Xabier Izaga Gonzalez
KALEA GUZTIONA DA

Zumaiako horma batean margotu eta berehala ezabatutako 90 muralen historia

Bi urte eta erdi bete ditu Kalea Guztiona Da ekimenak, espazio publikoaren erabileraren gaineko eztabaidan denek parte hartzea aldarrikatzen. Zumaiako Udalak, harekin norgehiagokan, baimenik gabeko pankartak, kartelak eta muralak debekatzeko erabakiari eusten dio udal ordenantza bat atera bitartean.

Zumaiako Euskaraldia antolatzeko Batzordeak herritarrengana hurbildu eta informazioa emateko asmoz, egun osoko izen emate festa egin zuen joan den larunbatean. Herrian eta herritik kanpo gero eta ezagunagoa den horma batek bat egin zuen ahalik eta “ahobizi” eta “belarriprest” gehien bildu nahi dituen ekimenarekin, hamaikagarrenez –zehatzago, laurogeita hamargarrenez– mural bat jantziz. Ez da erraza izango margoa bertan ikustea, horma horretako muralek nekez irauten baitute 12 orduz. Hala ere, baliteke honezkero Erribera kaleko 91. murala margotuta edo margotzear egotea.

2016ko otsailean Zumaiako alkateak prentsa ohar baten bidez iragarri zuen herrian ezingo zela ez kartelik, ez pegatinarik, ez pankartarik, ez muralik jarri, eta horrelakoak agertuz gero, egunero-egunero ezabatuko zituztela. Halaber, debeku horren inguruko ordenantza bat onartuko zuela iragarri zuen. Ordenantza egin bitartean, egunero muralak eta gisako adierazpen guztiak ezabatuko zituztela ere esan zuen. Hura ikusita, herriko zenbait lagunek bildu eta testu bat idatzi zuten. Herriko eragileei aurkeztu zieten eta herriko 33 taldek beren atxikimendua agertu zuten. UGTk izan ezik, sindikatu guztiek, sostengatu zuten agiria. Horiez gainera, herriko gazte mugimendua, Gure Esku Dago dinamika, talde feminista, herriko musikarien kolektiboa, zenbait enpresatako langile batzordeak eta talde gehiagok ere beren adostasuna agertu zuten. Idatzi hark “Kalea Guztiona Da” zuen izenburu, eta izen horixe izango zuen orduan sortu zen ekimenak ere. Batzar publiko bat egin eta haren ostean taldea sortu zuten.

Debekuaren aurreko galderak

Talde hark zioenez, herriko jende askori kezka eragiten zion «baten batzuek azken boladan kalean dena arautu eta are zigortu nahi izateak», eta zenbait galdera plazaratu zituen: «Hari-mutur asko dauzka kartel, pankarta, pegatina eta pintaden gaiaren matazak, eta zer muturri tira, askoz gehiago dira mataza ez korapilatzeko egin beharreko galderak». Horietako bat zen ea pintada eta grafitiek noiz uzten dioten baldarkeria izateari, eta noiz artea. Halaber, galdetu zuten zilegi al den zentsura «herri-hirien estetika beti subjektiboaren izenean», zer den egokiagoa, zigorra ala pedagogia, eta elkarrenganako errespetua nola lantzen den, «norberaren libertateak norberaren etxera murriztuta ala tolerantziaren bidetik ahalik gutxien urratuta?».

Axier Lopez Kalea Guztiona Da ekimeneko kidea da. Erribera kaleko historia horretan arakatzeko laguntza eskatu diogu. «Muralak egin dugun gauzetako bat dira, agian bai kanpora begira bai herrian bertan zabalpen handiena izan duena. Iragarritako ‘mozal ordenantzaren’ zirriborroa publiko egin zuen Udalak, baina egin gabe ere kartelak eta haren baimenik gabe egindako beste edozein adierazpide grafiko ezabatzen zituen egunero garbiketa brigadak. Esate baterako, hilketa matxista bat salatzeko, pankarta jartzeko baimena eskatu behar diozu politikari bati. Edo hurrengo musika kontzertua iragartzeko kartela pegatzeko». Dioenez, ez dituzte edukiak bereizten, «maila berean jartzen dute faxismoa goraipatzeko astakeria agertzen duen pankarta bat eta matxismoa salatzen duen kartela. Biak dira zentsuragarri; haien ustez, biak dira zikinak».

