Aimar Etxeberria Korta
«TRAINSPOTTING GENERATION»

Droga kontsumoaren ondoriozko heriotzek goia jo dute Eskozian

Urteetako gehiegikerien ondorioak ordaintzen hasi da Eskozia. Gehiegizko droga kontsumoarekin zerikusia duten heriotzak nabarmen igo dira herrialdean, «Trainspotting belaunaldia» bereziki gogor kolpatuz. Bada, baina, zulotik atera eta Edinburgoko Leith auzoan jazo zena lehen eskutik kontatzeko aukerarik duenik ere.

Nire bihotza hautsia zegoen, nire bihotza hautsia zegoen, nire bihotza hautsia zegoen. Mina, mina, mina». Hala diote The Proclaimers musika talde eskoziar mitikoaren “Sunshine on Leith” (Eguzki-izpiak Leith-en) abestiaren lehen estrofek. 1988koa da kanta, Leith, Edinburgoko auzo txiroa –garai hartan–, droga gaindosia bizitzen ari zen garaikoa. Abestiak auzoan eguneroko ogia zen testuinguruarekin zerikusia izan edo ez, ongi laburbiltzen du leithtar askoren orduko sentipena; baita oraingoa ere.

Min horren parte zen, eta da, Derek Harper, 57 urteko eskoziarra. «Heriotza ugari ikusi izan dut», dio behinola droga mendekotasuna izan zuen horrek. «Eskolan ikaskide izan nituen erdiak hilik daude egun; auzoan bizilagun nuen jende erdia hilik dago egun». «Ehunka» lagun galdu ditu, baina milaka dira gehiegizko droga kontsumoa medio bizia galdu dutenak. “Trainspotting belaunaldiaz” ari gara, 80ko hamarkadaren bueltan drogaren zurrunbilotik atera ezinik ibili zen generazioaz; ondorioak, baina, nabariak dira egundo.

Izan ere, droga kontsumoaren ondoriozko heriotzek goia jo dute Eskozian. 867 heriotza gehiago izan ziren 2016an aurreko urtearekin alderatuta, eta gainerako herrialde europarrekin eginiko azken alderaketaren arabera –2014an egina– bost aldiz handiagoa da aipatu arrazoia medio Eskozian hiltzen den pertsona kopurua –110 hildako milioi bat pertsonako–. «38 urtez kontsumitu izan nituen drogak. Kanabisa erretzen nuen, heroina, kokaina, droga preskribatuak, mongiak, LSDa... guztia sartzen nuen, eta behea jota nengoen psikologikoki; gaixorik nengoen». Harperren hitzak dira, 80ko hamarkadako Eskoziaren erakusgarri. Leithtarra da bera, eta lehen pertsonan bizi izan zuen drogak Edinburgora, Eskoziako hiriburura, sartu zirenekoa. «70eko hamarkadaren azken aldera Txina Zuria –China White ingelesez– bezala ezagutzen zen drogaz leporaino zegoen zonalde hau. Nonahi aurki zenezakeen jendea droga kontsumitzen: eskaileratan, tabernetan, klubetan, etxeetan... Guztiak gaindosiz, hura droga purua baitzen».

Harperrek urteak daramatza garbi, eta Serenity Cafen ematen du bere esperientziaren berri. Paradoxikoki, kafetegi hori Holyrood parlamentu eskoziarraren eta etxegabeen aterpe bilakatzen den ostatu baten artean dago; zoritxarrez, arazo izaten jarraitzen dute xiringek aipatu aterpetxean.

«Trainspotting» eta Leith

Ezaguna da 80ko hamarkadako Edinburgoren egoera. “Trainspotting” filmak badu zerikusirik horretan, izan ere, arrakasta handiko filma bilakatu zen 1996. urtean estreinatu zenetik. Filma Irvine Welsh nobelagile eskoziarraren izen bereko liburu batean dago oinarrituta, eta Leithen kokatzen da, hura baitu jaioterri Welshek. Leithek, baina, eman dio buelta mundu mailan hartu zuen ospeari, eta gaur da eguna Edinburgoko auzoen artean modako bilakatu dena; bertan biltzen dira munduan zeharretik etorrirako kultura ezberdinak, bertan zabaldu dituzte azken joerako tabernak, bertan egin dute gora neurrigabe alokairuen prezioek, besteak beste. Ordea, Leithek mantentzen du urteetako gehiegikerien herentzia, eta izaten du jarraitzen hiriburuko txiroenen babesleku.

