Gaizka Amondarain
Irakaslea

Fedeak daukana

Eta Pontzio Pilatok herriari galdegin zionean, herriak Barrabas askatzearen alde egin zuen eztabaida handiegirik gabe, Jesus Nazaretekoa gurutzean hiltzera kondenatuz. Erromak –bera baitzen sasoi hartan heriotza zigorra ezarri zezakeen bakarra– exekutatu egin zuen kristauen mesiasa azkenean, prefetak herriari hitza eman eta herriaren gehiengoak hala erabakita. Jesus humanitatea salbatzearren sakrifikatu zela irudikatzen du parabolak kristautasunaren epikan. Beste masaila jartzeko prest zegoenaren ondoan judutarrek Erromari aurre egin ziezaiokeen gizon lotsagabea –Barrabas– nahiago izan zutela baieztatu zuenik ere badago. Bata gurutzera zehatu zuten horrenbestez, eta besteak libertatea berreskuratu zuen biharamunean. Pilatok, badaezpada ere, eskuak garbitu zituen. Hala diote ebanjelioek.

Santiago Cobos da, euskal preso politikoekin batera, espainiar Estatuko kartzeletan denbora gehien pasa duen preso sozialetako bat. Aste Santurako aste batzuk falta zirenean, Pontzio Pilatorenak gogora ekarri nahian bezala, argitaratu zuten espainiar egunkari batean Cobosi egindako elkarrizketa [https://goo.gl/uhv9eU]; kartzelan urte gehien eman dituen presoetako bat izateaz gain, “Celda 211” eleberria eta ondorengo filma inspiratu zituena ere badelako Leonekoa. 22 urte eman ditu barruan guztira, denak jarraian. 1990ean sartu zuten kartzelan lapurreta eta antzeko beste delitu batzuengatik. Aurrez, erreformatorioak ere ondo ezagunak zituen. Atxilo egondako denboran zehar, maiz tokatu zaio kartzelako egoera negargarriak salatzeko protestetan parte hartu behar izatea eta etengabeak izan dira handik ihes egiteko egindako ahaleginak. Saiakera horietako batean polizia bat hiltzea leporatuta, 60 urte pasatxoko kondena ezarri zioten espainiar auzitegiek azkenean. Gaur egun, baldintzapeko askatasunean dago kalean. 2030ean bukatuko zaio kondena behin betiko, dena ondo bidean.

Gauza interesgarri asko esaten ditu kartzelari buruz elkarrizketan. Bere bizipenak oinarri dituen pelikulari buruz, ordea, ez da hitzik aipatzen. Filmean euskal preso politikoen inguruan ematen den irudia zein zen jakin zuenean, Cobosek ez zuen gehiago hari buruz ezer jakin nahi izan. Normala denez, euskaldun asko ezagutu baititu presondegian emandako urteetan eta errealitatea ez zetorren bat pelikulak ematen duen irudiarekin. Bitxia bada ere, duela ez hainbeste, Willis Drumonden kontzertuan egon zen Santiago Cobos, Gasteizko gaztetxean. Barruan egindako lagun bati bisitan etorria zen, elkarrizketa argitaratu baino egun batzuk lehenago.

Aste Santuan nazionalkatolizismoak eman duen espektakuluaren erdian, eta azken aldian espainiar Erreinuan gertatzen ari direnak ikusita, irakurtzeko modukoak iruditzen zaizkit haren esanak. Esanguratsua da, bereziki, kazetariak biziarteko kartzela zigorraren inguruan –de facto biziarteko kartzela zigorra betetzen ari den norbaiti– galdetzen dionean, hark emandako erantzuna: justiziak ez lukeela kaleko bulkada eta emozioen arabera jokatu behar aldarrikatzen du. Baina hori, mendekua erraietan iltzaturik daraman herrialde batentzat, gehiegi eskatzea da. Fedeak hori baitauka, ezin dela berarekin arrazoitu. Herriari galdetuz gero, herriak oraindik ere, Barrabas askatzearen alde egingo luke, eztabaida handiegirik gabe. •