Maider Iantzi Goienetxe
infraganti

AIORA MUJIKA«PROBATXOA»

«Probatxoa» izenez ezagutuko duzue Aiora Mujika (Anoeta, 1987). Youtubergintzan hasi zen euskarazko edukia faltan ematen zuelako eta jendea animatu nahi zuelako. Eta, batez ere, gustuko duelako. Halere, Twitter du sare sozial guztien artean kutunena. Komunikatzeko estilo batetik bertzerako pausoaz mintzatu gara, bertze gai aunitzen artean.

Alai eta garden ezagutu dugu Aiora Mujika, Youtubeko bideoetan agertzen den bezala. Eduki formatu hori orain bost bat urte deskubritu zuen, eta gustatu zitzaion, aukera zabala dagoelako eta azkar batean kontsumitzeko erraza delako. Baina euskarazko kanalak falta zitzaizkion eta horrek izugarrizko pena ematen zion. Urtebete inguru pasatu zuen ingurukoei «zergatik ez duzu egiten?» galdetzen, berak egin zezakeena bertzeei eskatzea ez zela bidezkoa ohartu zen arte.

“Super Txope” proiektuan parte hartzeak eman zion azken bultzada. Baina hasiera ez zen esperotakoa izan. Probatzeko asmoa zuen (hortik Probatxoa). «Gela batean hanka puntetan sartzen zarenean bezala. Ea zer dagoen hemen. Eta bat-batean denak zuri begira. Istripu bat izan zen. Jende pila batengana kolpetik iristeko balio izan zuen».

“El Conquistador del fin del mundo” saioko partaide ertzain baten ingurukoa zen bideoa. Casting-ean borrokazalea zela erraten zuen eta Probatxoak bere harridura eta haserrea agertu zuen horren aurrean. Zabaltzen hasi, eta Espainiako Youtubeko joeretara iritsi zen. Bideoa euskaraz zen eta euskara ulertzen ez zuen jendeak ere komentarioak idatzi zituen. 85.500 bisitatik gora ditu.

Bigarren bideoa kanalaren aurkezpena izan zen. Urtebete baino gehiago darama, hagitz gustura. «Ideiak bururatzen zaizkidan heinean egiten ditut bideoak. 40 ditut. 1.488 lagun ditut kanalera harpidetuta». Iruzkin politak idatzi dizkiote. «Batzuek esaten didate euskara ikasten ari direla eta bideoek laguntzen dietela. Horrek ilusio handia egiten dit. Azpitituluak jartzen hasi naiz laguntzeko».

Esperimentatu eta ongi pasatu

Azken bideoari, “Euskal erregimena, angula ustelak… zer da hori?” izenekoari, gaztelaniaz ere jarri dizkio azpitituluak. Bideo horrekin harro dago. Bere buruarekin solasean agertzen da. Berarentzat, gauza berriak egiten saiatzeak aunitz balio du. «Nire kanala da eta esperimentatu dezaket. Bikoizketa bat egin dut, adibidez. Ondo pasatzeko balio du eta ez hainbeste jendeari gustatuko zaion ala ez pentsatzeko».

Denetariko gaiak lantzen ditu. Adibidez, “20 songs tag” Youtubeko klasikoa egiten du euskarazko kantekin. Berari buruzko gauzatxoak ere kontatzen ditu.

Orain dela gutxi deskubritu du kanal bat, Jambiak. Sofia eta Garbiñe dira, bat tuterarra eta bertzea hendaiarra, eta elkarrekin ikasten dute lizeoan. «Bi fenomeno dira, gazteak, eta euskaraz egiten dute. Sekulako barreak egiten ditut eurekin». Gazteentzat erreferente izan daitezkeen bertze gazteen inguruan, onartu du pena ematen diola, adibidez, ETBn ateratzen diren gazteek, telebistan euskaraz egin arren, eremu pribatura doazenean beraien sare sozialetan sarri erdarara jotzeak. «Gazteek hartzaile bezala ulertzen dutena da lanean ari direnean euskaraz egiten dutela, baina gero, beraien egunerokotasunean, erdaraz».

Youtuber edo influencer izatea ogibide berri ere izan daiteke. «Norbaitek esan dezake ‘nik honetaz bizi nahi dut’, eta horren arabera hartu erabakiak, horren arabera sortu eduki bat eta ez bestea. Baina nik ez daukat horrekin loturarik; gustatzen zaidalako egiten dut».

