dudan lotura bakarra artzaingoari buruz da, edo bertsutan ari delarik herriari buruz, artzain etxolari buruz, haiek ukitzen naute zuzenki. Ni ez naiz bertsulari eta bertsuzale, eta hara, bestalde, Xalbador bertsulari bezala aski berant ezagutu nuen, 15-16 urterekin, ordura arte etxean aitaren aita zelako, artzaina, urepeldarra, eta familiakoa. Uste dut Xalbador nor zen kanpoan ikasi dugula».

Kantuan ere badabil Miren bere bi ahizpekin batera, eta hartarako denbora nondik ateratzen duen galdegin diogu. «Udan denbora pixka bat izaten dut niretzat, neguan egiten baita lanik gehiena, azarotik goiti. Udako sasoi hori baliatzen dut ene aisialdirako, dela kantua edo dela plazer dudan bertze zerbait». Artzaintzaren geroa zertan dakusan galdegin diogu azkenik: «Artzain berri batek menturaz ikusten ez dituen gauzak ditu artzaintzak, eta haiek ikasi behar ditu lehenik. Lehenbiziko hamar urteetan niretzat ere biziki zaila izan zen gauza horiek onartzea eta soportatzea. Ardiekin denbora anitz pasa behar da, biziki lotua da lan hau, neguan arditegiaren preso zara, eta ikusten dituzu lagunak handik hona dabiltzala, festetan edo oporretan, eta zu hor, ardien beha. Udan ere erresponsabilitatea da, gutxiago bada ere ardiek laguntza behar dute, eman egin behar zaie eta lan egin behar da horretarako. Ni orain hasi naiz plazer hartzen ardiekin, hamabost urte baina gehiago pasa direnean, ikusten dudanean ardiak ontsa direla, lana ontsa egina dela; badakit bestalde zerbait sortzen ari naizela eta lanbide bat iraunarazten, eta hori ere garrantzitsua da. Uste dut baldintza hauek onar ditzakeenak soilik har lezakeela artzaingoaren bidea».

Ikusteke dago Airetarren etxean segidarik izanen den artzaintzan, momentukoz plazer handia eragiten du Kattalin eta Alaitz pentze berdeetan ikusteak, gozatzen, ardi zakurrari aginduak ematen, laneko arropa jantzi eta amari ahal duten horretan laguntzen, eta ingurune honetan bertan euskaldun anitzek mendeetan atxikitako bizimoldeari jarraipena eman nahian.