Amagoia Mujika Telleria

«ZERGATIK EZ?» IDEIA AKUILU, ORIO-BILBO-ORIO LOTU DITUEN BIZI BIDAIA

Hogeita hamar emakumek Orio-Bilbo-Orio itsas zeharkaldia osatu dute arraunean. Oriotarrak dira, 35 eta 57 urte bitartean dituzte eta sekula arraunean aritu gabeak ziren. Erronka egiteko motor garrantzitsua izan dute: «Zergatik ez?» ideia. Dokumental batek jaso du bizi bidaia.

Berrogei urte betetzera zihoan Orioko emakume kuadrilla batek piztu zuen metxa. Zenbaki borobila zela eta modu berezian ospatu behar zutela sentitzen zuten. Ideiak botatzen hasi eta baten bati arraunean ikas zezaketela okurritu zitzaion. Oriokoak izaki, oso gertu bizi dute arrauna. Esan eta egin. Orioko arraun-etxera gerturatu ziren buruan zuten ideia azaltzeko eta han ere eskuak zabalik hartu zituzten. Eta erronka, pausoz pauso, handitzen joan zen. Azkenean, 35 eta 57 urte bitarteko 32 emakumek osatutako taldeak Orio-Bilbo-Orio ibilbidea osatu zuen pasa den uztailean. 198 kilometro lau egunean. Hartara, 40 urte betetzera zihoazenen ospakizun izaten hasi zena adin desberdineko emakume kuadrilla baten erronka bizi bihurtu da. Erronkaren izena, honakoa: “Zergatik ez?”.

Hori guztia jaso du Iban Egiguren argazkilari eta bideogile oriotarrak “Zergatik ez?” izeneko dokumentalean. Ordubete inguruko dokumentalean jaso du bizi abentura hain bereziaren berri. Hain justu, atzo gauez estreinatu zuten Orioko plazan.

Sekula arraunean aritu gabeak

Aurretik sekula arraunean aritu gabeko emakume talde baten balentria jasotzen du dokumentalak. Amaia Gozategi da emakume horietako bat. «Antolaketa, kudeaketa eta koordinazioa garrantzitsuak izan dira. Bost entrenatzailek osatu dute talde teknikoa eta gure aldetik beste bost partaide aritu dira zuzendaritzan. Erronkaren atzean sekulako kudeaketa eta koordinazioa dago».

Hasiera batean erronka Oriotik Bilbora joatea zen, baina entrenatzen joan ahala –kasik urtebete eman dute entrenatzen– entrenatzaileek ikusi zuten erronka motz geratuko zela eta joan-etorria egitea erabaki zuten. Oriotik Bilbora eta buelta.

Kirol mailan erronkak daukan pisuaz aparte, “Zergatik ez?” erronkak parte hartzaile bakoitzaren eta taldearen beraren barrenak astindu ditu. «Askotan gure buruari mugak jartzen dizkiogu ezertan hasi baino lehen. Alde horretatik, parte hartzaile guztioi sekulako indarra eman digu, argi ikusi dugulako lana eginda, ahaleginarekin eta konstantziarekin, espero gabeko gauzak lor daitezkeela. Arraunaz ezer ez genekien eta oso talde anitza ginen; adinez, bizimoduz, batzuk kirolean arituak, besteak sekula aritu gabeak... Bizi esperientzia oso indartsua izan da. Nahi pertsonala nahi kolektibo bihurtu dugu eta balentria handia lortu dugu».

Ahalduntze ariketa izugarria izan da. «Taldeko parte hartzaile asko ari da aipatzen orain daukan sentsazioa sekula ez duela izan. Fisikoki indartsu sentitzen direla eta baita emozionalki ere. Orokorrean oso indartsu sentitzen gara, oso pozik, lana eginez lortu dugunaz harro. Pertsona bezala hazi egin gara», nabarmendu du Gozategik.

