Stephanie Findlay (Afp)
NIGERIA

Biafra askatzeko mugimendua indartu dute klima aldaketak eta errepresioak

Nigeriako fula eta igbo etnien arteko borrokak larriagotzen ari da klima aldaketa. Herrialdearen erdialdean izaten ziren gatazkak hego-ekialdera ere iritsi dira orain, basamortua aurrera egiten ari delako. Horregatik igbo askok Biafraren independentziaren aldeko mugimenduarekin bat egin dute azken boladan.

Fula etniako artzainek egunsentian egin zuten erasoa, goizeko otoitzaldien ondoren. Nimbo herrikoek ezin zuten sinetsi ere egin gertatzen ari zitzaiena. Ñamea eta papaia produktu nagusiak diren herria oso lasaia da normalean. Nigeriako hego-ekialdeko Nsukka hiritik gertu dago.

Fula etniako artzainak nomadak eta musulmanak dira, eta azken urteotan horien aurka borrokan aritu diren nekazariak, kristauak eta sedentarioak. Artzaintza eskubideak egoten dira borroka horien atzean, baina hori Nigeriako erdialdean gertatzen zen orain arte, ez hego-ekialdeko eskualde honetan, Nsukka hiritik hain gertu.

Fusilak eta aihotzak

Nimboko herritarrek hogeiren bat gazte inguruko mendixketatik jaisten ikusi zituztenean, berehala ulertu zuten lasai geratzerik ez zegoela. Palmondoen artetik beren AK47 fusilekin tiro eginez iritsi ziren. Aihotzak zituzten eskuetan. «Bazter guztietatik egiten ziguten tiro, ez genekien nola babestu. Herritar asko hil zituzten», esplikatu digu Kingsley Oneyebuchie 31 urteko funtzionarioak.

«Nire anaiari tiro egin zioten eta ondoren nire aita labana batekin zauritu zuten», dio Nsukka hiriko erietxean, soina erakusten duela. «Ni zauritzeko, berriz, aihotza erabili zutelakoan nago. Hilda nengoela pentsatuko zuten», erantsi du, buruan duen hogei zentimetroko ebakiondoa erakutsiz. Bizitza osorako orbaina.

Apirilaren 25eko erasoak hamar hildako eragin zituen. Beste herritar asko zaurituta utzi zituzten, Oneyebuchie bezalaxe. Azken hilabeteotan behin baino gehiagotan iritsi izan dira Nigeriako hego-ekialdera. Erasorik tragikoena hemendik 200en bat kilometrora egin zuten, Benue estatuko Agatu herrian, otsailean: ehunka hildako, gehienak nekazari kristauak.

Odol isurtze horiek ez dira berriak Nigeriako historian. Herrialdearen gertaera ilunenak ekartzen dituzte gogora. Izan ere, hego-ekialdean nagusi diren igbo etniako kristauak, iparralde musulmanetik etorritako fula eta hausa etnietako erasotzaileen jomuga bihurtu izan dira askotan.

Etnien arteko borrokok dagoeneko bi estatu-kolpe eta gerra zibil bat eragin dituzte. Gerra hasi zen 1967an, igbo etniakoek Nigeria utzi eta hego-ekialdeko eskualdeetan Biafrako Errepublika sortzea erabaki zutenean. Hiru urteko gerra hartan milioi bat igbo hil ziren, gosez asko eta asko, Gobernuak ezarri zien blokeoaren eraginez.

Mende erdia pasa denean, igbo etniako herritar askoren iritziz estatu independente bat eratzea da geratzen zaien irtenbide bakarra, fula etniakoen erasoetatik babesteko modurik eraginkorrena delakoan.

«Ezinbestekoa da gauzak ondo argitzea, guztiok jakitea han fula etniakoak bizi direla, eta, hemen, igbo herrikoak –adierazi du Oneyebuchiek–. Gure lurraldetik horiek alde egitea behar dugu, aske izan ahal izateko».

Munduko Terrorismoaren Indizearen arabera, fula etniako artzainek 1.229 pertsona hil zituzten 2014an, hau da, planeta osoko laugarren «talde terroristarik hilgarriena» izan ziren orain bi urte.

Borroka-eremua mugitu da

Borroka eta eraso gehienak Nigeriako erdialdean gertatu ziren, musulmanek eta kristauek bat egiten duten eremu zabalean. Azken bolada honetan fula etniakoen erasoak eta mugimenduak hego-ekialdeko igboengana ere iritsi dira, eta fenomenoa Biafra aske baten aldekoen argudiorik indartsuena bihurtu da, eskualdeok Estatu Federalaren babesik gabe daudela frogatzen duelakoan.

Muhammadu Buhari Nigeriako presidentea bera iparraldeko fula etniakoa da. Berehala gaitzetsi zituen artzainen erasoak. Azkenean, orain hilabete, Poliziari eta Armadari agindu zien sarraskiari amaiera emateko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko.