Ekimenak dioenez, erabaki hori oso lotuta dago turismoarekin. Argudio nagusia da herri txukun eta garbi bat egin nahi dutela. «Zikina deitzen diote herriko eragileek eta herritarrek komunikatzeko daukaten bitarteko ia bakarrari. Berdin da zer jartzen duen, denak dira zikinak eta, horrenbestez, zentsuragarriak», dio Lopezek.

Udal Gobernuak bide horri eutsi eta berehala hasi zen Kalea Guztiona Da taldea lanean, Udalari arazoari irtenbide bat emateko prestasuna agertuz. Udalak, ordea, eztabaidari uko egin ziola diote. Badira bi urte eta erdi pasa erabaki haren aurkako salaketa jarduerak egiten hasi zirela: kalejirak, zentsura salatzeko pankartak, muralak, jaiak... Pankartek eta muralek ez zuten luzaro irauten, baina luze gabe beste batek ordezten zuen aurrekoa, gaur egun ere badirauen norgehiagoka horretan.

Debekuaren aurrean, galderak

2016ko ekainaren 11n margotu zuten lehenengoz Erribera kaleko horma famatua, eta bi egun geroago marroi kolorea itzuli zen bertara. Egun batzuen buruan, skate parkeko horma erraldoian umeek eta helduek margotutako panel koloretsua ere kendu zuten. Bigarren murala Udalarekin adostasunak bilatzeko esku luzatua irudikatzen zuen margoa izan zen, eta hori ere ezabatu zuten. Ondoren Picassoren “Guernica”-ko zaldiaren eta argiaren erreprodukzioaren txanda izan zen, eta herriko pareta edertzen zuten beste hainbatena.

Denborak aurrera egin zuen eta lau hilabete igarota, besteak beste alkateari aurreko legegintzaldian herritarrei protesta gisa zabor poltsak kalera ateratzeko deia egin izana aurpegiratu zioten, eta «alkate bilakatu bezain pronto debekua eta inposaketa besarkatu» izana.

Hurrengo hilean, Erriberako horma gorriz margotu zuen Kalea Guztiona Da taldeak, eta hori ere estali zuten ohiko marroi koloreaz. Hitzokin salatu zuten muturreko jarrera hori: «Debekua hain tristea ez balitz, tarteka barre egingo genuke, egoera surrealistak sortzeko duten gaitasunagatik. Gorria ere errudun eta bere delitu larria hauxe: gorria gorri izan aurretik alkateari baimenik eskatu ez izana».

Denen arteko eztabaidaren bila

«Adierazpen askatasunaren mugen inguruko eztabaida gosea baino zaharragoa da –dio Lopezek–, non hasten den eta non bukatzen den, eta gaur egun, tamalez, oso bizirik dago eztabaida hori. «Guk esan genuen ez dugula konponbidea, baina eskubideak ukitzen dituen gai bat izanda, konponbidea bezain garrantzitsua da bidea; alegia, denon artean erabaki behar dugu espazio publikoa, guztiona dena, nola erabili, zein diren adostasunak eta mugak». Eztabaida horren beharra kaleratu eta herritarren artean zabaltzeari ekin zioten praktikaren bidez. Hartara, ordura arte naturaltasunez egiten zena egiten jarraitu zuten: kartelak jartzen, sindikatuak lan baldintzen gaineko pankartak eskegitzen edo mural polit bat margotzen, «egun argiz, ahalik eta jende gehiena erakarrita eta beti ere umorea eta sormen handia erabiliz».

Udalak gai horretaz hitz egiteko deitu zuen bilera publiko bakarrean –eragileei eta herritarrei bere asmoaren berri emateko– 50 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten, eta eragileak oso kritiko agertu ziren Udalaren jarrerarekin.

