Ainara Lertxundi
ETORKINEN AHOTSA

Bartzelonako Raval auzoan eskubideak aldarrikatzeko itxialdia egiten ari dira

Bartzelonako Raval auzoko Massana eskolan apirilaren 22az geroztik itxialdia egiten ari diren etorkinen eta errefuxiatuen aldarrikapenak 11 dira. Oinarrizkotzat jotzen dituzten 11 eskubideak jasotzen dituen taula osatu dute, eta, horiek errespetatzen ez dituzten bitartean, protesta mantenduko dute.

Bartzelonako Gardunya plazan, Boqueria merkatutik gertu den Massana eskola oihan, Raval auzoan, itxialdi mugagabea hasi dute jatorri desberdineko etorkin eta errefuxiatuek 300 gizarte mugimendu eta kolektiboren sostenguarekin. Sarrerako atean, pintaketa koloretsu eta bizi batek itxialdiaren aldarrikapen nagusiak jasotzen ditu oinez pasatzen diren guztiek ikusi eta irakurri ahal izateko.

Egunean zehar, talde txiki bat biltzen da eskolan, protestari gehienak lanean izaten baitira. Arratsaldean, askoz gehiago elkartzen dira. Batez beste 50 lagunek esku hartzen dute itxialdian. Talde txikitan edo asanbladan, aurrera begirako urratsak eta ekimenak aztertzen dituzte. «2001ean eta 2005ean, etorkinek eta beraiekin modu antolatuan lan egiten duten taldeek itxialdiak antolatu zituzten etorkin eta errefuxiatuen eskubideak aldarrikatzeko. Aurrerapauso jakin batzuk lortu ziren bi itxialdi horiekin. Baina geroztik ez da aldaketarik egon, gauzek bere horretan jarraitzen dute. Atzerritarren Legeak bigarren mailako herritarrak bihurtzen gaitu, eskubiderik gabekoak. Gure mugimendu askatasuna urratzen du, baita osasun eta lan egiteko eskubidea ere. Gure egoera mahai gainean jartzeko eta erakundeen nahiz talde politikoen agendan sartzeko beste itxialdi bat egitearen beharra ikusi genuen. Bartzelonako Udalarekin hitz egin genuen ea itxialdia egiteko lekuren bat uzten zigun, eta, azkenean, Massanako eskola ohia utzi digute», azaldu dio GAUR8ri Maritza Buitrago kolonbiarrak. Urteak daramatza Katalunian bizitzen Mujeres Pa’lante taldeko kideak. Jatorri desberdinetako emakumeek osatzen dute plataforma, elkartasuna ardatz emakumeen eskubideak defendatzeko eta bazterkeria mota oro salatzeko.

Massanako itxialdiaz gain, Bartzelonako Poblenou auzoan dagoen Sagrat Cor elizan eta Badalonako Udalak erabiltzen ez duen lokal batean ere egiten ari dira itxialdiak. Badalonan hogei bat pertsona elkartu ohi dira, «etorkinek pairatzen dituzten eskubide urraketak ez baitira soilik Bartzelonara mugatzen», aditzera eman du Enrique Mosquera Papeles Para Todo elkarteko bozeramaileak. «Gure asmoa ez da inolaz ere hemen bizitzea, bakoitzak bere familia eta lana ditu-eta. Itxialdia elkartzeko gunea izatea nahi dugu».

Bartzelonako eta Badalonako itxialdien 11 aldarrikapenak zehaztuko ditugu jarraian.

1.- Lan kontratuak

«Lan kontratu bat izatea da gaur egun atzerritarrek duten zailtasun handiena paperak eskuratzeko, baita lan egiten dutenen artean ere. Krisi ekonomikoaren ondorioz Estatu espainolean ez dira langileen eskubideak errespetatzen, ezta bertakoenak ere. Askotan, etorkinek eta errefuxiatuek ezin dituzte bizileku baimenak berritu kotizazio eta kontratu faltagatik. Gutxienez, sei hilabeteko kotizazio jarraitua eskatzen diete-eta», nabarmendu dute aldarrikapenen berri ematen duen eskuorrian.

