info@gaur8.info
HAEZI IKERKETA TALDEA

Familiako giro emozionala eta haurraren garapen kognitiboa estu lotuta daude

Haurraren lehen urteetan, familia izan ohi da zutoin nagusia; hazkuntza kognitiboan, pertsonalean, emozionalean eta sozioafektiboan pisu handiena duena. EHUko Haezi ikerketa taldeak familia-ingurunearen kalitatearen inguruko azterketa egin du. Ondorioztatu duenez, familia giroa eta garapen kognitiboa oso lotuta daude.

Askotan esaten da pertsonaren zimenduak haurtzaroan jartzen diren horiek direla. Aldea dago zimendutik zimendura, pertsonatik pertsonara adina.

Euskal Herriko Unibertsitateko Haezi ikerketa-taldeak familia-ingurunearen kalitateak lehen haurtzaroko garapen kognitiboan duen eragina aztertu du, Biodonostia Institutuarekin lankidetzan. Ikerketan ondorioztatu dute garapen kognitiboa bultzatzeko gurasoen eta seme-alaben arteko interakzio egoki hutsa ez dela nahikoa, eta beharrezkoa dela familiako giro emozionala kalitatezkoa izatea.

Haurren garapenaren lehen urteetan familia da beren garapen kognitibo, pertsonal, emozional eta sozioafektiboan gehien eragiten duen alderdietako bat. Familiaren eragina zenbait urtez luzatzen da, baina lehenengo urte horietan da funtsezkoa eragin hori, familia-taldea baita haurrari hasieratik seinale guztiak ematen dizkiona: maitasuna, onarpena edo gutxiespena, arrakasta edota porrota... Hori dela eta, «oinarrizkoa da lehen etapa horietako familia-ingurunea aztertzea, eta ikustea nola eragiten duten familia-bizitzaren zenbait alderdik haurraren garapenean», azaldu du Florencia Barreto ikerketaren egileetako batek.

EHUko Psikologia Fakultatean, Biodonostia Institutuarekin elkarlanean, egin den ikerketak familia-ingurunearen kalitatea eta faktore soziodemografikoak ebaluatu ditu bi urteko haurrengan, eta aztertu du nola eragiten duten garapen kognitiboan lau urte dituztenean. Hartara, zer aldagaik eragiten duten gehien identifikatu dute.

Etxez etxeko bisitak

Ikerketan Gipuzkoako 295 haurren populazio-kohorte bat eta haien familiak aztertu dituzte. INMA proiektuko (Haurtzaroa eta Ingurumena) familiak dira guztiak; proiektua ingurumen-faktoreak eta haiek haurren garapenean duten eragina aztertzeko Europar Batasunak planteatutako beharrari erantzuteko sortu zen.

«Familia-ingurunea ebaluatzeko, etxez etxeko bisitak egin ziren. Informazioa eskuratzeko, zuzenean behatu ziren seme-alabekiko elkarrekintzak eta ingurunearen kalitatea, gurasoek galdetegiak bete zituzten eta elkarrizketa bana egin zitzaien; hala, ingurune fisikoaren kalitatearen eta estimulazio kognitiboaren inguruko informazioa lortu zen, alegia, zenbat ipuin eta puzzle zegoen etxean, afektibitate-adierazpenen kalitatea edo gaizki ahoskatutako hitzak zuzentzen ziren, eta abar», azaldu du Barretok.

«Garapen kognitiboa bakarka ebaluatu zitzaien lau urte betetzean; horretarako, garapen kognitiboa zenbait azpieskalaren batura gisa ebaluatzen duen tresna bat erabili zen. Azpieskalon bidez, haurraren zenbait gaitasun neurtzen dira: hitzezko gaitasuna, pertzepzio eta manipulazio gaitasuna, zenbakizko gaitasuna, memoria-gaitasuna eta gaitasun orokor kognitiboa», dio EHUko ikertzaileak.

Gehien eragiten duten aldagaiak

Lortutako emaitzek agerian utzi dute, batetik, gurasoen eta seme-alaben artean kalitate handiko elkarrekintza sozioemozionala duten familiak direla aldi berean garapen kognitibo eta linguistikoa estimulatzeko gaitasun handiena dutenak. Horri aldamio-egitura deritzo. «Gurasoek seme-alaben garapena propio bultzatzeko asmoarekin lotutako prozesua da hori. Haurren gaitasunen zertxobait gainetik dagoen jarduera edo eginkizunak ezartzen dizkiete gurasoek, betiere haurrari frustraziorik eragin gabe. Gurasoak gidari bihurtzen dira jarduera egiten lagunduz, eta, haurraren jakintza osatuz eta barneratuz doan neurrian, gurasoak urrundu egiten dira. Hala, neuronen arteko konexioak estimulatzea lortzen dute gurasoek, eta, horrenbestez, haurraren garapen kognitiboa aktibatzea», azaldu du Florencia Barretok. «Estimulazio sozioemozionalaren kalitatearen araberakoa da beti aldamio-egitura edo estimulazio-prozesua; alegia, garapen kognitiboa behar bezala sustatzeko, ez da nahikoa aldamio-egitura sortzeko prozesua abian jartzea, baizik eta prozesuak kalitate oneko interakzio sozioemozionalarekin lotuta egon behar du nahitaez, hala nola autonomia eta autoestimuaren sustapenarekin, giro afektibo positiboarekin, eta, azken batean, atxikimendu seguru bat ezartzearekin», adierazi du Barretok.

Bestalde, egiaztatu da gurasoen baliabide ekonomikoen eta gurasoek berekin pasatzen duten denboraren esklusibitateaz balia daitezkeela seme-alaba zaharrenak, betiere familia-ingurunea kalitatekoa bada garapena estimulatzeko. Horrez gainera, «ikusi dugu familia horietan guztietan etxean bertan bigarren hizkuntza bat erabiltzearekin osatzen dela estimulazioaren aberastasuna», dio Barretok.

Ikertzailearen arabera, «emaitza horiek gidari izan daitezke haurren garapen kognitiboaren sustapena sendotzen duten hazkuntza-programak sortzeko». Amaitzeko, «familien populazio orokorrari informazio hau helarazteak sendiei lagunduko die kontzientzia har dezaten zenbaterainoko eragin-aukera handia duten beren seme-alaben garapen intelektualaren inguruan», nabarmendu du.