Herri mailan ere gertaera handia izan da, nahiz eta hasieratik ez duten haizea alde sentitu. «Hasiera gogor samarra izan zen, ez genuelako bultzada handia sentitu. Pentsa, ez dugu lortu emakume patroirik izatea, azkenean gizon bat joan da patroi gurekin! Erotuta geundela esaten ziguten, ez genuela lortuko, errenditzeko... Alde horretatik, gogorra izan zen konfiantza falta hori. Gero, ikusi dutenean serio gindoazela, oso negu gogorra izan arren hor segitu dugula euriarekin, kazkabarrarekin... pixkanaka aldaketa bat izan da herrian eta serio ari ginela sinistu dute». Azkenean, baina, horri ere buelta ematea lortu dute. «Bukaeran jende asko etorri zait zoriontzera eta barkamena eskatzera. Adibidez, 70 urtetik gorako gizon bat gerturatu zen esanez hasieran ez zuela proiektu honetan sinisten eta gure kontrako apustua ere egina zuela. Baina ikasi duela emakume talde batek zerbait egingo duela esaten badu, egin egingo duela. Eta ez duela gehiago kontrako apusturik egingo, galdu egingo duela bestela».

Bakoitzak «zergatik ez» propioak

Orio ez ezik, beste herri batzuk ere astindu dituztela sentitzen dute. «Gogoratzen naiz Ondarroan emakume talde bat gerturatu zitzaigula esanez gure erronka bultzada handia izan zela. Bakoitzak bere ‘zergatik ez’ propioak ditu, egin nahi dituen baina egiten ez dituen gauza asko; antzerkia egin helduaroan, dantzan ikasi edozein adinetan... Nire inguruan badut 74 urteko emakume bat, hasieratik gure ondoan egon dena. Hark esaten dit orain, zerbait proposatzen diotenean, ‘zergatik ez?’ esaten diola bere buruari. Gizakiok, gure buruko mugak kentzen ditugunean, sekulako gaitasuna daukagu», esan du Gozategik.

Esan bezala, urtebeteko prestakuntza eta gero, uztailaren 12an abiatu zuten erronka. Lehen etapa, Orio-Bermeo. Bigarrena, Bermeo-Bilbo. Hirugarrena, Bilbo-Ondarroa. Eta, azkena, laugarren egunekoa, Ondarroa-Orio. Aurreikusi bezala, lau egunetan osatu zuten bidea, nahiz eta tartean sortu zen korapilorik. «Lehen egunean goizeko zazpietan abiatu ziren Oriotik. Bat-batean haizea sartu zen eta itsasoa erabat zakartu zen. Sekulako olatuak sortu ziren eta ura sartu zitzaien txalupan belaunetaraino. Getaria parera iritsi zirenean barrura sartzea erabaki zuten, sekulako itsasoa zegoelako. Arratsaldeko lauak arte zain egon ziren, itsasoari begira. Une batean etapa hori bertan behera uztekotan ere egon ziren. Dokumentalak jasotzen du une hori, arraunlariak burumakur ageri direna. Baina, azkenean, eguzkia atera eta itsasoa baretu egin zen. Eta aurrera segitu zuten. Gaueko bederatzietan iritsi ziren Bermeora. Gainontzeko hiru egunak oso onak atera ziren eta aurreikusitako ordutegian joan ziren», azaldu du Iban Egiguren dokumentalaren egileak. Traineruaren ondo-ondoan egin ditu lau egunak eta lau gauak, une guztiak bere kamerarekin jaso nahian. Horrez gain, airetik irudiak hartu dituzten droneak ere erabili ditu.

Droneak aireko irudiak hartzeko

«Hasieratik ikusi nuen erronka dokumental batean jaso behar zela. Historian lehen aldiz egin du Orioko emakume talde batek horrelako balentria eta hori jaso beharra zegoela garbi neukan. Droneak erabiltzeko aukera ere garbi ikusi nuen, euskal kostaldea zoragarria delako airetik begiratuta. Sekulako irudiak lortu ditugu», esan du.

Irudi ikusgarriez gain, dokumentalak arraunlarien sentipenak ere jasotzen ditu. «Oso-oso bizipen berezia izan da. Emakume horiek lortu dutena sekulakoa da. Urtebetean arraunean ikasi eta bere buruari jarritako erronka bete dute. Ni ere asko hunkitu naiz dokumentala grabatzeko orduan».

Eta, orain, zer? Amaia Gozategiren hitzetan, «niri pertsonalki eta taldeko beste kide batzuei gustatuko litzaiguke arraunean segitzea, ez konpetizioan, zaletasunagatik baizik. Baina arraunak azpiegitura oso konplexua behar du, hori da arazoa. Ea zer egiten dugun».