Wole Soyinka Literatura Nobel saridunak berak Exekutiboa estutu berri zuen: «Gobernuak seriean egindako sarraski izugarriok inolaz ere onartuko ez dituen politika sendo bat ezartzea espero dut».

IPOB Biafrako Jatorrizko Herritarrak izeneko taldeak urte asko daramatza estatu independente baten aldeko borrokan. Iazko urrian Nnamdi Kanu taldeko burua atxilotu zutenean, igbo etniako milaka herritar irten ziren kalera protesta egitera, eta, bide batez, baztertuta eta oso ahul zegoen mugimendua indartu egin zen.

Bigarren genozidioa?

Fula artzainen erasoak direla-eta, IPOBekoek adierazi dute «Buhari presidenteak Biafran bigarren genozidio bat izan dadin bidea erraztu» duela.

Nimboko herritarren diskurtsoa ez da hain gogorra, ez dute genozidio hitza aipatu ere egiten, baina erabat kezkatuta daudela begi bistakoa da.

Herria huts-hutsik dago eta buztinez eta lastoz eraikitako etxeetako ateetan sarraila berriak jarri dituzte. «Askotan eskatu diogu laguntza Gobernuari, baina ez digu jaramonik egiten», adierazi du Thaddeus Okenwa 65 urteko nekazariak. Juka landatzen duen gizonak garbi dauka alternatiba: independentzia. «Independentzia ematen badigute, primeran. Ez dugu gerrarik nahi, baina fula etniakoen erasoek horretara behartuko gaituzte. Ezin dugu atzerritar sentitu geure etxean».

Nigeriako agintariek egurra eman diote Biafra askatzearen aldeko mugimenduari eta horrexek ere indartu egin ditu independentziaren aldekoak.

Chukwu Ebuka Moses gazteegia da 1967an Nigeriako hego-ekialdea guztiz suntsitu zuen gerra gogoratzeko. Gatazka hartan milioi bat hildako izan ziren. Gainera, han amaitu ziren garaiko igbo etniakoen Biafra independente bat eratzeko ametsak. 19 urteko ikaslea jaio gabe zegoen 1967an. Hala ere, gerra hartako beterano bat sentitzeko modua du orain, Aba Abia estatuko hiriburuan joan den urtarrilaren 18an Biafraren aldeko manifestazio batean esku hartzen ari zela tiro egin ziotenetik.

Errepresioaren eragina

Ahulegi dago oraindik eta lagun batzuek ekarri dute kazetariarengana, plastikozko aulki batean jarrita. Etxola baten itzalpean jarri dute. «Protestaldi batean geunden, kantari. Bat-batean poliziak etorri eta guri erasoka hasi ziren. Negar gasa jaurti ziguten, tiro egiteaz gain», esplikatu du.

Soinean dituen galtza motzak jaso eta eskuin izterrean duen txanpon baten neurriko zauria erakusten digu. X izpien bitartez ikus daiteke izterrezurra hiru puntutan hautsita duela.

«Erasoa izan zenetik arnasa hartzeko garaian arazoak izaten ditut. Nire gorputza erabat ahulduta dago», esan du, estutasuna adierazten duen begiradarekin.

Bere adineko gazte gehienak bezala, Chukwu Ebuka Moses P-Square Nigeriako musika taldearen jarraitzaile da. Gainera, Londresko Chelsea futbol taldearen zale sutsu ere bada.

Zaurituta utzi zuen manifestazio hartan esku hartu baino hilabete lehenago egin zuen bat Biafraren aldeko mugimenduarekin. Berak lanpostu on bat izatearekin egiten du amets, baina bera bizi den lekuko gazteentzat ez da aukera handirik izaten. Gaur egun ez du beldurrik eta oso garbi dauka: «Biafrak existitu egin behar du». Indar handiz bota du esaldia, elkarrizketa entzuten ari diren pertsona helduen oniritzia jasotzeko.

IPOB Biafrako Jatorrizko Herritarrak mugimenduak independentzia exijitzen du. Aske nahi dituen lurretan igbo etniakoak dira nagusi, hau da, Nigeriako hiru talde etniko nagusietako bateko kideak. Igboek salatzen dute Nigeriako Gobernuak bazterrean dauzkala azpiegiturei, osasunari eta hezkuntzari dagokionez.

Iazko urrian Nnamdi Kanu IPOBeko buru eta Biafra Irratiko zuzendaria atxilotu egin zuten eta behin-behineko espetxealdia ezarri zioten. Nigeriako hego-ekialdean protestaldi ugari egin ziren eta Biafraren independentziaren aldeko oihuak inoiz baino ozenago entzun ziren. Onkere Kingdom Nnamdi abokatuak jakinarazi duenez, 50 herritar hil ziren istilu haien eraginez. Beste 100en bat lagun zaurituta eraman zituzten eta segurtasun indarrek 200en bat atxilotu zituzten. Buhari presidenteak krimen ikaragarriak leporatu zizkion Kanuri eta Nigeriaren osotasuna mehatxatzen duen mobilizaziorik ez duela onartuko esan zuen.

