Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa

Mapak

Lantxo bat aitzakia gisa hartuta, Kevin Lynch estatubatuarraren «The Image of the City» (Hiriaren irudia) harribitxia berrirakurri dut. Hirien irudia, forma, egitura eta erreferentziak gogoratzea garrantzitsua da, esaterako, ongi orienta gaitezen hirian zehar oinez gabiltzanean. Horretarako, hiriaren irudiari forma ematen dioten elementuak sailkatu zituen Lynchek: “bideak”, “ertzak”, “auzoak”, “nodoak” eta “mugarriak”. Hiri-paisaiako edozein elementu kokatu daiteke talderen batean, kaleko afixa batetik hasi eta mendi tontor batera, zuhaitz batetik autobide batera, musean jokatzen duten jubilatuetatik distritu oso batera.

Horrekin lotuta, ariketa txiki bat eskatu diet lagun batzuei azken asteotan. Labur: mapa bat egitea eskatu diet, bizi diren edo gutxi-asko ezagutzen duten hiri baten mapa mental bat. Pertzepzioaren geografiaren tresna bat dira mapa mentalak, eta haien helburua hiritarrok hiria nola irakurtzen dugun ulertzea da, alegia, jakitea zein erreferentzia edo elementuren bitartez osatzen dugun hiriaren irudia. Jaso ditut mordoxka bat: Bilbo, Donostia, Bartzelona, Varsovia; Milangoa bidali dit Valentinak. Astekari honek hilabetero uzten didan tartetxo hau aprobetxatuko dut, irakurle, zuri ere proposamen bera egiteko. Marraztu mapa bat.

Lehenik eta behin, aukeratu bizi zaren edo ongi xamar ezagutzen duzun hiri edo herri bat. Hartu, ondoren, folio zuri bat eta arkatz edo boligrafo bat gutxienez. Ez larritu, ez da lehiaketa bat, ez dago ariketa “ongi” edo “gaizki” egiteko modurik. Arau gutxi batzuk betetzeko eskatuko dizut baina. Bat: ez begiratu Google Maps edo bestelako maparik; helburua memoriarekin, bizipenekin eta pertzepzioarekin lan egitea da. Eta bi: egin mapa behin; zerbait aldatu nahi baduzu ezabatu eta zirriborratu nahieran, baina ez hasi berriz ere zerotik.

Mapan edozer gauza sar dezakezu, bururatzen zaizun guztia. Marraztu baliagarri zaizun edozein elementu edo erreferentzia: eraikinak, kaleak, hiribideak, plazak, ibaiak, zubiak, zuhaitzak, mendiak, auzoak, distrituak, dendak, jatetxeak, tabernak, garraio publikoa, parkeak, autobideak, dorreak, baserriak, pertsona-multzoak, eskulturak. Elementu edo erreferentzia hauek edozein forma geometriko erabiliz marraztu ditzakezu: puntuak, sinboloak, marrak, borobilak, karratuak, forma askeak, marrazki figuratiboak, abstraktuak... Nahastu nahieran. Testua ere erabil dezakezu elementuei izena jartzeko.

Hamar-hamabost minututan amaituko duzu. Bukatu baduzu, eta ariketa honek zirrara minimo bat sortu badizu –barkatu hala izan ez bada– ireki Google Maps eta konpara itzazu biak. Gauza batzuk tokiz mugitu dituzu agian; seguruenik, inguru edo auzo batzuk ahaztu egin dituzu zuzenean. Hortxe dituzu, bada, datozen igandeetako paseo-planak. •