Buruz burukoren bat ere izan omen dute alkatearekin. Axier Lopez bera izan da bitan Euskadi Irratian berarekin solasean eta bertan publikoki esertzeko gonbita egin diote, baina ezetza jaso dute. Lehen Interneten bidez zenbait mezu gurutzatzen zituzten, alde batekoek zerbait idatzi eta bestekoek erantzun egiten zuten, baina azken urte eta erdian «badirudi horretaz ez hitz egitea erabaki dutela», dio Lopezek, «gaia ideien mailan galdutzat jota, ahalik eta zarata gutxien sor dezan». Baina debekuari eutsita.

Herri ekimenaren asmoa politika egiteko era «ilun eta bertikal» hori salatzea da, «zenbait lagunek lau pareta artean horrelako erabakia hartu izana». Eta konponbidea benetako eztabaida prozesu bat zabaltzea litzatekeela dio, herritarren eta eragileen parte hartzea duena, «eta bakoitzak defenda dezala bere iritzia, baina debekuen bitartez eta adierazpen askatasuna murriztuz ezin da ezer konpondu; aitzitik, horrek arazoa handitu besterik ez du egiten».

Azken urte hauetan, arazo beraren inguruan, Estatu espainolean adierazpen askatasunaren aurkako zenbat gertaera izan diren ekarri du gogora Lopezek, umorearen, sare sozialen, kulturaren edo espazio publikoaren arloetan, eta batzuek zigorraren eta debekuen bitartez konpondu nahi dutela dio. Beste batzuek, berriz, pedagogiaren, hizkuntzaren eta parte hartzearen bidez konpondu behar dela uste dute, bestela ez baita konponduko, «historiak erakutsi duen bezala».

90 mural

Erribera kaleko hormako lehen muralari, esan bezala, beste batek jarraitu zion, eta hura ezabatutakoan, beste batek… 90 izan arte. Oraingoz. Eskuarki murala margotu eta hamabi bat orduren buruan pareta marroi agertzen da. Edonola ere, Baleike.eus albistegian ikusgai daude mural guztiak, baita haien gaineko azalpena, bestelako lan eta jarduerak, eztabaidak, hausnarketak eta proposamenak ere. «Erriberakoa da berehala garbitzen edo zentsuratzen duten herriko pareta bakarra», dio Axier Lopezek, «Alde Zaharrean edo beste auzo batzuetan bazabiltza, betiko pintadak ikusiko dituzu, gaztetxoren batek espraiz eginak: Te amo Laura eta horrelako gauzak. Baina molestatzen duten bakarrak, antza, besteak dira, eta hor desmuntatzen da garbitasunaren kontua. Berdin zaie. Nahi dutena da kontrola izan, eta beren baimenik gabeko mural bat, oso artistikoa izanda ere, ezabatu egiten dute. Horretan tematu dira. Egun batetik bestera ezabatzen dituzte, baina ez denak; badaude urtebete pasa duten pintadak».

Muralen gaiak askotarikoak dira, sarritan aktualitateari lotuak, Euskal Herriko eta munduko errealitatearen ikuspegiak, artista eta liderren erreferentziak, denek ere ukitu artistiko ukiezina dutela. Mikel Laboa, JoxAnton Artze, Imanol Urbieta, Zumeta, Frida Kahlo margolari mexikarra, Corto Maltese komiki pertsonaia famatua edo Franco agertu izan dira, zein bere testuinguruan, jakina. Eta Kataluniako lazo horiak, borroka feminista, pentsiodunen aldarrikapenak, “Manada” delakoaren gaineko epaia, haur motxiladunak edo langileen borroka ere badira muralen zenbait motibo.

Mural horietan jende askok parte hartu izan du, tartean Zumaiako, Euskal Herriko eta kanpoko artista ugarik. Askotariko jarduerak antolatzen dituzte sarritan, murala margotzen duten bitartean agertoki horretara biltzen den jendeak ondo pasa dezan, hala nola kontzertuak, antzerkia… beti ere espazio publikoa erabiltzeko eskubide osoa dutela aldarrikatzeko.