2.- Ez Atzerritarren Legeari

«Atzerritartasun Legeak pertsonak hiltzen ditu egunero. Deportazioak, etorkinak jatorrian bertan itzultzea, sarekadak, atxiloketak eta Etorkinak Behin Behinean Hartzeko Zentroak baimentzen dituen sistema arrazista baten adierazlea da».

3.- Errolda unibertsala

«Erroldatzeko bermeak ematea, aurrebaldintzarik gabe. Erroldatzea ezinbestekoa da gainontzeko tramite guztiak egiteko, bizileku baimena berritzeko edo osasun txartela lortzeko. Pertsona guztiek erroldatzeko eskubidea badute ere, erakundeek ez diete eskubide horren berri ematen etorkin eta errefuxiatuei eta erroldatzeko oztopoak jartzen dizkiete».

4.- Naziotasun azterketarik ez

«Naziotasuna azterketa egin gabe ematea exijitzen dugu. Bizileku baimena lortuta ere, askorentzat gaindiezina den azterketa bat inposatzen zaigu».

5.- Osasuna guztiontzat

«PPren Gobernuak onartu zuen 16/2012ko Errege Dekretuak ordura arte unibertsala izan zen osasun sistema aldatu zuen. Paperik ez dituzten pertsonak sistematik at uzten ditu».

6.- Eskubideak guztiontzat

«Asiloa eskatzen dutenentzat eta errefuxiatuentzat ez dago egun harrera plangintza egokirik. Askotan, arreta eskasa da. Paperak dituztenei ere, seme-alabak jatorrizko herrialdeetatik ekarri ahal izateko, administrazioek bizileku baldintza zorrotzak ezartzen dizkiete; familia berriro biltzea ia ezinezko eginez. Horrez gain, gizarte zerbitzuek haurren zaintza kenduko dieten beldur bizi dira emakume etorkinak, sarri paperik gabe eta baliabide ekonomiko gutxirekin».

7.- Kale salmenta ez da delitu

«Kalean saltzeagatik isunik ez jartzea eta kaleko salmenta ez kriminalizatzea eskatzen dugu, baita Poliziaren sarekadak eta errepresioa etetea ere».

8.- Arrazismo instituzionala

«Etorkin batek paperak eskatu edo izapidetzeko hitzordu bat eskatzean, sistematikoki ukatzen diote edo atzeratu egiten diote. Horren ondorioak oso larriak izan daitezke».

9.- Atxiloketa zentrorik ez

«Legez kanpoko migrazio mugimenduen kontrako borroka horretan, etorkinentzako atxiloketa zentroak ohikoak bihurtu dira eta sistematikoki horietan sartzen dituzte».

10.- Mugen kontra

«Herrialdeak banatzeko lekuak baino, mugak pertsonen eskubideak etengabe urratzen diren kontrolerako guneak bihurtu dira. Giza eskubideen urraketak ohikoak dira: gizatasuna kentzen diete etorkinei».

11.- Indarkeria matxistari ez

«Emakume etorkinak, are paperik gabeak, guztiz babesgabe daude sarri indarkeria matxistaren aurrean».

Gobernu espainoleko ordezkariarekin, Emilio Ablanedorekin, Bartzelonako Udalarekin eta Generalitateko ordezkari batekin bildu dira orain arte itxialdian parte hartzen ari direnak. «Egiten ditugun bilkura eta batzarretan bizi ditugun errealitate anitzak azaltzen ari dira. Ez gaude etorkin eta errefuxiatu guztiak ordezkatuta, baina hemen gaudenak lagin aberatsa osatzen dugu. Askok ezin izan dute itxialdiarekin bat egin bizi duten prekarietate egoerarengatik, esaterako, etxeetan adineko pertsonak zaintzen dauden emakumeek. Soldata eskasen truke hogei orduz egin behar dute lan, aisialdirako denborarik gabe. Emakume horiek ez daude hemen baina bat egiten dute mobilizazioarekin. Atzerritarren Legearen ondorioz, paperik gabe daudenak beltzean lan egitera behartuta gaude. Gure egoera lan kontratu baten menpe dago, baina hori lortzeko paperak behar dira. Horrenbestez, ez dago modurik korapilo hori askatzeko. Hemen gauden gehienok zurrunbilo horretatik pasa gara edo bertan gaude. Ez du inporta zein den zure jatorria; ‘paperak’ dira guztion kezka nagusia», helerazi du Buitragok. «Iritsi berria den etorkinak sistema arrazista bati aurre egin behar dio. Errolda aitortutako eskubide unibertsala den arren, jartzen dizkiguten baldintzak gero eta zorrotzagoak dira. Gehienetan bizileku finkorik ez dugunez, ezin gara erroldatu, legalki horretarako aukera izan arren. Baina etorkinok ez dugu legedia ezagutzean; askotan funtzionarioek ere ez dituzte legediaren atal guztiak ezagutzen. Gardentasuna eta informazioa falta dira», Buitragoren ustez. «Erroldarik gabe, ezin duzu osasun txartela eskuratu, ez zaude estatistiketan, ezin duzu diru laguntzarik jaso. Erroldarik gabe, ez zara existitzen».