Youtuber izatea erabakitzen duen gazte bat euskaraz hazi bada, gaztelania primeran menderatzen badu eta ingelesa ere txukun, hiru ate izanen ditu. «Zein hizkuntzetan egingo du? Ez diot inori esango hizkuntza batean erosoago sentitzen bada ez horretan egiteko. Baina ameskeria asko dago. Iruditzen ahal zaizu gaztelania eta ingelesarekin publiko handia eduki dezakezula, baina zu bezala ari dira beste milaka pertsona. Zuk egiten duzun horrek oso ona edo berezia izan behar du nabarmentzeko. Euskarak daukan alde on eta txarra da ez dagoela. Orduan, egiten duzun edozer berria izaten ahal da, beste inork egiten ez duena. Norbaitek euskaraz zerbait egiten badu lau foku izango ditu bat-batean: ‘Zer ari zara egiten?’. Hori gaztelania edo ingelesarekin ez da gertatzen. Beste alde bat da euskaraz egiten dena ez dela kritikatzen eta hori ere ez da ona. Kasu honetan, kantitatea inportantea da, produzitzea, egiteak gehiago egitea dakarrelako, baina ez duzu esan beharrik dena ona denik».

Twitterren bizi

Txiolari aktiboa ere bada Aiora Mujika. «Sare sozial guztien artean nire gustukoena da Twitter. Orain dela urte batzuk esaten nuen bertan bizi nintzela. Lana ere sare sozialetan egiten nuen, egun osoan hor, errealitate paralelo batean». Anoetarrak esplikatu duenez, denboraldika aunitz aldatu da tresna hau. «Joerak dira, zer giro dagoen Twitterren». Berak kontua sortu zuen garaiko, 2009ko erabilerak eta gaur egungoak ez dute deus ikustekorik. «Gero eta gehiago ezagutzen duzu tresna, gero eta jende gehiago sartzen da… Etsaitasuna, hateoa, norbait mintzea bai ala bai… Hori ere badauka Twitterrek. Baina jakin behar duzu zure txokoa aurkitzen. Bat-batekoa da, informazio pila ematen du... Jende asko ezagutu dugu bertatik. Munduan zerbait gertatzen denean, Twitterrera goaz informatzeko».

Greba orokor batean ariketa egin zen bakoitzak konta zezan nola bizitzen ari zen eguna. Hala sortu zuen Probatxoa. Kazetaritza ikasi zuen eta gero Multimedia Komunikazioko masterra. “Berria”-ko edizio digitalean egin zituen praktikak. Geroztik komunikazioan dihardu. Orain Euskarazko Wikipedia eta hezkuntzaren inguruko proiektu batean dabil.

Mujikaren ustez, kazetaritza ofizio dutenek eta hedabideek mundu honetan sartu behar dute, baina ezin dute bere burua saldu ere bertan sartzeagatik. «Hedabide digital bat baduzu eta jendearen bisitengatik bizi bazara, horrek behartzen zaitu eduki bat sortzera klik horiek jasoko dituena, eta hor etortzen dira artikulu sentsazionalistak, titular engainagarriak, liskarra nahita sortzea… Sare sozialetako erabiltzaileek ere ikasi behar dute tranpa horietan ez erortzen. Hedabideak honetara ohitzen ari dira eta egokitze hori bide desberdinetatik egin daiteke, kazetaritzaren onerako edo txarrerako».

Sekulako tresna poltsikoan

Baikorra da: «Sekulako tresna interesgarria daukagu poltsikoan. Gogoratzen naiz unibertsitatean ikasten ari nintzenean mugikorra iritsi gabe zegoela guztiz argazki eta bideoetara. Bazeuden, ordea, kamera digital konpaktuak. Horietako bat eramaten nuen motxilan. Oso eremu bizia da unibertsitatea eta ez nuen ulertzen tresna hori edukita, egiten zen guztia kontatzeko balio zuena, jendeak nolatan ez zuen erabiltzen. Gaur egun sakelakoekin egiten dugu. Komunikatzeko estilo batetik besterako pausoa da».

Bere buruaz baino gaiari buruz mintzatzea interesatzen zaio. Orriotan “Etxe txiki bihotz handi” youtuberrak azaldu ziren bere aurretik eta ilusio handiagoa egin zion bera elkarrizketatzeak baino. “Maritxu nora goaz” kanala sortzeak ere pozez bete zuen. «Zalantzan bazaude, probatu», animatu du jendea. •