Ezkutuka ibili gabe

Gaur egun, bi urte eta erdi igarota, ez dago udal gobernuak iragarritako ordenantzaren berririk, «tiradera batean gorde dute», Lopezen ustez seguru asko Kalea Guztiona Da ekimenaren arrakasta ikusita. Baina kartelak ezin dira Udalak esandako lekuetatik kanpo jarri, pankarta bat jartzeko baimena eman behar du alkateak, eta berak esango du zer lekutan eta zenbat denboraz egon behar duen.

Muralak egun argiz egiten dituzte, eta batzuetan udaltzainak bertatik igarotzen dira, inoiz alkatea bera ere bai, eta beste aldera begiratzen dutela dio Lopezek. Aurten, Martxoaren 8a zela-eta, zenbait mural egin zituzten Erriberako horman eta tren geltokira doan tuneleko hormak margotu zituzten. Udaltzainak handik pasatu ziren, baina ez zuten isunik jarri. Martxoaren 8 horren bezperan, herriko mugimendu feministak margoak ezabatu izana salatu zuen: «Emakumeek egun argiz eta jai giroan koloreztatutakoa, gauez eta grisez zentsuratzeko agindu du alkate gizonak. Martxoaren 8a ate joka dugula, berdintasunaren bidean ‘ekarpen paregabea’ egin dute Zumaiako agintariek». Eta haien salaketa margoen ezabaketatik harago zihoan: «Kalea Guztiona Da-ko emakumeok ere ez dugu inoren oniritzia behar matxismoaren aurka eta egiazko berdintasunaren aldeko aldarria espazio publikoan zabaltzeko. Udalak publikoki esan du Kalea Guztiona Da-k Zumaiako emakume feministak engainatu dituela grebaren harira egunotan egin dituzten ekimenetan. Alegia, herriko emakumeak ez omen dira gai beren erabakiak bakarrik hartzeko eta beste batek esandakoa baino ez dute egin, txotxongiloen pare. Emakume feministen pentsatzeko, sentitzeko eta ekiteko gaitasuna ezabatuz».

Bestetik, iaz eta aurten herritarrek aukeratutako 12 muralez osatutako egutegi bat egin dute. Iaz milatik gora egutegi saldu zituzten. «Zentsuratu dizkiguten irudi horiek milatik gora etxetan egongo dira urte osoan zehar», dio Axier Lopezek.

Pedagogia

Ekimen horrekin, gaiak dauzkan ertz desberdinen arabera, praktikaren bidez pedagogia egiten saiatzen dira eragileekin batera, «eta baimenik eskatu gabe. Hori baita atzean dagoena. Zeinek agintzen du hemen? Zeinek du zer den ona edo txarra, zer den zikina edo garbia esateko ahalmena?». Gainera, Lopezek dioenez, gai hau ez dago hauteskunde programan ere. «Eurek diote agintean daudenez, eurei dagokiela gai hori bideratzea, eta guk ez dugu ukatzen eurei dagokiela hori kudeatzea, baina ez debekuetan oinarrituta. Eta eskubideez ari garela, adostasunak bilatu behar dituzte. Kasu honetan, gainera, nahi izan dutena egin dute. Inork ez du hori bozkatu, ez baitzuten aipatu ere egin, ez debekua, ez ordenantza. Non dago zilegitasun politikoa, non zilegitasun soziala? Bozketan ez, eta egongo balitz ere, gu kontra egongo ginateke, ez gaudelako debekuekin ados, eta are gutxiago, egin duten moduan».