Baina Kanuren aurkako akusazioek eta manifestariei egurra emateak ez zuten agintariek nahi zutena lortu. Milaka lagunek bat egin zuten IPOB mugimenduarekin, urte askotan gertatu ez zena. Azarotik otsailera bitartean egindako hiru manifestaziotan zauritutako herritarrek esan digute segurtasun indarrek negar gasa erabili zutela, manifestariei tiro egiteaz gain. «Bazter guztietara egiten zuten tiro», esan du Paulinus Uwaga 50 urteko igeltseroak. Azaroaren 10ean oin batean zauritu zuten Port Harcourt hirian egindako manifestazio batean esku hartzen ari zela.

Medikuen beldurra

Biafraren aldekoek salatu dute protestaldietan hildako manifestariak hobi komunetan sartzen zituztela. Beste manifestari batzuk gauez desagerrarazi izan dituzte. Horixe egin zuten Emeka Uzomaren lehengusuarekin. Motxilan Biafrako bandera bat antzeman zioten eta une honetan etxean ez dakite bizirik ote dagoen ala hil egin duten.

Chibueze Chukwu otsailean zauritu zuten: tiro bat oinean. Erietxera eraman zuten, baina bertan argi eta garbi esan zioten Chukwuri ez zutela tratatuko, Poliziaren eta Armadaren beldur zirelako. Bala zauririk ez tratatzea erabaki zutela esan zioten. Gauza bera gertatu zitzaion beste erietxe batean ere. Azkenean IPOB mugimenduak berak duen zentro batera eraman zutenean eman zioten beharrezkoa zuen tratamendua. «Independentziaren aldeko ekintzaile bat zarela iruditzen bazaie, ez duzu hurrengo eguneko argirik ikusiko. Beldurrez akabatzen bizi gara».

 

Petrolioa aurkitu izanak eragin zuen Biafrako errepublikaren sorrera

Biafra, ofizialki Biafrako Errepublika, Nigeriako hego-ekialdean zegoen estatu sezesionista izan zen. Bertan igbo etniakoak ziren nagusi. 1967ko maiatzaren 30etik 1970eko urtarrilaren 15era iraun zuen esperimentuak. Igbo herriak inguruko beste herriekin arazo ekonomiko, etniko, kultural eta erlijiosoak zituenez, independentzia aldarrikatu zuen. Aldarrikapen horrek Nigeriako Gerra Zibila edo Nigeriar-Biafrar Gerra eragin zuen. Gabon, Haiti, Boli Kosta, Tanzania eta Zambiak baino ez zuten ofizialki Estatu berria ezagutu. Hala ere Israel, Estatu frantsesa, Portugal, Rhodesia, Hegoafrika eta Vatikanoaren laguntza ere jaso zuen.

Garai hartako hedabideek gatazkak eragindako gosetea nabarmendu zuten. Igbo herrikoek genozidioa salatu zuten eta bertan zegoen hondamendia ikusteko aukera izan zuten Bernard Kouchner eta frantses Estatuko beste mediku batzuek; egoerak erabat astinduta, MSF Mugarik Gabeko Medikuak izeneko gobernuz kanpoko erakundea sortu zuten 1971n.

Nigeriak 1960an eskuratu zuen independentzia. Hiru eremu handiren federazio moduan sortu zen: hego-ekialdeko populazioaren %70 igbo etniakoak ziren; iparraldeko %65, fula herrikoak; eta hego-mendebaldeko biztanleriaren %75, jorubak.

Azken hauteskundeetan iruzurra egin zela uste zuten igbo etniakoek. Gainera, ustelkeriak eta krisi ekonomikoak beren egoera gaiztotu egin zuten eta Armadako ofizial igbo batzuek estatu kolpea jo zuten 1966ko urtarrilean. Kolpistak espetxeratu ondoren, diktadura militar bat ezarri zuen Johnson Aguiyi-Ironsi jeneralak (igboa bera, eta katolikoa). Baina egoera berria ere ez zen gainerako etnien gustuko, eta beste kolpe bat izan zen urte bereko uztailean. Testuinguru horretan, irailean iparralde musulmanean bizi ziren 30.000 igbo inguru hil zituzten.

Niger ibaiaren deltan petrolioa aurkitu izanak hego-ekialdeko probintziek eremu hori bereganatzea eragin zuen. Hala ere, igbo etniakoak ez zeuden ados, beti baztertuta sentitzearen eraginez, petrolioak emango zituen etekin guztiak iparraldera eta hego-mendebaldera joango zirelakoan. Faktore horiek lagundu zuten igbo herrikoek Biafraren askatasunaren aldeko erabakia har zezaten. Hamalau milioi biztanle inguru zituen Biafrak, eta 76.400 kilometro koadroko azalera.