Ion Salgado
infraganti

EDUARDO ALSASUA

Egun hauetan Eduardo Alsasuaren margolan errealistak ikus daitezke Irantzu Lekuek sortutako ARTgia Sorgune Aretoan. Gasteizen banako erakusketa burutzen duen lehenengo aldia da, eta bere lana Judimendiko auzokideei erakusteko aukera eman dio horrek. Datorren urtean beste erakusketa bat antolatuko du Espazioa aretoan.

Margolan batzuetan zaila da margolariak esan nahi duena antzematea. Askotan badirudi arte abstraktua ikusle gutxi batzuei zuzenduta dagoela, begirada kritiko edo berezia ezinbestekoa dela koadroan agertzen dena ulertzeko. Errealismoarekin ez da hori gertatzen. Errealismoan ez dago interpretaziorik, ez asko behintzat, eta edonork uler dezake margolanetan ikusten duena. Edonork azal ditzake ARTgia Sorgune Aretoan egun hauetan ikusgai dauden koadroak, Eduardo Alsasua pintore gasteiztarrarenak.

Erakusketak “Paseoa auzoan zehar” du izena eta oso berezia da berarentzat. Izan ere, banako erakusketa bat egin duen lehenengo aldia da, eta bere estudiotik gertu gainera, Judimendi auzoan, «horregatik darama izen hori». «Nire auzokideei irekiko natzaie erakusketa honi esker. Batzuek ez dakite margolaria naizenik eta dakitenen artean askok ez dituzte nire koadroak ikusi. Ez dakite nolakoa den nire lana», azpimarratu du, erakusketak harrera ona izan duela gehituta. «Inaugurazioa bikaina izan zen, aretoa beteta zegoen».

Bere senide eta lagunek askotan esan diote Gasteizen banako erakusketa bat egin behar zuela baina, bere hitzetan, Arabako hiriburuan ez da erraza margolan erakusketa bat antolatzea. «Oihaneder jauregian bertako artea sustatzeko laguntzak daude, baina ez dira nahikoak. Hiriko gune publikoak nahiko hermetikoak dira», kritikatu du, diru kontua dela nabarmenduta. «Guneak existitzen dira, guneak badaude, baina ez dago dirurik erakusketak antolatzeko, hori da diotena», gaineratu du.

Eta egoera horri aurre egiteko sortu berri diren ekimen pribatuak goraipatu ditu. «Gasteizen artean lan egiten duen jendea badago, eta hori ez da ikusten. Horregatik garrantzitsuak dira Irantzu Lekuek sortutako ARTgia bezalako aretoak, azken urteetan aurrera eraman diren ekimen pribatuak. Eta oso zaila da gune bat mantentzea, eta are gehiago gune hori erabiltzea beste artisten lanak erakusteko. Zoriontzeko lana egiten dute», esan du bokazioa umea zela topatu zuen artistak.

Txikia zenetik

Gogoratzen duenez, bere aitari gustatzen zitzaion margotzea, eta 14 urte zituenean sartu zen Gasteizko Arte Eskolan. Gero batxiler artistikoa egin zuen eta ondoren Arte Ederren Fakultatean matrikulatu zen. Ikasketak 2007. urtean amaitu zituen eta ordutik ez du atsedenik hartu. Banako erakusketak egin ditu Urretxun, Basaurin, Dulantzin, Ondarroan, Ortuellan eta Erriberrin, eta hainbat talde-erakusketatan ere hartu du parte. Euskal Herrian eta espainiar Estatuan antolatzen diren lehiaketetan sariak ere jaso izan ditu. Beti bere lan errealista erakutsiz.

Antonio Lopez pintore ospetsuaren katalogoak etxean edukitzea erabakigarria izan zen bere estiloa zehazteko, alegia, errealismoa hautatzeko. Berak, beste margolari errealistek bezala, egiten dituen koadroak errealistak izateko premia dauka, «mundu erreala edo mundu bisuala» erakutsi nahi duelako; eta hori ez da erraza izaten. Margotzen dituen koadroak prozesu luzeen ondorio dira, eta argazkien kopiak dirudite. Zazpi hilabete behar izan zituen, esaterako, erakusketan ikusi ahal den koadro handiena pintatzeko, eta egunero bost ordu baino gehiago igarotzen ditu bere tailerrean, pintatzen.

Alsasuak zortea dauka. Bere bizitza arteari lotuta dago. Ez du beste leku batean lan egin beharrik eguneroko gastuei aurre egiteko. Dena den, aitortu duenez, margolari baten lana ez da estudioan amaitzen. «Enkarguak egin behar ditut eta adi egoten naiz lehiaketetan parte hartzeko. Dosierrak egin behar dira, datak kontuan hartu... esan dezaket margolanei esker bizirik irautea lortzen dudala», dio ironiaz, lehen klaseak ematen zituela gaineratuz.

Etorkizunari begira, Alsasuak beste erakusketa bat dauka buruan. Berriro Gasteizen. Jose Cosek sortutako Espazioa aretoan egingo du, baina oraindik ez du data zehaztu. Dioenez, erakusketa martxoan irekitzea espero zuen, baina ARTgia gunean dagoen erakusketaren arrakasta ikusi ondoren nahiago du pixka bat itxaron. «Nire ustez, ez dauka zentzurik koadro berberak erakusteak. Nahiago dut beste erakusketa atzeratu margolan berriak erakusteko. Jendearentzat interesgarriagoa izango da ere», adierazi du.

Eta ez lioke uko egingo bere obra atzerrira eramateari. «Gustatuko litzaidake, eta ezagutzen ditudan artistak beren kabuz joan dira egiten diren azoketara. Niri galeria baten eskutik joatea gustatuko litzaidake, horrek interes bat dagoela agerian uzten duelako»; hori esan eta beste margolari batzuekin Txinara joateko aukera bat baduela iragarri du. Hala ere, nahiago du horri buruz asko ez hitz egin, oraindik ere zehaztu ez den proiektu bat delako. Bitartean berak lanean jarraituko du, argazkien pareko bereizmena duten margolanak egiten, Judimendin duen tailerrean; arte errealista aldarrikatzen eta goraipatzen, museotan ikusi ahal diren beste estilo batzuen aurrean. Izan ere, errealismoa bigarren plano batean geratu dela-eta kritiko ageri da Alsasua. «Margolanei transmititzeko indarra kendu zaiela dirudi»; horra bere artistaren kritika. •