Joan den martxoan Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin grabatu zuten “Kalea denona da” abestiaren bideoklipa Erriberako pareta famatuaren aurrean, eta duela hiru aste aurkeztu zuten 200 ume, guraso eta beste lagun askoren aurrean, murala egiten zuten bitartean. Kalejira batek gaztetxea, Erribera kaleko pareta eta Oxford aretoa lotu zituen, Marimotots eurekin zihoala. Bideokliparen aurkezpenaren ostean, hauxe idatzi zuten Kalea Guztiona Da taldeko kideek: «Mila esker parte hartu zenuten guztiei eta atzo hurbildu zineten denei. Baita alkateari ere. Bere zentsura eta debeku grisik gabe, ez genuen hau bezalako egun eta jende polita ezagutzeko eta gozatzeko aukerarik izango. Arazoak borobilean konpontzen dira. Gora koloretako mundua!».

Horixe nabarmendu nahi du Axier Lopezek ere, bukatu baino lehen. Hiru urteotan bizi izan duten esperientzia «praktika oso itsusi baten ondorio» dela dio, zentsura hala baita, baina hari esker, zerbait oso polita sortu dela dio. Halaber, esperientzia horretatik asko ikasi eta hausnartzeko aukera izan dutela. «Pedagogia egin behar dugula esaten dugunean, esan nahi dugu ez dela kanpora begirako kontu bat, geure buruari, herri munduari eta kalea erabiltzen duen jendeari begira ere hausnarketa egin dezagun deia ere bada, kalea nola erabiltzen dugun, eta mezu bat konpartitzeko, gizarteratzeko, zer bide erabiltzen ditugun. Dena ez da zilegi, ni ere horrekin ados nago, guk sormena erabiltzen dugu, egun argiz egiten ditugu gauzak, gauzak ilun eta ezkutuko bihurtu gabe, eta umore puntu batekin, askotariko formatuak erabiliz. Asko aipatu ditugu muralak, baina kartel erraldoi moztuak ere erabili ditugu, edo pankartak, lelo desberdinak… gure txikitasunetik beste buelta bat eman diogu horri guztiari. Goazen geure burua ere interpelatzera, eztabaida planteatzerakoan geure buruari esanda: nola erabiltzen dugu kalea gure ideiak, aldarrikapenak edo ametsak edo pozak partekatzeko? Praktikaren bitartez, baina ikus dezagun zein den biderik eraginkorren eta atseginena».

Alaitasuna eta umorea

Orain arteko balantze baikorra egin du Lopezek: «Tira, oso polita izan da, denbora pila bat eskaini diogu, sortu egin dugu, hasieran haserrea eta amorrua ere ematen dizu, eta askotan horregatik saiatu gara alaitasun puntua eta umorea erabiltzen». Izan ere, margotu eta segituan zentsuratzeko kiribil horrek batzuetan sutu egiten dituela dio, «eta horri buelta eman nahi genion».

Ekimeneko kideek diotenez, lagun asko ezagutu dute, kanpoko jende asko joan da eurengana eta beraiekin batera gauzak egiteko eskatu diete; beste batzuk margotzera joan dira, musika eta kultur eragile ugarirekin harremanetan jarri dira... «gure artean ere bai, oso polita izan da taldea sortzea». Izan ere, hor dauden kide gehienek ez zuten elkar ezagutzen.

Kalea, arazoak konpontzeko zein ondo pasatzeko leku gisa. Adierazpen leku gisa.

Udala, eskaerak aztertzeko prest

Zumaiako Udaleko komunikazio arduradunak berretsi egin dio GAUR8ri oraindik ez dagoela udal gobernuaren debekuaren gaineko ordenantzarik.

Dioenez, Udala zabalik dago proposamenak jasotzeko; alegia, 2016ko otsailean iragarri zuen bezala, pintada bat egin edo kartel bat jarri behar izanez gero, prozedura batzuk jarraitu beharra dago. Udalean eskaera bat aurkeztuz gero, hori aztertzeko prest dago, «borondate guztia dauka, beti ere baimen batzuk eskatu behar direla kontuan hartuta, espazio publikoari dagokionez».

Udala espazio publikoaren erabileraz herriko eragileekin hitz egiteko prest dagoen ez dugu jakiterik izan, alkatearekin edo udal gobernuko norbaitekin hitz egiteko aukera bertan behera geratu baita, udalaren aldetik agenda kontuak eta guretik edizioa ixteko muga direla-eta.