Juantxo EGAÑA

Poliziak Errenteria txikitu zuenekoa

Jesus Mari PEMAN
Jesus Mari PEMAN

1978. urteko uztailaren 8an, Iruñeko sanferminetan, Poliziak tiroz hil zuen German Rodriguez gaztea. Hiru egunera, hilaren 11n, Iruñeko gertakariak salatzeko manifestazio batean Poliziak tiroz hil zuen Joseba Barandiaran Donostiako Aldapetako aldapan. Barandiaran Astigarragakoa zen. Uztailaren 13an, egoitza Miranda de Ebron zeukan polizia espainolaren konpainia batek Errenteria txikitu zuen. 200 polizia inguruk ateak eta leihoak tirokatu zituzten, erakusleihoak lehertu, atezain automatikoak errotik atera, etxebizitzetako igogailuetan ke boteak bota, herriko dendak arpilatu... Salaketen arabera, denetarik eraman zuten; betaurrekoak, argazki kamerak, pastelak, bonboiak... Bai, bai, gozoak ere eraman zituzten, Jesus Mari Peman argazkilari donostiarraren irudi honek erakusten duen bezala.

Argazkiaren egilea dagoeneko erretiroa hartua dagoen prentsa argazkilari donostiar sonatu baten semea da: Jesus Peman. Ikasle garaian hasi zen Peman Iruñean editatzen zen “Punto y Hora de Euskal Herria” aldizkariarekin kolaboratzen. Gerora, “Deia” egunkarian aritu zen lanean, 2000. urtera bitartean. Hainbat talde erakusketatan parte hartu du eta bere lana saritua ere izan da. Duela urte batzuetatik, enpresentzat, komunikazio taldeentzat eta erakundeentzat aritzen da lanean batez ere. Pemanek gogoratzen duenez, errepresio bortitzeko egun hartan errekaren bestaldean zegoen etxe batean hartu zuen babes, eta bertatik egin zuen argazkia. Errenteriatik alde egin baino lehen, argazki-filma kameratik atera, zapata batean ezkutatu eta beste argazki-filma bat jarri zuen kameran, poliziek kontrol batean geratuko zuten beldur zen-eta.