Urte luzez mendeko

Eskozia kolpatzen ari den fenomenoaz iritzia eman dezakeenetako bat da David Liddell, Scottish Drugs Forum elkarteko zuzendari nagusia. «Trainspotting generation belaunaldia Irvine Welshen liburuaren eta ondorengo filmaren harira izan zen izendatua, 80ko hamarkadan Eskozian heroinaren erabileran eman zen ikaragarrizko hazkundeari lotuta». Liddellen arabera zerikusia handia dute herrialdean droga-mendekotasunari lotutako arazoek pobreziarekin, eta azaldu du Eskozian ematen dela pertsonako droga-mendekotasun arazorik handiena: 61.500 lagunek dituzte arazoak droga erabilerarekin bost milioiko populazioa duen herrialdean.

«Zenbaitek 20 urte baino gehiagoz kontsumitu izan dituzte drogak, ondorioz, hauen gorputzak urte luzeetako kontsumoaren ondorioak ari dira pairatzen egun. Urte luzez kontsumitu duten horiek dira gaindosia izateko arrisku handiena duten gizataldeak», azaldu du Liddellek. Egoera horren kalte-ordaina da droga kontsumoaren ondoriozko heriotzak bereziki 35-40 urtez gaindiko pertsonengan ari direla ematen: «Gainera, bada kezkaz ikusten ari garen beste fenomeno bat, droga kontsumoari lotua hau ere. Heriotza kopuruan gorakada eman bada, hala eman da hiesarekin kutsatu direnen artean ere».

Lege aldaketa proposamenak

Egoeraren larritasunaz jabetuta, hainbat aldaketa proposatu dira eremu politikotik droga-mendekotasuna beste modu batetara tratatzeari lotuta. Bada medikuek gainbegiratutako espazioak sortzea proposatu duenik, zeinetan droga kontsumoa xiringa garbi eta desinfektatuekin egingo litzatekeen. Droga kontsumoaren inguruko politikak, baina, Londresek zuzentzen ditu, ez Edinburgok. Ondorioz, Theresa Mayren Gobernua konbentzitu beharrean dira eskoziarrak, droga kontsumoaren ondoriozko albo-kalte horiei aurre egitea nahi badute bederen.

«Zortzi herrialde europarrek, Australiak eta Kanadak jada badituzte indarrean droga kontsumo seguru bat emateko gelak», azaldu du Ronnie Cowan SNP alderdiko kideak, zeina legebiltzarkidea den Westminsterreko Parlamentuan. Eskoziar abertzalearen arabera eragin positiboa izan du espazio hauen inplementazioak: «Besteak beste, behera egin du hiesaz edota C hepatitisaz kutsatutako droga kontsumitzaileen kopuruak, eta ez da gaindosi kasu bakar bat ere izan medikuek gainbegiratutako droga kontsumorako gelotan».

Ideiak, baina, ez dirudi Mayren Gobernua konbentzitu duenik. Lehen ministro britainiarrak adierazi du bere asmo bakarra drogazaleak biziotik ateratzea dela, droga kontsumoan erortzea saihestuz eta jendea mundu horretatik at mantenduz. Mayri «liberala» iruditu zaio SNPren ordezkariak proposatutakoa.

Ez da baina SNP droga kontsumoarekiko lege aldaketak proposatu dituen bakarra, urrunagotik datoz horren alde egiten duten ahotsak. Esaterako, Bill Dinker Ameriketako Estatu Batuetako Tennessen kokatutako dagoen Discovery Place droga eta alkoholemia arazoetatik ateratzen laguntzen duen zentroko kideak ez du atsegin “Trainspotting belaunaldia” masa homogeneo bat bezala erakutsaraztea: «Horrek, niretzako, pertsona bakoitzak bere baitan duen laguntza beharra estaltzen du, eta horrek gaixoen errekuperazio motibazioan eragiten du, nolabait esatearren».

Antzeko iritzia dauka Robert Weiss Kaliforniako Elements Behavioral Health Systems klinikako buruak. Horren arabera, mendekotasunak ez du ezagutzen adinik, arrazarik, generorik, erlijiorik edota estatus sozial edo ekonomikorik. “Trainspotting belaunaldiaren” harira, iruditzen zaio tratamendua jasotzeko «gehiegi» itxaron duten pertsonez ari garela, «baldin eta tratamendua bilatu izan badute». Zail egiten zaio egoeraren errua norbaiti egoztea, eta uste du akatsak alde guztietatik egin direla: «Erraza da errua norbaiti botatzea, baina zailagoa norberaren akatsak aitortzea. Finantzaketa falta da nire ustez arazoari aurre egiteko zailtasunetako bat. Finantzaketa egokiri gabe zaila da kalitatezko zaintza bermatzea; gainera, mendekotasuna zenbat eta luzeagoa izan orduan eta zailagoa da berau tratatzea. Beraz, egoerarik zailenean gaude: mendekotasun kronikoa duen gizatalde baten aurrean gaude eta ez dugu kalitatezko bitartekorik hauekin tratamendurik abiatzeko».