Bizileku baimena lortzeko baldintzak aldatu egiten dira etorkinen jatorriaren arabera. «Afrikarrei urte gehiago exijitzen diete Latinoamerikarroi baino. Niri, kolonbiarra izanik, bi urteko bizileku baimena eskatu zidaten, baina itxialdian dagoen kide bat afrikar batek Estatu espainolean hamabost urte daramatza eta oraindik ezin izan du bere egoera legeztatu. Ondorioz, ezin du bere familia bisitatzera joan, senide bat hiltzen bazaio, ez du hiletara joaterik, ezta hemen aske mugitzekorik ere».

«Bizileku baimena lortu arren, orain naziotasun azterketa egin behar dugu. Azterketaren edukia arbitrarioa eta diskriminatzailea da. Galdera batzuek ez dute zentzurik, esaterako, Mariano Rajoy presidentearen txakurraren izena! Gurekin elkartasunean Massanako 50 ikasle etorri dira itxialdira naziotasun azterketa egitera eta, horietatik, soilik bik gainditu dute», azaldu du.

«Deportazio espedienteen beldur dira paperik gabeko etorkinak; arrisku hori saihesteko ez dira administrazioetara hurbiltzen, ezta medikura joaten ere gaixorik egon arren», amaitu du Buitragok.

Manifestazioa deitu dute biharko Bartzelonan

Biharko, etorkinen eta errefuxiatuen eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute Bartzelonan. Eguerdiko hamabietan abiatuko da Katalunia plazatik. «Atzerritarren Legea bertan behera uztea exijitzen dugu eta, horregatik, beste helburu batzuen artean, itxialdi hau egiten ari gara. Atzerritarren Legeak klandestinitatean bizitzera derrigortzen gaitu; paperak eskuratzeko eta berritzeko urtebeteko eta berrogei orduko lan kontratua eskatzen digute. Baldintza horiek betetzea ia ezinezkoa da etorkinontzat eta errefuxiatuontzat, are gehiago lan munduan dagoen prekarietatea eta langileen eskubide murrizketak kontuan hartzen baditugu. Etorkinok hamar urte baino gehiago daramatzagu paperak izateko lan kontratua beharrezkoa ez izatea eskatzen. Etorkinok soldata txikien truke lan egiteko besterik ez gaituzte nahi. Guretzat, adibidez, ez dago alfabetatze eta ikasketa programarik asteburuetan», salatu zuten manifestazioaren berri emateko eginiko agerraldian.

Mobilizazioez gain, Massanako eskola oihan itxialdia egiten ari direnek ekimen kulturak, bideo emanaldiak eta hitzaldi informatiboak ere egin dituzte –adibidez nola erroldatu azaltzeko eta dituzten eskubide eta betebeharren berri emateko–. Egunero, ekintza desberdin bat dago. Erakundeetako ordezkariren batekin bilera egiten dutenean, elkarretaratzea egiten dute, «gure ahotsa ozen entzun dadin».

Hilaren 11tik 14ra Bartzelonako Sant Andreu auzoan ospatu zen Fira Literal liburu azokan ere presente egon ziren. Azokara hizlari gisa gonbidatutako FARC-EP Kolonbiako gerrillako komandante eta negoziatzaile izandako Mireya Andrade eta AEBetako Black Panther Party alderdiko presidente ohi Elaine Brown Massanako itxialdira gerturatu ziren elkartasuna adierazi eta etorkinen aldarrikapenak gertutik ezagutzeko.